Lana aurkitzeko lan nekezean, baina zoriontsu

Juanma Gallego 2019ko ots. 20a, 07:00

Enplegu anezketako ezaugarri bat lantalde espiritua lortzea da. / ALEA

Lau enplegu anezka martxan ari dira une honetan Araban. Langabetuek osatutako taldeak dira, eta helburu nagusia guztientzako lana aurkitzea bada ere, emaitzak ez dira lan-arlora mugatzen: bidean, lan egiteko modu berriak asmatu dituzte, eta, hara bertaratuta, agerikoa da giro onean egiten dutela hori.

Ez da ohiko lana beraiena. Egia esanda, eta hitzez hitzezko esanahiari dagokionez, lanik ez dute. Baina hori lortzeko lanean ari dira. Eta, agerikoa denez, ondo pasatzen dute bidean. Enplegu anezketako ezaugarri bat lantalde espiritua lortzea bada, Gasteizko anezken kasuan ondo lortu dutela esan daiteke. Santa Maria la Real Fundazioak martxan jarri zituen lehen anezkak 2013an, Palencian eta Kantabrian. Ordudanik, 500 anezka baino gehiago daude martxan Estatu osoan. Gasteizko anezken kasuan, Gasteizko Udala eta Arabako Diputazioa dira babesleak, baina Europako Gizarte Funtsa, Telefonica Fundazioa eta Lanbide ere daude tartean.

Hogeita hamar lagun inguru daude bi anezketan ALEA hara bertaratu denean. Horiez gain, herrialdean beste bi anezka ere badira, Laudion eta Agurainen. Ez dira lana aurkitzeko ikastaroak: lan-munduan txertatzeko eta berrikuntza sozialerako programak direla azaldu dute bertako arduradunek. Funtsean, hogei lagun inguruko taldea da, zeregin komuna duena: "Guztiontzako lana aurkitzea da helburua", laburbildu du anezkako parte-hartzaile Angela Lopezek.

Ez da teoria hutsa. Lan komun horri esker, lana aurkitu berri du Lopezek, baina ez du anezka utzi. Lan berria eta familia ardurak izan arren, taldean jarraitzen du. Eta ez da bakarra. "Gehienok denbora asko generaman beste lan batzuetan, eta, langabezian geratu ginenean, ez geunden ohituta lan-munduaren gaur egungo eskakizunetara". Lopezek nabarmendu du oso bestelakoa dela norbera bere kabuz lana bilatzea edo horixe bera taldean egitea. Ideia horrekin bat dator Ana Serrano: "Langabezian geratu ostean etxean geratzen bazara, gaztelu baten antzeko zerbait eraikitzen duzu, hortik atera ezinik. Baina, anezkan egonda, jende askorekin harremanetan egoteko aukera duzu, eta egoera normalizatu egiten duzu, konturatzen zarelako ez zaudela bakarrik honetan".

Barneko lanpostuak

Lana aurkitzeko lan horretan, astean hirutan biltzen dira, eguneko bost orduz. Anezkako teknikari Mikel Garciak azaldu du nola egiten duten hori. "Komunikazioa lantzeaz gain, enplegagarritasun mapa bat osatzen dugu, parte-hartzaileen interesekin bat joan daitezkeen inguruko enpresen analisia eginez. Mapa hori eskuetan, enpresekin kontaktuan jartzen gara, bilerak eta elkarrizketak adosteko". Kontaktu hori ezinbestekoa da, lan-munduan badirelako aukera asko eskaintza publiko izatera iristen ez direnak: enpresaren barruan bertan edo kontaktuen bitartez betetzen dira lanpostu horiek.

Ez da ardura bakarra. Curriculuma gaurkotzea, marka pertsonala lantzea, elkarrizketak ondo egiten ikastea, jendearen aurrean hitz egiten ikastea... horiek guztiak ezinbesteko tresnak dira, baina emozioen kudeaketa ere ez dute alboan uzten. "Langabeziaren enpatia lantzen dugu ere, langabetuek ikus dezaten honetan bakarrik ez daudela", azaldu du Garciak. Horrez gain, eta arlo materialera bueltatuta, parte-hartzaileen profila biltzen duen triptikoa ere osatzen dute, (online ere eskuragarri daude, noski, labur.eus/anezka1 eta labur.eus/anezka2 helbideetan).

Orain fase horretan badaude ere, aurreneko zeregina talde espiritua osatzea izan da. Azaroan hasi ziren horrekin. Bigarren anezkaren ardura duen Ana Belen Sanchez teknikariak dio talde osoaren ekarpena jaso dutela. "Norberak hoberen ezagutzen duen arloan laguntzen du. Adibidez, gaitasun digitaletan gehiegi trebatuta ez daudenek arlo horiek ondo menderatzen dutenen laguntza jasotzen dute". Behin hasierako bultzada hartuta, gainera, taldea bere kabuz doala gaineratu du Garciak. "Gaur goizean bertan, bilera batera atera naiz, eta itzuli naizenean ikusi dut parte-hartzaile pare bat lan-elkarrizketa baten simulazioa egiten ari zirela. Horrek laburbiltzen du atzean dagoen filosofia: batak besteari elkarri laguntzen diote. Iritsi da une bat, gainera, non guztiz autonomoak diren".

Ez da harritzekoa teknikariek parte-hartzaileekiko enpatia berezia garatzea, beraiek ere lan bila ari direlako. "Ez gara funtzionarioak, eta asko identifikatzen gara beraiekin", azaldu du Sanchezek. Izan ere, bi teknikariak ere aurreko anezketako parte-hartzaile izan dira, eta zazpi hilabeteko kontratua dute. Ondoren, beraiek ere lana bilatu beharko dute.

Datuak, alde

Behin teoria ikusita, agerikoa da galdera: anezken metodologiak funtzionatzen al du? Datuek baietz diote. Santa Maria la Real Fundazioak esku-artean dituen zenbakien arabera, parte-hartzaileen %60 inguruk lortzen dute lana. Ideia hori berretsi du Garciak. "Ezin izango dugu inoiz %100era iritsi, noski. Bestalde, arras agerikoa da nolakoa den lan merkatua, eta askotan kalitate aldetik gabezia ugari daude ere. Baina nik ez dut ezagutzen anezken lan-txertatze kopuru berdina duen beste egitasmorik. Batzuetan, gainera, lan egonkorrak dira, eta parte-hartzaileen helburu profesionalekin bat datoz".


Lan horietako asko behin-behinekoak izanda ere, jomugan dagoen helburura iristeko urratsak egiten direla nabarmendu du Garciak. "Egunero ikusten dugu parte-hartzaileak nola aldatzen diren: ez dira sartu zireneko berdinak, konpetentzia eta ezagutza gehiago eskuratu dituztelako". Zaila da, gainera, epe luzera begira pertsona bakoitzean sortzen den eragina baloratzea, baina hori ere azpimarratzekoa dela uste dute bi teknikariek. "Batzuetan ez dute lana aurkitzen anezkak dirauen bitartean, baina bai handik denbora batera", dio Garciak. Bestalde, gainerako zerbitzuak ere beharrezkoak direlakoan dago teknikaria. "Gu ez gara Lanbide, CETIC edo antzeko beste zerbitzuekin lehiatzen; horiek ere beharrezkoak dira; osagarriak. Koordinazioa da gakoa".

Zifretatik harago

Anabela Runa Batista parte-hartzaileak argi dauka bide profesionala zoriontsua izanda egin daitekeela. Galdera luzatu dio talde osoari. "Ongi barneratuta duzue hori, ezta?". Baaaiii ozen batekin erantzun du taldeak, barrezka. "Tira, ni tematuta nago horrekin. Lan egin dudan enpresetan zoriontsu izaten saiatu naiz, eta jarrera hori kutsa daitekeela iruditzen zait". Duela hamaika urte iritsi zen Runa Batista Lisboatik. Gasteizko enpresa baten ordezkaritzan lan egiten zuen bertan, eta Gasteizera formakuntza bat jasotzera etorri zenean hiriaz maitemindu zela azaldu du; hemen geratzea erabaki zuen.



Giroa ikusita, argi dago ideia hori ondo barneratu dutela anezkan. Besteak beste, Mikel Collek lanean zoriontsu izateko ideia hori berretsi du. "Ez al da produktiboa lanean irribarrez ari den lagun bat, ala?". Bestetik, anezka etorkizun tresnatzat ikusten du. "Hemen inork ez dizu lan bat emango, baina zure kabuz lana bilatzeko tresnak aurkituko dituzu". Enpresa baten moduan aritzen direla azaldu du. Horrez gain, lan bila ari direnentzat aproposak ez ezik, anezkan landutakoak enpresa guztietan txertatzeko moduko baloreak direlakoan dago Coll. "Entzuten jakin, besteen ideiak hartu eta horien inguruan hausnartu eta ideia komun batera iritsi. Espiritu hau edozein enpresara eramateko modukoa da, ez da soilik lan bila ari garenon kontua".

Gehienek enpresa batean lana bilatzen badute ere, autoenpleguaren bidea jorratzen dutenak ere badira. Horretan dago, hain zuzen,  Arturo Martinez bidaiaria. Munduan zehar hainbat bidaia egin ondoren (besteak beste, Islandian hildako euskal balea arrantzaleen atzetik ibilitakoa da), Martinezek bere pasioa lanbide bilakatu nahi du orain. "Argi daukat horretara bideratu nahi dudala nire jardun profesionala; tartean, bisita gidatuak egitera". Lana aurkitu ezean, anezkakoek diote agian Martinezekin batera joango direla, formatu berria inauguratuz: anezka mugikorra: "Kurroa aurkitu ez duten hogei langabetuk bizikleta hartu dute, eta munduan zehar bidaiatzera joan dira. Tira, ez esan albiste salgarria ez denik".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago