"Kanpora begirako loturak sendotu nahiko nituzke Artiumen"

Anakoz Amenabar 2019ko ots. 22a, 09:51
Daniel Castillejok utzitako zuzendaritza kargua hartu du Beatriz Herraezek. / E. Anda

Herritarrak artera gerturatu eta goza dezaten "erramintak jartzea" izango da Beatriz Herraez Artiumeko zuzendari berriaren erronka nagusietako bat. 

Motxila beteta, etxera bueltatu da Beatriz Herraez (Gasteiz, 1974). Arte garaikideko ikerlari eta erakusketa komisario moduan, besteak beste, Reina Sofia museoan, New Yorkeko Sculpture zentroan edota Donostiako Tabakaleran ibili ostean, Daniel Castillejoren lekukoa hartu du Artiumeko zuzendari modura. Artearen Historia eta Arte Ederretan lizentziaduna, urteetako eskarmentua baliatu nahi du Gasteizko zentro museoak nazioarteko praktika artistikoetan eragiteko, eta horiek, aldi berean, Artiumera erakartzeko.

Nolakoa izan da hasiera? Trantsizio urtea izango da 2019a?

Abenduan heldu nintzen, eta patxadaz ezagutzeko aukera izaten ari naiz. Lantaldea eta 2019rako prest zeuden proiektuak ezagutu ditut, poliki-poliki murgiltzen. Aurtengo programazioa itxita dago, noski, eta, beraz, pentsatu, ikertu eta proposamen berriak egiteko denbora izango dut datorren urtera bitartean.

Zerk erakarri zintuen Artiumetik, zure proiektua aurkezteko?

Ondo ezagutzen dut Artiumen bilduma, museoaren historia eta testuinguru artistikoa, hirikoa zein Euskal Herrikoa. Joan-etorrian ibili naiz beti, Madril, Paris eta Euskal Herriaren artean, eta kanpoan izan arren, hemengo artistekin elkarlanean askotan. Artiumen parte izateko aukera atera zen, eta pentsatu nuen, hain zuzen, modua zela nolabait ibilbidea hasi nuen tokira bueltatzeko. Arteari buruz idatzi nuen lehen testua Itziar Ocarizen obra baten ingurukoa izan zen, Arabako Arte Ederretako obra baten ingurukoa, gaur egun Artiumen bilduman dagoena. Joan-etorri honek zerbait interesgarria ekar dezakeela uste dut; zentro museoan egiten ari denari buruzko kanpoko ikuspegi bat aberasgarria izan daiteke elkarreragina lantzeko.

Lehen gainbegiratuan, aldaketa nabarmenak ala txikiak behar ditu Artiumek?

Hiri guztiek arte garaikideko ekipamendu bat izan nahi zuten euforia handiko garaietan sortu zen, baina desberdintasun handi batekin: Artiumek eraikinaren aurretik ondare bilduma garrantzitsu bat zuen. Orain, uste dut momentua dela pentsatzeko zer nolako harremana duen museoak  kanpoan egiten denarekin; hortik etor daitezke beharbada aldaketa txikiak, iraultza handiak ekar ditzaketenak. Pendiente dugun gaia da hori: nola jarri harremanetan EAEn egiten diren praktika artistikoak estatuan eta beste herrialde batzuetan egiten denarekin. Urte garrantzitsua da, gainera, Veneziako Biurtekoan bi euskal artista –Itziar Okariz eta Sergio Prego– eta komisario bat –Peio Agirre– izango direlako Espainiako pabiloian. Bada garaia euskal artea eta beste batzuen arteko elkarrekintza sendotzeko; eta Artiumen erronka nagusietako bat hori izango da, kanpora begirako loturak sendotzea. Beste alde batetik, bildumarekin lan egiteko modua izango da ikusi ahal izango den beste aldaketa bat; kronologia zehatzekin aurkeztuko dugu bilduma, eta ez hainbeste gaiaren arabera. Irakurketa horren bitartez, non gauden, nora goazen eta zer falta zaigun pentsatzen lagundu nahi dugu; alegia, bildumak pieza hauek ditu, baina hutsune hauek ere baditu, eta horiek markatu nahi ditugu.  

 "Kronologikoki aurkeztu nahi dugu Artiumen bilduma, 80. hamarkadatik hasita"

Lehentasunen artean izango da obra berriak eskuratzea?

Bai, bada apustuetako bat. Hainbat urte egon dira obrak eskuratu ezinik, eta hori berreskuratu behar dugu. Museo baten lana hori ere bada, ondarea osatzea. Guztion memoria den ondarea. Museoan murrizketa handiak izan dira, baina bada borondate bat erakundeen aldetik hori aldatu eta inbertsio handiagoa egiteko.

Unean uneko erakusketetan zer nahi zenuke ikusi? 

Museoa eta kanpoko harreman hori indartuko duten erakusketak ikustea gustatuko litzaidake. Harreman hori sendotuko dutenak, sinergia bila beti. Eta beti kronologia historikoari lotuta. 80-90 hamarkadetan hasiko dugu hurrengo urteko bildumaren erakusketa, momentu hori mugarri izan zelako eta aurrera eta atzera egiteko aukera ematen digulako. Garai horri berrikusi ahal izango dugu eta beste alor batzuetan egiten zen lanarekin lotu; musikan, praktika perfomatiboetan edota arte eskoletan gertatzen zena ezagutuko dugu, horiek guztiak erakusketaren diskurtsoan barneratuta egotea nahi dugu.     

Publiko gehiagora heldu nahi duzula esan zenuen aurkezpenean. Nola egiten da hori?

Arte garaikideetara gerturatzeko erraminta nahikoak emanez; publikoari ez zaio esan behar zer ikusi behar duen, baina ibilbide desberdinak proposatu behar zaizkio, artean murgiltzeko beharrezko gakoak publiko desberdinari. 90. hamarkadan aipatzen hasi ziren "hezkuntza biraketa" delakoak hori esaten zuen, hain zuzen: bitartekaritza lana. Alegia, erakusketa gunea ez da leku bat sartu zaitezkeena klabe batzuk gabe; mundu guztiak ez du formazioa artearen historian eta ez du ohiturarik arte garaikideetan barneratzeko, horregatik ezinbestekoa da erakusketen inguruko programa publiko bat: irakurketa gakoak, arterako sarrera gakoak, beste diziplina batzuen bitartez helduko diren ibilaldiak... Gasteizen, esate baterako, 80. hamarkada momentu garrantzitsua izan zen musikarentzat, eta interesgarria izan daiteke horren bitartez arte garaikidera heltzeko. Lan hori indartu nahi dugu.

 

Garai hauetan patxadaz erakusketa bat ikustea... Haize kontra zoazen sentsazioa duzu?

Askotan bai. Arte garaikideak ospe txarra izan du garai luze batez, leku hermetiko eta eskuragaitza balitz bezala, eta uste dut gauza guztietan bezala irakurketa gako batzuk behar dituzula baloratzera sartzeko. Baina kontzertu batera doana bezala; gero ona edo txarra den erabakiko duzu. Humanitateetan egon diren murrizketak honi ere eragiten dio, dudarik gabe, eta artea hondar-ikasgai moduan geratzen ari da oinarrizko ikasketetan. Une honetan, museo eta zentro askok pauso bat eman dute ideia hori tiraka; hezkuntza espazio izan behar dira museoak, debatea eta pentsamendu trukea sustatuko dutenak. Uste dut horra bideratu behar dugula Artium ere; pentsamendu kritikoa modu eraginkorren emango duen museoa, edo behintzat hara joko duena.

"Zentzu askotan erresistentzia eredu bat izan zen Montehermoso"

Genero ikuspegiak zer garrantzia izango du Artiumen?

Handia. Barnean daramat hori. Montehermoson bost urte egin nituen, eta arrastoa utzi zuen, baina aurretik ere lehentasuna zen niretzat gai hau. Montehermoso aitzindaria izan zen hainbat ataletan, eta erakutsi zuen programa parekide kalitatezko bat egin daitekeela, nazioartean sona izan zuena gainera. Arakis heldu zenean proiektuarekin, 2006. urtean, gogoan dut oraindik nolako zalaparta sortu zuen horrek, baita a priori aurrerakoia zirudien jendearen aldetik ere. Eskaintza parekidea izanik, jendeak zalantzan jartzen zuen kalitatezko programa bat egin zitekeenik. Zentzu askotan erresistentzia eredu bat izan zen, eta hamaika urte beranduago uste dut balioa onartu zaiola horri. Denok onartzen dugu egin beharrekoa egin genuela.      

Alde horretatik, gabeziak ditu Artiumek? Neurriak hartuko dituzu? 

Erakunde guztietan bezala, hemen ere zenbatu egin behar da. Zenbatzen ez duzunean frogatuta dagoelako parekidetasuna ez dela bermatzen. Atentzioa jarri behar zaio, bestela ez dira zifrak ateratzen. Pentsatu behar dugu emakumeek espazio hauetan ordezkatuta ikusi behar dutela beren burua; biztanleriaren erdiak, hain zuzen. Gure erantzukizuna da, eta abian jarriko dugu erosketa politiketan, erakusketa politiketan... Bildumarekin hori da atentzioa ematen duen lehenengo gauza, erakusketa kronologikoa aurkezten duzunean hutsune horiek dira nabarmenenak; noski, momentu historiko batzuetan oso zaila da hutsune hori betetzea, baina ez da posible arte garaikideko atalean eredu horiek errepikatzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide