Arabarren %65ek aitorpen negatiboa izango dute aurtengo errenta kanpainan, eta, hortaz, Diputazioak zergetan ordaindutako diruaren zati bat itzuli beharko die, foru erakundeak berak egindako aurreikuspenen arabera: batez bestean 987 euro izango direla kalkulatu dute.
Ohi bezala, apirilaren 5ean hasiko den kanpainan Rentafacil modalitatea erabiliko dute: 115.000 inguru etxetara aurrez egindako aitorpenak bidaliko dizkiete, "inoizko kopururik handiena", erakundearen hitzetan.
Aurten, alokairuan bizi diren 30 urtetik beherako gazteei %30 arte handitu diete etxebizitza gastuei lotutako kenkaria. Modu horretan, urteko 2.400 euro arte desgrabatu ahal izango dituzte. Egoera horretan 1.800 gazte inguru daudela uste du Diputazioak.
Bestalde, 4.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi direnek kenkari handiagoa izango dute, eta landa eremuan ohiko etxebizitza erosten dutenek ere %20 kenkari gehiago izango dute (30 urtetik beherako gazteen eta familia ugarien kasuan %25 arte handitu dute portzentajea).
Kudeaketak "errazagoak, irisgarriagoak eta azkarragoak" izango direla zirtatu du Diputazioak, eta, horretarako, zerbitzu berriak prestatu ditu. Batetik, doako telefonoak erabili ahal izango dira zenbait kudeaketa egiteko: Rentafacil proposamenak onartzeko edo horiek aldatzeko hitzordua eskatzeko 900 111 202 telefonora deitu ahal izango da, eta Ogasuneko bulegoetan aitorpena egiteko hitzordua eskatzeko, berriz, 900 111 203 zenbakira. Sakelako telefonoetarako aplikazioa ere prestatu dute, hitzordua eta zerga datuak eskatzeko.
Ondarearen gaineko zergaren kanpaina ere abiatu dute. 1.540 arabarrek egin beharko dute aitorpen hori: 2 milioi euro baino gehiagoko ondasun edo eskubideak dituztenak edo 800.000 euro baino gehiagoko ondare garbia duten lagunak, hain zuen. Hauen partez 17,5 milioi euro jasotzea espero dute; batez bestean, 11.364 euro inguru bakoitzeko.