Iaz hilabete eskasean Garoñako zentral nuklearrean jasotako hiru istripuren berri eman du ezagutzera orain CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak. Iazko udan gertatutako istripuak dira, eta agiria iazko urrian sinatuta dagoen arren, joan den asteazkenera arte ez dute zabaldu. Azpiegitura nuklearretan egiten dituen ikuskaritza agiriak argitaratu behar ditu CSNk, legeak hala behartuta.
Uztailaren 20an izan zen lehen istripua, erakin batetik bestera bi iturri erradioaktibo mugitzen ari zirenean. Beharginek gurdi baten gainean jarri zituzten iturri horiek, bata bestearen gainean, lotu gabe, eta lurrean zegoen konkor baten erruz, goian zegoen iturria lurrera erori zitzaien. Berunezko ontzitik atera zen barruan zegoen zesio-137ko kapsula, eta hori babesten zuen beira ere apurtu zen. Laguntza iritsi bitartean, berunezko tapaki bat jarri zuten kapsularen gainean. Zunda baten bitartez 100 µSv/h-ko aktibitatea neurtu zuten. Kutsadura bi ordutan garbitu zuten.
Abuztuaren 2an izan zen bigarren istripua. Egun horretan, dekantatzaile batean jasotako lokatzak biltzeko bidoi batek gainezka egin zuen. "Beharginei ahaztu egin zitzaien betetako bidoia kentzea eta horren ordez bidoi berria jartzea. Horrela, fardel berri baterako lokatza botatzean, 50 litro isuri ziren lurrean", deskribatu dute agirian. Lokatz hori biltzeko eta eremutik kutsadura kentzeko lanek 3 ordu inguru iraun zuten. 493 µSv/h izan zen neurtutako erradiazioa. Zuzendaritzak ez zuen ikusi gertakaria jakinaraztearen beharra.
Handik hamabost bat egunera, abuztuaren 17an, beste istripu bat izan zuten. Kasu horretan beharginak konturatu ziren lokatza jasotzeko ontzi bati aparra zeriola. Agiriak jaso du 150 µSv/h-ko erradiazioa neurtu zutela eremuan, eta 52 Bq/cm2-koa azalean. Ia hamabi orduz egon ziren ingurua garbitzen, 8,5 Bq/cm2 baloreetara iritsi arte. Istripua ikertzean ondorioztatu dute lokatzetako bakterioen jarduera kontrolpean izateko erabiltzen den ur oxigenatu gehiegi bota zutela, baina ez omen zutela kontuan hartu nahikoa espazio libre uztea ontzietan, ur oxigenatu horrek materia organikoarekin kontatuan egotean sor zezakeen maila igoerak aurreikusita.