Bizitzak eta lurrak, AHTaren 'albo-kalteak'

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko api. 7a, 09:40
Iñigo Hernandez eta Aritz Albaina, Lautadak AHTrik ez plataformako kideak. E.U

AHTaren kontra 7.000 alegazio bildu zituzten Lautadan hogei egunetan, eta eskualdea erditik zatituko duen asmoaren aurrean oposizio handia dago. Arabako Haranetan ere "zentzugabekeriaren" aurrean altxatu dira bizilagunak. Tren lasterrak ekarriko dituen ondorioen berri eman diote ALEAri kaltetuek.

Lautadako herri txiki ugariren sarreran eta etxe gehienetan zintzilik dago AHTaren kontrako banderatxo zuri-beltza: Langarikan, Azilun, Burgun, Gazeon… Oposizio handia piztu du eskualdean Abiadura Handiko Trenak. "Kezka handia dago hemen; proiektua ezagutu eta berehala 7.000 sinadura jaso genituen, hogei egunetan. Sustapen Ministerioan aitortu digute inoiz jaso duten alegazio kopururik handiena dela". AHTaren kontrako plataformako kide eta Langarikako bizilaguna den Aritz Albainarekin eta Munaingo Iñigo Hernandezekin hitzordua du ALEA aldizkariak, proiektuaren nondik norakoak kaltetuen ahotik ezagutzeko.

Nafarroako Sakanan sartu eta gero, Lautada punta batetik bestera zeharkatuko luke AHTak, Espainiako Sustapen Ministerioak iaz aurkeztu zuen alternatibaren arabera. Ordura arte, Nafarroaren eta Euskal Y-aren arteko lotura Ezkion, Gipuzkoan, egitea aurreikusten zuten, baina azken orduan aldatu dute plana. Bi aukeren artean luzeena da Lautada erdibitzen duena, baina erakundeen arabera ingurumen kalte txikiena eragiten ei duena da, eta egiten merkeena.

Lautadako kaltetuek, aldiz, ekonomikoki eta sozialki bideragarria ez den egitasmoa dela uste dute. Onurarik ez duela ekarriko azaldu dute, eta gainera, lurraldea birrinduko duela. Are gehiago, Albainaren eta Hernandezen esanetan, Lautadako herri ugariren etorkizuna kolokan jarriko du AHTak.

Hainbat herri itoko lituzke tren lasterrak lautadarren hitzetan: "Ibargurenen eta Urabainen etxeetatik hogeita hamar bat metrora pasatuko da; beste herri batzuk azpiegitura erraldoiez inguraturik geratuko lirateke: autobia, AHTa eta gaurko trenbidea… Erabat isolatuta geratuko dira, ezingo da bertan bizi!". Ehunka nekazaritza lur eta labore ere jango ditu azpiegiturak, eta eraikuntza obrak egiten diren bitartean herrien arteko bideak eta soroetara zein inguruko mendietara joateko sarbideak itxiko dira.

Gainera, inguruko baso-irlak eta korridore naturalak hondatuko direla salatu dute Hernandezek eta Albainak, eta Done Jakue bidea, Posta bidea eta Ignaziotar bidearekin batera, aztarnategi arkeologiko garrantzitsuak ere kaltetuko dituela tren lasterrak. "Arabako Lautada osoan hoberen gorde den tenplu erromanikoa, Arraraingo San Joan baseliza, hormigoiaren azpian desagertuko dute", esan du Albainak. 

Aramaioko eta Sanabriako lagunen bizipenak

AHTaren inguruan informazioa biltzeko antolatu dituzten batzarretan aukera izan dute bertatik bertara ezagutzeko tren lasterrak orain arte zapaldu dituen hainbat herriren bizipenak; eta ikaratuta daude. Aramaioko Lierni Altuna alkatearekin izan dira, eta Sanabriako (Zamora, Espainia) bizilagunen testigantzak ere jaso dituzte. Kontatu dietena "beldurgarria" dela dio Hernandezek: "Aramaion obrak hamar urtez luzatu dira, eta oraindik egin dizkieten kalteak konpontzeko borrokan dabil alkatea, Madrilen eta Gasteizen; herriko bideak moztu dituzte, ezin ziren baserrietan sartu… Sanabrian ere sekulako txikizioa egin dute. Bertako lagun batek kontatu zigun herriko zuhaitzak bota zituztela, hirurehun urte zituzten haritzak! Eta, gero, eraikuntza enpresek saldu zituzten zuhaitz horiek. Mafia bat bezala funtzionatu dute".

Desjabetzeak ere kezka iturri dira. Izan ere, plataformako kideek salatu dutenez, erakundeek "trikimailuak" erabili ohi dituzte, ahalik eta merkeen edo ezer ez ordaindu gabe nekazarien eta kontzejuen lurrak okupatzeko, eta kaltetuen eskaerak saihesteko informazioa ezkutatzen dute. "Ustelkeria eta trapitxeo hutsa da", esan du Hernandezek.

Lautadan, batzar, hitzaldi eta mobilizazio garrantzitsuak egin dituzte iragan urtetik, eta Kuadrillako udal guztiek mozio bat onartu dute; batzuk AHTaren Lautadako egitasmoa arbuiatuz, beste batzuk azpiegitura bera errefusatuz. "Aguraingo udalbatzan Lautadako proiektuaren kontrako mozio bat onartu zuten. Ez dugu ulertzen guretzat nahi ez duguna besteentzat nahi izatea, baina tira, Aguraingo kasua kenduta, Lautadako udal guztiak AHTaren kontra daude". 

Informazio falta

Arabako beste muturrean, Komunioi, Leziñana Oka edo Manzanos herrietan ere, agerikoa da AHTak sortu duen ezinegona, eta kartelak zein pankartak ikus daitezke, "tren sozialaren" aldekoak eta azpiegitura erraldoiaren kontrakoak. Giroa apalagoa da herri hauetan, baina aurrera doa bertan sortu duten Arabako Haranetako AHTrik Ez plataformaren lana. Quintanilla de la Ribera herrira hurbildu da ALEA, Ribabellosatik hamar bat kilometrora, Manzanoseko Lidia Alvarez, Mentxu Zamorano eta Guillermo Ruiz de Alegriarekin, Ribabellosako Endika Ruiz de Loizagarekin eta LeziÒana Oka Consuelo Barriusorekin hitz egiteko, eta gertutik ezagutzeko AHTaren inguruan bertako kaltetuek duten irudipena.

Lautadan bezala, iaz aurkeztu zuen Espainiako Sustapen Ministerioak ere AHTaren Burgos eta Gasteiz arteko ibilbidea, eta Arabako Haranetan izango duen inpaktua agerian geratu zen. Kaltetuko dituen Berantevilla, Erriberabeitia, Zanbrana, Erriberagoitia eta Iruña Okako bizilagunek "kasualitatez" jakin zuten haien lurrak zulatu behar zituela AHTak, inork ez baitzuen Batzar Administratiboa informatu. Horrenbestez, alegazioak aurkezteko estu eta larri ibili dira: "Ribabellosan alegazioak aurkezteko epea amaitzeko bi egun falta zirenenean jabetu ginen gainean etortzen zitzaigunaz. Ez dakigu jendeak alegazioak aurkezteko denbora izan duen", aitortu du Ruiz de Loizagak. 

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 189 zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

Erlazionatuak

[BIDEOA] AHTak kaltetuko dituen herrietan barrena

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019 api 06 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide