Forondako aireportuak gaur berreskuratu du H24 kategoria. Zazpi urte joan dira Espainiako Gobernuak aireportuaren ordutegia mugatu zuenetik, krisi ekonomikoaren ondorioz, kostuak murrizte aldera. Orain, zama hegaldiez gain bidaiarientzat ere aukera gehiago zabalik daudela nabarmendu dute erakundeek.
2018an Forondako aireportuak 58.000 tona merkantzia mugitu zituen eta 129.808 bidaiari. Charter hegaldiak alde batera utzita, Ryanair konpainia da hegaldi erregularrak eskaintzen dituen bakarra. Gaur gaurkoz, Sevillara, Tenerife hegoaldera, Palmara, Koloniara eta Bergamora eskaintzen ditu hegaldiak. Iazko abenduan, aireportua turismoaren sustapeneko "funtsezko pieza" bihurtzera zuzendutako ekintzak bideratzeko Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean hitzarmena sinatu zuten.