Polemika piztu du berriro San Prudentzio eta Estibalizko jaietako kartelak

Erredakzioa 2019ko mar. 18a, 10:55
Kartela aurkeztu zuten aurreko ostiralean. AFA

Aurten, lehenbizikoz, 'San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren Jaia' goiburuaren partez, 'Arabako Jaiak' jaso du kartelak.

Sare sozialetan polemika pizten ari da herrialdeko jaiak iragartzeko kartelean San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren Jaia goiburuaren ordez, Arabako Jaiak jaso delako. Arabako patroien izenak desagertzea salatu dute hainbat txiolarik; beste batzuek, ordea, aldaketa babestu dute, eta nabarmendu dute San Prudentzioren eta Estibalizko Andre Mariaren erreferentziak jasotzen dituela kartelak.

Arabako Foru Aldundiak jaiak iragartzen duen kartelaren lehiaketaren oinarrietan jaso zuen berritasuna, eta hala islatu du kartelaren lehiaketaren irabazle Dani Urraca ilustratzaile gasteiztarrak. Urracak Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak antolatutako Hiretu Hiria 2019 galaren kartelaren egilea da edo FesTVal Jaialdiaren azken edizioko kartelaren autorea, besteak beste. Gainera, duela gutxi Tolosako Inauterietako kartel alternatiboen lehiaketa irabazi zuen. Guztira, 26 lan aurkeztu zituzten Arabako Aldundiaren lehiaketara.

Ez da lehenbiziko aldia San Prudentzio eta Estibalizko Andra Mariaren kartelaren inguruan polemika sortzen dela. Izan ere, 2015. urtean Barraskiloa operazioa izeneko ekimena antolatu zuten, San Prudentzio eta Estibalizko Andra Mariaren jaiak iragartzeko kartela aukeratzeko metodoa kritikatzeko. Lehiaketaren epaimahaian diseinu grafikoan aditu arabarrik ez egotea salatu nahi izan zuten egitasmo horrekin.

Hurrengo urtean, 2016an, lehiaketa esleitu gabe utzi zuen epaimahaiak. 
 
 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide