Garoñan arriskurik ez dela egon dio Espainiako Gobernuak

Juanma Gallego 2019ko mar. 4a, 12:11
Eraiste lanetan dagoen arren, istripu asko azaleratzen ari dira Garoñan. / PHOT.OK

Gaur argitaratu dute Gorteetako Aldizkari Ofizialean iaz zentral nuklearreko bi estoldatan aurkitutako kutsadurari buruz gobernuak emandako erantzuna: "ez zen arriskurik egon". Gardentasun falta kritikatu du Juan Lopez de Uralde diputatuak.

 

Iazko ekainean Garoñako zentral nuklearreko bi euri-estoldatan Zesio-137 isotopo erradioaktiboaren aztarnak atzeman zituen CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak, eta azaroan eman zuen ALEAk horren berri, CSNk orduan argitaratu baitzuen gertakariaren jasotzen zuen ikuskaritza-akta.

Informazio horretan oinarrituta, galdera egin zion Espainiako gobernuari Equo alderdiko parlamentari Juan Lopez de Uraldek (agiria, hemen). Gaur argitaratu dute erantzuna, Espainiako Gorteetako Aldizkari Ofizialean.

Bertan gobernuak dio urrunago dauden beste estoldatan neurketak egin zituztela, eta horietan ez zela kutsadura aztarnarik aurkitu. "Ez zen arriskurik izan langileentzat edo publikoarentzat", dio erantzunak. Gobernuak gogorazi du Garoña eraiste lanetan ari direla orain, eta edozein anomalia "berehala" atzemango litzatekeela.

Ez dira izan uda horretan izandako gertakari bakarrak. Otsailaren 22an hiru istripu azaleratu zituen ALEAk. Horren harira, zentral nuklearraren eraiste lanei jarraipena egiteko dagoen instituzio arteko batzordearen agerraldia eskatu du EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean.

Gardentasun falta

Gobernuaren jarrerari buruz galdetuta, Lopez de Uraldek gaiaren inguruan dagoen "gardentasun falta" kritikatu du. "Zentral nuklearretan izandako edozein gertakariari buruz galdetzen dugunean gertatu ohi den modura, erantzunak ez du informazio gehiegirik eskaintzen jazotakoaren inguruan", azaldu du diputatuak. "'Langileentzat zein publikoarentzat arriskurik ez zela egon' generiko baten bidez ixten dute kontua", kexu mintzo da diputatua. "Garoña itxita egon arren, zentralak kutsadura erradioaktiboaren arriskua suposatzen du oraindik, eta gertakari hauek ideia hori berresten dute".

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide