"Bestearekin elkartze-une labur bat, antzoki baten iluntasunean, keinu baten, hitz adierazgarri baten babesa besterik ez dagoela". Carlos Celdran antzerkigile kubatarrak Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, martxoaren 27an, aipatutako "elkartze-une" berezi horrek ehunka lagun batzen ditu astero Arabako taulen inguruan. Taula horiek mugiarazteko beharrezko indarrik ba al dago, ordea? Nolakoak dira taulatik kanpo ikusten ez diren uneak? Arte eszenikoak bizimodu dituzten hainbat lagunekin izan da Alea; antzoki gaineko eta, batez ere, atzeko poz eta nekeak ezagutu ditu Unai Lopez de Armentia, Pilar Lopez, Javier Alkorta Txortas eta Julio Cortazarren eskutik.
Astero astero, ofizioaren harimutur desberdinei heltzen die Mertxe Guillen kazetariak Radio Vitoria eta Radio Euskadiko uhinetatik. El útimo apuntador saioari esker, arte eszenikoen ekoizpenen inguruan lanean dabiltzan dozenaka lagun ezagutu ditu. Eskenak –Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkarteak– bultzatuta, inguruko jarduera eszenikoen berri ematen hasi zen, eta, geroztik, bost denboraldi egin ditu. "Denek hitz egiten zuten obra handien inguruan, estreinaldien inguruan, baina konturatu ginen inork kontatzen ez zuen lana zegoela atzetik, eta ezagutzera emateko beharra zegoela". Aktore eta zuzendariekin batera, programatzaile, banatzaile, makillatzaile edota argitzaileak igaro dira irratsaiotik, makineria handi baten katebegiak."Inguruan sekulako profesionalak ditugula deskubritu dut programarekin, tipi-tapa euren bidea egiten ari direnak. Emaitza bakarrik ikusten dugun arren, antzerki obra sortzea sekulako sormen lana da, esfortzu fisikoa batzuetan eta ekonomikoa sarri". Lan horretarako, baina, behar besteko babesik ez dutela uste du: "Ez dut uste industria osasuntsua denik hau, ez Araban ez inon. Besteak beste, laguntza publikoen beharra dutelako sortu eta lan egiteko; oso zaila da laguntza behar ez duen konpainiarik aurkitzea. Eta azken urteetako murrizketak pairatzen ari dira oraindik".
Artisten lana babesteko hartu daitezkeen neurrien artean, produkzioak sortzeko espazio publikoak proposatu ditu. "Antzoki ugari ditugu Gasteizen, baina ekoizpen bat izan arte hutsik daudenak. Beharbada horiek artista egoiliarrekin nola bete pentsatu daiteke, haien lanak prestatzeko ganorazko leku bat izan dezaten".
Pauso bat harago joan da Javier Alkorta Txortas aktore eta TAE Gasteizko antzerki eskolako gidarietako bat. "Indarra badago, jende asko dago lanean, baina zergatik ezin dira indarrak batu proiektu interesgarriagoak sortzeko?". Haren ustez, arte eszenikoek hauspoa berreskuratu dezaten "erakundeen benetako apustu bat" behar du Arabak. "Oso erraz egiten dugu Mendizorrotza eta Buesa Arena handitzeko apustua. Zergatik ez arte eszenikoetarako halakorik? Ez dut halako eraikinik eskatzen, hiritarrak harro sentitzeko moduko apustu bat baizik; Santa Mariaz edota Baskoniaz harro sentitzen diren modu berean, antzerkiaz ere harro senti daitezen".
Atzera begira, garai batean Gasteizen eskaintzen zen antzerkia gogoratu du. Besteak beste, Tadeusz Kantor ikusi zuen Guridi antzokian 1982. urtean, polonieraz, eta Frantziako Maguy Marin koreografoaren lana bi urte beranduago. "Ikusteko zailak ziren piezak etortzen ziren. Kantor, ziurrenik, profesiokoak ez direnek ez dute ezagutuko, baina Europan antzerkia ulertzeko modua aldatu zuen, mugarri bat izan zen, eta hemen izan genuen". Programazioak programazio, urte hauetan "aukerak galdu" egin direla uste du TAEko kideak. "Zer gertatu da denbora guzti honetan horrek arrastoa ez uzteko? Zergatik ez dago gazterik Principalen? Ez dut uste programazioaren ardura soilik denik; ofizial itxurako guztiak atzera egiten du, eta hori tristea da, eta jorratu beharreko gaia". Gazteak lan klasikoetara eta garaikideetara erakarri behar direla uste du Alkortak, eta horretarako estrategia bat behar dela dio.
"Beharrezkoa da gaitasun kreatiboak gehitzea ahalbidetuko duen motore bat"
Antzerkira erakartzeko lanean 40 urte bete ditu TAEk, profesional zein zaleentzako aukera desberdinekin. "Norberak gustuko aldea bilatuko dio antzerkiari; dudarik gabe, hainbat alde esnatzen ditu antzerkia egiteak: sozializatzeko aukera, autoestimua... eta ez da zertan profesional izan behar", azaldu du Alkortak. Besteen aurrean zaren moduan agertu, eta egindakoa erlatibizatzeko aukera ere badela uste du: "Askorentzat, euren egoera bideratzeko modu bat da hau; eskolan bullyng kasuak izan dituzten haurrak izan ditugu, hemen diren moduan agertu eta inork ez dituelako epaituko".
Antzerkia profesioa izatea aukeratu dutenen artean, berriz, Pilar Gil, Marcos Marin, Iñaki Rikarte edota Julio Cortazar igaro dira TAEtik. "Nik hemen deskubritu nuen aktore izan nahi nuela; Carmen Ruiz irakaslearekin izan zen, haren jolas eta ariketen bitartez", gogoratu du Cortazarrek. Cristina Rotaren eskolan jarraitu zuen ibilbidea, urte batzuk beranduago, Madrilen, eta Teatro de la Abadiara egin zuen jauzi ostean. Valle Inclanen Ligazón obrarekin gerturatu zen antzerkira, eta Martin-Santosen Tiempo de silencio du esku artean azkenaldian. "Antzerkia gustuko dut, haren alde egin dut apustu eta lan egiten jarraitzen dut, baina egia da ofizio duinaz dugun irudia askotan bertan behera geratzen dela, egin nahi ez direnak egin behar izaten direlako". Gizartea eta kulturarentzat "ezinbesteko osagaia" da antzerkia, baina ez dago kulturaren aldeko "apustu seriorik", Cortazarren ustez. "Herritarrek antzerkia ezagutu eta antzerki-gosea izan dezaten, inbertsioa egin behar da, eta hori da falta dena".
"Makalaldia"
Julio Cortazarren antzera, arte eszenikoetan Arabatik kanpo murgildu zen Unai Lopez de Armentia. Ingalaterra eta Alemanian hainbat urte egin eta gero, Gasteizen areto bat irekitzea pentsatu zuen, Garazi arrebarekin batera. "Gure alorrean aukera bat bilatzeko zakar zegoen egoera, eta, aldi berean, leku independente eta alternatibo baten beharra zegoela ikusi genuen; orduan, Baratza aretoa martxan jartzea pentsatu genuen, duela sei urte". Bertako konpainiek euren lanak prestatzeko gune bat dute han, Gasteizko Aldabe plazan, eta laguntza teknikoa edota formazioa ere ez dira falta. Ibilbidean atzera begira, aurreikuspenak gainditu dituztela nabarmendu du Lopez de Armentiak: "Sorkuntza lanei dagokionez eta publikoak eman duen erantzunari dagokionez, oso positiboa da ibilbidea; bestelako emaitza da negozioari dagokionez, ordea...". Kulturak herrialdean "makalaldia" bizi duela uste du, eta benetako "inplikazioa" eskatu die agintean daudenei. "Ez dut uste espazio fisiko gehiago behar duenik Gasteizek, bete gabe dauden antzokiak betetzeko inplikazioa baizik".
Antzerkiak bete behar duen lekuaren bila, eremu artistiko ezberdinetako sortzaileen arteko hartu-emana sustatzea garrantzitsua dela uste du Teatro Paraiso antzerki taldeko Pilar Lopezek: "Beharrezkoa da topagune hau bideratuko duen kultur zein arte zentro bat garatu, probokatu ala iradokitzea; diziplinarteko topaketak eta gaitasun kreatiboen gehiketak ahalbidetuko dituen motore bat".
TAErekin batera, duela 40 urte jarri zuten martxan Paraiso, haur eta gazteentzako lan eszenikoak sortu eta zabaltzeko xedez. "Dena egiteke zegoen, eta auzo-antzerki talde bat sortu genuen. Ordutik, antzerkia gure etxea izan da, bertan hazi gara, eta artearen plazetara gerturatu gara antzerkiaren eta haurren eskutik", gogoratu du Lopezek. Hala, Europa mailan haurrentzat eginiko dramaturgia garaikide esanguratsuetan lan egiteko aukera izan dute; eta, besteak beste, Erpurutxo ikuskizunaren italierazko bertsioarekin bira egin berri dute Italian, Espainian eginiko 3.050 funtzioen ostean.
Celdranek irudikatutako "elkartze-une" berezi horietako bat izan dute oraintsu Paraison, Felipe Tramoistaren eskutik. Tartean taldearen Ghero, Jose Luis Gomezek antzeztutako Unamuno edota Yayo Caceresek zuzendutako Todos hieren y una mata ere izan dira elkarrizketatuen ahotan, kateatuko dituzten beste lanen zain.