Inauteriak, magiaz betetako festak

Mirian Biteri 2019ko ots. 28a, 14:00

Egilea: Julen Ortiz de Zarate Amirola.

Kuartango eta Ilarduia, Andoin eta Eginoko herri inauterien ostean, Zalduondo, Kanpezu eta Salcedokoak izango dira egunotan.

Aurtengo herri inauteriei otsailaren 9an, Kuartangon hasiera eman bazieten eta Ilarduian, Egino eta Andoin herrietan pasa den aste bukaeran egin zituzten arren, toki gehienetan datozen egunotarako antolatu dituzte ekintza gehienak.

Zalduondon, igandean, martxoak 3, erreko dute Markitos. Urtero bezala, kolorez apaindutako gurdi baten gainean agertuko da 11:30ean, traje beltzez jantzita. Herriko kaleetatik eraman ostean, zutoin batetik zintzilikatuko dute eta herri bazkaria egingo dute; hori amaitzean, berriz ere, kalera joango dira, predikadore, errauts banatzaile, kale garbitzaile, musikari, agure, atso, hartza, ardi eta porreroekin lagunduta. Kalejira bukatzean, panpina erreko dute.

Toribio, errekara

Santikurutze Kanpezun, ostera, inauterietako asteartean botako dute Toribio Ega errekara, ito dadin. Katxiruloek makila batetik zintzilik eramango dute lastozko panpina eta, epaitu ostean, ibaira botako dute. 19:00etan dago eginda han urteroko hitzordua.
Beti bezala, Salcedon izango da inauteriak ospatzen duen azkenengo herria; martxoaren 9an, larunbata, egingo dute, 19:30ean. Oiloak lapurtu eta bestelako gaiztokeriak egiten dituen porreteroa epaitu egingo dute egun horretan; eta jipoitu ostean, herriko garbitokiko teilatura botako dute putreek jan dezaten.

Gasteizen, 26 konpartsa

Betiko moduan, herri inauteriaz gain, bestelako mozorro jaiak gauzatuko dira herrialde osoan, eta baita Gasteizen ere. Bertan, pasa den asteartean eman zioten hasiera egitarauari, konpartsen aurkezpenarekin. Aurten, 26 konpartsek parte hartuko dute larunbata arratsaldean eta igande goizean egingo diren desfileetan; hain justu ere, hiriko ikastetxeetako guraso, auzo, kultura edo bestelako elkarteetako 6.989 lagun irtengo dira, guztira, mozorrotuta.  

Ohi bezala, askotarikoak izango dira konpartsa horiek guztiek jorratuko dituzten gaiak: Abetxukuko inauterietako konpartsa, esaterako, zingartxuko-z joango dira eta Egibide-Nieves Cano ikastetxeko gurasoen elkartekoak, berriz, Kirolbide Rugby Cup-ez; Sansomendi-Ali Lagun Taldekoak erromatarrez jantziko dira eta Virgen de Guadalupe Extremadurako elkartekoek Erdi Arora bidaiatuko dute.

Desfileez gain, bestelako ekimenak ere izango dira hiriburuan. Ostegunean bertan, hilak 28, Ostegun Gizenaren harira, kalejira egingo dute haur abesbatzek hiriko kaleetatik; eta iluntzean, Plaza Berrian bildu eta Jose Uruñuelako dantzariekin, Udalaren Folklore Akademiako musikariekin eta bestelako abesbatzekin batera arituko dira.

Ostiralean, Kimuak, Iñausi eta berriak hazi ikuskizuna eskainiko du Indarra Kultur Elkarteak 20:30ean, toki berean;  inauteriak ospatzen 40 urte daramatzala ospatuko du taldeak horrekin. Neguaren amaierak eta gauzen berritzeak herrialdean alaitasuna eta koloreari bide ematen dion modua erakutsiko dute emanaldi horretan.

Larunbata goizean, bestalde, Gasteizko margolarien kalejira izango da, eta Ibiltariari mozorroa jantziko diote. Azkenik, sardina erretzearekin amaituko dira inauterietako asteartean ospakizunak; 18:00etan da, Plaza Berrian

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago