"Gaur egun Txanogorritxu argitara ematea zaila litzateke; argitaletxe askok ez lukete onartuko". Haur literaturak hartu duen bidearekin kezkatuta agertu da Txabi Arnal. "Umearen aisialdiaren alde txepelena ari da hartzen literatura. Zineman edo bideo-jokoetan egon daitekeen alde ausarta, transgresorea ez dago; balio subertsiboa desagertu da literaturatik". Eta antzeko joera antzeman du Edu Zelaietak. "Abentura, umorea, beldurra... faltan botatzen ditugu, literatura azken batean, autentikoa dena". Gasteizko Elkar dendan egin du topo ALEAk eurekin, elkarrekin idatzi duten Torlojuak ipuina haurrei aurkeztu berritan. Idazleak, Gasteizko Irakasle Eskolako irakasleak eta gurasoak dira biak, eta, hain zuzen, horiek dira, euren ustez, haur literaturak dituen "gaitz" handienak: "gurasoak, irakasleak eta pedagogia".
Liburu dendako inguruko apaletan nagusi dira "umeen emozioak" lantzen dituzten liburuak, eta ez hainbeste haur literatura klasikokoak. Haur liburu asko dago merkatuan, baina haur literatura gutxi, Arnal eta Zelaietaren esanetan. "Inteligentzia emozionala da orain jorratu beharrekoa, modakoa, eta horren araberako enkarguzko literatura da nagusi. Ikaskizun edo helburu didaktiko bati erantzuna emateko sortutakoak dira. Baina horren beharrik ba al dago? Literatura ona baldin bada, emozioz beterik dago, berez", gogoratu du Arnalek. Sorginekin, munstroekin, otsoekin edota Frankensteinekin "benetako beldurra" sortzen duten liburuak desagertzen joan direla dio, "eta, aldiz, umeak beldurrari aurre egiteko hamaika liburu aurki ditzakezu apalategietan". Adibide hori beste edozein gaitan ere eredu nagusia dela aipatu du. "Maiz topatuko ditugu Aitorrek bi ama ditu moduko tituluak, eta, aldiz, gutxitan narrazioaren testuinguruan bi ama dituen ume bat".
Gai desberdinak modu naturalean "pirotekniarik gabe" eskaintzen dituen literatura faltan botatzen du Zelaietak, eta horren atzean "gainbabesa" dagoela uste du: "Gehiegizko babesa alor guztietara eramaten ari gara; eta gehiegizko babesak desbabesa dakar". Haren belaunaldiko guraso askok egiten dutela dio, "asmo onekin, baina ondorio txarrekin". Literaturan zer da, ordea, gehiegi babestea? Egokitasunaren izenean, gai deserosoak baztertzea eta halako istorioen aurrean ez jartzea "arazo larri bat" dela uste du Zelaietak: "Egokitasunaz debate interesgarria egin daiteke, baina gaur egun batez ere gainbabesaren lupatik begiratzen zaio literaturari, eta hori akats handi bat da; gehiegi babestuta egotea irreala da".
"Gehiegizko babesa alor guztietara eramaten ari gara, eta horrek desbabesa dakar"
Egokitasun "zorrotz" horren adibide ugari dituzte bi idazleek, baita euren lanak publikatzeko garaian bizitakoak ere. Espainiako argitaletxe batekin Arnali azkeneko egunetan gertatutakoa adierazgarria izan daiteke. "Idazlan bat bidali dut eta argitaletxeak erantzun dit gustatu zaiela, oso originala dela, baina ezin dutela argitara eman 'culo' hitza tituluan daramalako; titulu horrekin ezin omen dute atzerrian saldu". Hitz horretan ez dago irainik –El culo de Carola– Arnalen arabera, "eta aldiz ez dute joku fonetikoa ikusten, nik buruan nuena". Zelaietaren arabera, "gaizki ulertutako politikoki zuzena" den beste erabaki bat da hori, askotan idazleak autozentsuratzera eramaten dituzten erabakiak. "Politikoki zuzena den hori olagarro handi bat da, eta askotan beste batek eskua sartu baino lehenago zentsuratzen du norberak".
Kasketalditik, ipuina
Seigarren haur ipuina kaleratu du Eneko Etxegarai haur hezkuntzako irakasle eta ipuin kontalari gasteiztarrak, eta ez du "artazia"-ren mehatxurik bizi orain arte. "Egia da ni idazten hasi nintzenean ez zela publikatzeko helburuarekin egindako lana izan, eskolan banatzeko ipuina baizik, eta horrek bestelako lasaitasun bat ematen duela; hurrengo liburuetan, egia esan, askatasun handia izan dut editore eta argitaletxearekin", kontatu du ALEA FM saioan egindako elkarrizketan. Irakasle gisa, ipuinetatik gertu izan da beti Etxegarai, lan euskarri modura, baina semeak bi urte zituela izan zuen kasketaldi bat izan zen idazten hasteko arrazoi nagusia: "Afari hartako kasketaldiari aurre egiteko kontatu nion ipuin batekin ekin nion abentura honi".
Geroztik, sei lan kaleratu ditu Eduardo Rodriguez ilustratzailea lagun. Nondik nator?, Ilunpearen sekretua edo Ez dut txerrikumea izan nahi izan dira argitaratu dituenetako batzuk, eta Izarren bila lan berria du esku artean. Hain zuzen, ipuinei omenaldi txiki bat egin nahi izan die azken honekin. Eñaut eta Ihintza haurrak dira abenturan protagonista, Marixa amonaren baserrian asteburu-pasa oraingoan; amonak prestatutako jolas eta ipuinekin asteburu ederra igaroko dute. Erakargarria izango den hasiera-gakoa aurkitu eta amaiera berezi bat ematea dira Etxegaraik idazten hasteko dituen abiapuntu nagusiak, betiere idazleak berak gozatzea haurrek goza dezaten bilatzeko: "Disfrutatzea izan behar da helburu nagusia, nire ustez, gai zehatz baten inguruan idatzi eta pedagogikoak izateko helburuarekin tematu gabe; hortik aurrera, uste dut gai desberdinez hitz egin dezakegula haurrekin ere, askatasun osoz. Haurrek istorio politekin disfrutatzen dute, eta horrek izan behar luke garrantzitsuena".
Puagg! ipuina aurkezteko egin zituen lehenengo kontalari lanak umeen aurrean. "Ipuina aurkezteko ez nuen beste modurik ikusten; babestuago sentitzen nintzen haurren artean, beste idazle batzuekin mahaian egin baino, eta hala izan da ondoren ere". Haurrak publiko "zorrotza" direla azaldu du Etxegaraik, eta arreta bereganatzeko hainbat estrategia landu ditu: "Askotan zaila izaten da, bat aztoratzearekin nahikoa izaten delako guztia hankaz gora jartzeko; gertatu izan zait, eta dantzan amaitu dugu denok".
"Disfrutatzea izan behar da helburu nagusia, helburu pedagogikoekin tematu gabe"
Etxegaraik moduan, haurrak nahasten direnerako "arma" desberdinak ditu prest Erika Likete ipuin kontalariak. Horien artean, magikoa izaten da txirula. "Arreta galtzen ari direla ikusten dudanean edo baten bat aztoratzen denean, txirulak edo kanta batek ondo funtzionatzen dute", azaldu du Gasteizko Astrolibros liburu-dendan egin duen ipuin saioan. Sorgina Txirulina pertsonaiaren bitartez, adi adi ditu haurrak barazki eta animalia desberdinen istorioak entzuten: "Uste dut edozein gai ekar daitekeela oholtzara, baita haurrentzat ere; adinaren arabera, moldatu behar izaten da, eta animaliek aukera bikaina ematen dute euren bitartez hamaika esperientzia kontatzeko".
Enpresa batentzat ipuin pertsonalizatuak idazten ari zela, aukera izan zuen haurrentzat idazteko, eta, geroztik, sorginarekin hiru urte daramatza saio batetik bestera. Ipuinekin haurrek gozatzea du lehentasuna, pedagogiari garrantzia kentzen ez badio ere: "Dena eginda eman beharrean, halere, gustatzen zait iradokitzailea izatea, umeak ikusi dutenaz konturatzea eta beraien ondorioak ateratzea, mezu propioak".
Kontalari sentitzen da Likete, baina Musika eta ipuinak liburua ere argitaratu du, haurrek eta gurasoek elkarrekin gozatu eta euskara ikasteko liburu berezia; euskaraz ez dakiten gurasoekin hainbat tailer eskaintzen ditu Arabako ikastoletan, eta osagarri moduan prestatu du liburua. "Asko disfrutatzen dut haurrekin, eta harritzeko duten gaitasunarekin; niri ere familian ipuin ugari kontatu dizkidate eta horrek arrasto bikaina uzten du".