"Basozainak desagertzeko arriskuan daude Araban"

Erredakzioa 2019ko ots. 13a, 10:13
Basozainak lanean. ALEA

Basozainek salatu dute basoen kudeaketa egokia arriskuan dagoela: ehiza eta arrantzaren alorrean, orain zortzi mendi-guarda ditu Arabak, baina bi plaza kenduko dituzte. Nekazaritza diputatuak dio 50 lagun inguru ari direla jardunean.

Arabako Basozain Profesionalen elkarteak ohartarazi du "desagertzeko arriskuan" dagoela basozainaren lana lurraldean. Ehiza eta arrantzari dagokienean, zortzi guarda daude egun herrialde osoa zaintzeko: sei langile finkoak dira eta beste biak aldi baterakoak. Bada, elkarteak salatu duenez, Diputazioak aldi baterako kontratuak desagertu nahi ditu, plantilla murriztuz.

"1991. urtean hamabi basozain zeuden Araban, eta bi plaza gehiago sortzeko eskatzen zuten, lana behar bezala egin ahal izateko. Egoera konpondu ezean, apiriletik aurrera, orain dela 28 urteko basozainen erdia izango gara". Basozainen elkarteak azaldu du egungo plantillarekin ezinezkoa dela basoen zaintza eta kudeaketa behar bezala egitea, lur eremu handiegia –50.000 hektarea inguru– egokitzen baitzaio basozain bakoitzari: "Zentzugabeko egoerak gertatzen dira; Aramaioko basozainari, adibidez, Araiako zonaldea zaintzea tokatzen zaio". Gainera, bi plaza horiek galduz gero, asteburuetan pertsona bakar bat egongo da guardian herrialde osoan.

Arrantzari dagokionez, kudeaketa eta zaintza azpikontratatu egiten direla kritikatu dute basozainek. Arazoari egiturazko konponbidea eman behar zaiola nabarmendu du elkarteak, baina bitartean bi plaza horiek mantentzeko galdegin dute.

"50 lagun inguru"

Nekazaritza diputatu Eduardo Aginakok aitortu du langile gehiago izatea nahiko luketela, baina "Estatu mailako araudiak lanpostu gehiago sortzea" galarazten diela. Egungo egoera azaltzeko, funtzionarioak, azpikontratatutako langileak zein arrantza eta ehizan ordainsaririk gabe aritzen diren "ohorezko guardiak" zen batu ditu diputatuak. "Araban 50 lagun baino gehiago ari dira orain araudia betetzen dela ziurtatzeko lanean".

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide