Zesio-137a aurkitu dute Garoñako bi estoldatan

Juanma Gallego 2018ko aza. 21a, 15:13

Kutsadura ekainean aurkitu bazuten ere, CSNk astelehenean argitaratu du agiria. / ALEA

Kutsadura horren jatorria duela 33 urtera arte kontrolik gabe egondako aireztapen batean egon zitekeela uste du CSNk.

(Alea.eus) Zesio-137 isotopo erradioaktiboaren aztarnak aurkitu dituzte Garoñako Zentral Nuklearreko bi euri-estoldatan. Turbinaren eraikineko teilatuko urak jasotzen dituzte bi estolda horiek. CSNren arabera, estolda horietatik beherako uretan ez da erradiazio aztarnarik aurkitu. Kutsadura horren jatorria 1985. urtera arte eraikin horretatik haizagailu bitartez kanporatzen zen airean egon daitekeela uste du CSNko ikuskatzaileak, urte horretara arte aire hori kontrolik gabe ateratzen zelako zentraletik.

Joan den ekainaren 26an atzeman zuten zentral nuklearraren kanpoaldean baina kontrolpeko eremuan kokatuta dauden bi estoldatan, baina joan den astelehenera arte CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak ez du zabaldu horren berri ematen duen ikuskaritza-agiria. ALEAk agiri hori jaso du.

Ikuskatzailea joan eta hurrengo egunean aurkitu zituzten kutsadura aztarnak, barruan zeuden lurrak espektrografia bidez aztertu eta gero. 0,0243 Bq/gr eta 0,0534 Bq/gr neurtu zituzten lagin horietan; estolden kontroletako prozedurak ezartzen dituen mugak gainditzen zituzten kopuruak, alegia. Estolda batetik 5 kilo lokatz atera zituzten, eta bigarrenean zehaztu gabeko beste 80 kilo material. "Erregistratutako masen aktibitatea ikusita, zs-137ko aktibitate osoa 185 Bq zirela zenbatu liteke, 5 nanoCi-ren parekoa", zehazten du agiriak.

Zentraleko arduradunek erabaki zuten gertakaria ez jakinaraztea, beherago kokatutako estoldetan erradiaziorik aurkitu ez zutela argudiatuta, eta Ebro ibaira egon zitekeen isuria oso txikia izango litzatekeela esanez. Halere, ikuskaritza-agirian ikuskatzaileak Garoñako zuzendaritzaren kalkulu hori "erabat kontserbadoretzat" jo du.

Kutsadura horren jatorriari dagokionez, kontrolik gabeko aire irteera batean egon zitekeela uste dute. Horrela azaldu dute agirian: "1985. urtera arte, jatorrizko diseinuari jarraiki, turbinaren eraikinaren estalduran gas efluenteen isurirako bide bat egon zen, kuantifikatu gabekoa, airea ateratzeko bi haizagailu modura". Urte horretatik aurrera, CSNk agindu zuen bide hori tximiniara bideratua izan behar zutela, beste isuriekin batera horien kontrola izateko. Ikuskatzaileak egindako hipotesiaren arabera, estola horietako baten egoera kaskarra izan zen ahalbidetu zuena zesioa lokatzera igarotzea, eta urak isotopo hori eraman zuen bigarren estoldaraino.

Bigarren agiri batean Garoñako langile batek izandako kutsaduraren berri eman dute. Maiatzen 2an jazo zer gertakaria, hondakinen behin-behineko biltegiko etxola batean. "Oso fina zen hauts" batekin kutsatu zen langilea, eta haren arropan kutsadura detektatu zuten, zehazki, 2 Bq/cm2. Kutsadura hori biltegia garbitzeko erabilitako uretan zegoela uste dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago