Igeriketa eta dantza arteko kirol ikusgarria

Mirian Biteri 2019ko ots. 23a, 06:00

Egilea: Urdantza

Araban ez da erraza igeriketa artistikoa praktikatzea, herrialde osoan klub bakarra dagoelako gaur egun. Gasteizen dago eta Urdantza du izena.

Klub gaztea da Urdantza. 2012 urteko udazkenean sortu zen Gasteizen, igeriketa artistikoaren edo sinkronizatuaren inguruan sortutako interesa zela eta. Hasieran, 37 neska baziren ere, gaur egun, 5 eta 18 urte bitarteko 70 bat igerilari ditu.

Kostata baina gora doan kluba da, eta horren erakusle da iaz infantil eta junior mailetako 19 igerilari federatu zirela lehen aldiz; modu horretan, Euskal Herriko igeriketa federazioak antolatzen dituen txapelketetan parte hartzen hasi ziren. Ez zen samurra izan, federatu ahal izateko proba bat gainditu behar izan zutelako aurretik: "Probak pasatu eta ofizialki hasi ziren igerilari arabarrak bizkaitarrekin eta gipuzkoarrekin lehiatzen. Aurrera pausu handia izan zen hori guretzako", azaldu du Urdantzako zuzendaritza batzordeko Agurtzane Zigaranek.

Lehiatzen, baina, lehenago hasi ziren: Arabako ligan, hain justu. Kontuan izan behar da, dena dela, herrialdeko klub bakarra dela Urdantza, eta hortaz, liga klubarena ere badela. "Euren artean lehiatzen dira. Ondo datorkie txapelketak zelakoak diren ikusten joateko eta Euskadiko txapelketara begira ikasteko", azpimarratu du. Bestalde, erakustaldiak ere antolatzen dituzte; hiruhileko bakoitzeko bana, gutxienez.

Gogor entseatzen dute kirol jarduera honetan. Txikienak astean hiru bider joaten dira ikasturtean zehar San Andres o Lakuako udal kiroldegietara bi orduko saioak egitera; uretakoak zein uretatik kanpokoak dira. Helduagoek, ostera, astegunetan, ostiralean izan ezik, egunero dituzte entseguak. Horrez gain, oporretan, hainbat egunetan ere elkartzen dira. "Gabonetan, esaterako, federatutako neskek teknifikazio saioak izan zituzten hiru egun jarraian, goizetan. Kanpoko entrenatzaile bat ekarri genuen egunerokoetan praktikatzen ez dituzten gauzak egiteko".

Entrenatzaile gutxi

Zigaranek adierazi du arazoak dituztela entrenatzaileak bilatzeko, kluba gaztea denez harrobirik ez duelako eta kirola bera "nahiko ezezaguna" delako: "Kanariar, sevillar eta donostiar bana ditugu orain taldeak gidatzen. Benetan, zaila da topatzea; horiek ordezkatzea da gehien kostatzen zaiguna". Baina, egoerari aurre egiteko bidea bilatzeari ekin diote, eta, datorren ikasturteari begira, junior mailako hainbat ikaslek izena eman dute begirale ikastaroa egiteko: "Igerilari nagusien artean gogoa eta ilusioa dago eta hori garrantzitsua da, harrobian dago eta etorkizuna", azpimarratu du.

Mutilei gonbita

Ez da esku artean duten erronka bakarra, mutilak erakartzeko ahalegina ere egiten dabiltza eta: "Duela urte gutxira arte, mutilik ez zegoen kirol honetan eta gurean, gaur egun, oraindik ere ez dago; eta kanpora lehiatzen joaten garenean bakarra ikusi dugu". Hala, jarduera ezagutzeko gonbita egin du: "Atea zabalik dago. Igeriketan badaude mutil asko, eta dantzariak ere badaude. Biak uztartzen dituen kirola da", nabarmendu du.

Kirol aberatsa da igeriketa artistikoarena, ez agresiboa uretan egiten delako. Besteak beste, mugimendua, malgutasuna, indarra, koordinazioa, sinkronizazioa, erritmoa, talde-lana edo mimika lantzen dira horretan. Horrekin lotuta, bi modalitatetan egiten dute lan Urdantzan: figurak eta errutinak. Azken horiek egiteko lehenago figurak ikasi behar dira. Bata zein bestearen ezaugarriak azaldu ditu Zigaranek: "Figura oinarrizko postura bat da. Errutina figura ezberdinez osatuta dago, musikaz eta koreografiaz lagunduta dagoena. Errutinak taldeka, binaka edo banaka egin daitezke. Beste modu batean esanda: alde teknikoena figurak dira, eta ikusgarrienak, berriz, errutinak". Zuzendaritza batzordeko kideak gaineratu du kategoria bakoitzak figura batzuk egiten dituela, eta mailan aurrera egin ahala, horien zailtasuna areagotzen doala.

Interesatuek igerian jakitea baino ez dute behar, eta klubean izena ematea. Bi bide dituzte horretarako: urdantzasinkro@gmail.com helbidera mezua bidalita edo 663 52 01 82 telefonora deituta. Amaitu aurretik, zuzendaritza batzordeko kideak eskerrak eman nahi izan ditu, bazkideen lankidetza gabe ezinezkoa izango litzatekeelako aurrera egitea.

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 183. zenbakian 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago