"Basozainen ogibidea hiltzen uzten ari dira"

Mirian Biteri 2018ko ots. 20a, 12:44

Arabako Basozainen Elkarteko ordezkariak kezkatuta daude bizi duten egoerarekin; bereziki, arduratuta daude ehiza eta arrantza atalak urteotan jasandako murrizketekin.

Arabako Basozainen Elkarteko kide Roberto Herreros, Alberto Tirados eta Aitziber Sarasketa elkartu ditu Alea-k bere ogibidearen egoeraren berri emateko. Lehenik eta behin, gaur egungo basozainen mapa azaldu nahi izan dute, hiru ataletan banatuta dagoena: batetik, ehiza eta arrantzarena dago; bestetik, baso eremuarena; eta hirugarrenik, ondare naturalaren zerbitzua. Guztira, 37 langile. Horietako gehienak, 28, basozain moduan jarduten dute; hiru, ondarean; eta sei, ehiza eta arrantzan. Eta azken atal horretan urteotan jasandako murrizketak dira, hain justu ere, langileen haserrea sortu dutenak. "1991n, basozainak kexatzen ziren hamabi zirela, eta egun, sei baino ez gara herrialde osorako. Hiru duela urte gutxi sortutako ondare naturalaren zerbitzura bidali dituzte, eta gainerako beste hiru lanpostuak desagertarazi dituzte; azkena, iaz", azaldu du Herrerosek.

50.000 hektarea, basozain batentzako

Zabalera aldetik, Araba oso handia dela eta basozain bakoitzak zaindu beharreko lur eremua gehiegizkoa dela ohartarazi du: "Nire esparrua, esaterako, Aramaion hasten da eta Nafarroako mugan amaitzen da; guztira, 50.000 hektarea. Lanez gainezka gaude eta nekazaritza diputatuari aurrez galdetu diot ea Aldundiak zer espero duen nitaz". Gaineratu du Diputazioaren "aitzakia" dela legearen arabera ehiza-barruti bakoitzak zaintza pribatua izan behar duela, eta hortaz, "laguntza" dutela; eta arrantzaren kasuan, araudirik ez badago ere, "lan teknikorako zein zaintzarako" enpresa bat kontratatzen dutela. "Ez dago borondaterik; zerbitzua pribatizatzeko asmoa dute", salatu du Herrerosek.

Azken horrekin lotuta, Sarasketak arbuiatu du "konpetentziak" ari dizkietela kentzen basozainei. Adibide gisa aipatu du mendi publikoetan egiten diren markazioak, gaur egun, enpresa batek egiten dituela. "Hori gure lana baldin bada, zergatik ematen diote enpresa pribatu bati? Gutxika eskuetatik ari zaigu joaten lana eta hori ez da bidezkoa. Gainera kontuan hartu behar da araudi asko daudela eta basozainok horiek ezagutzen ditugula, baina enpresa batek badakizki?", galdetu du Sarasketak. Horren harira, Tiranosek azpimarratu du mendietan zein erreketan ezinbestekoa dela basozainaren presentzia araudi horiek aurreikusten dituzten murrizketak betetzen diren edo ez baieztatzeko. "Gainera, zaintzaz gain, bulegoetan idazten dena mendietan zein ibaietan dabilenari azaltzea tokatzen zaigu guri; bitartekariak gara", dio Herrerosek.

Murrizketak ez dira horretara mugatzen. Sarasketak esan du emakumeek ez dutela arropa propiorik eta unisex dela. Are gehiago, emakumeek zein gizonezkoek askotan beraiek erositako jantziekin egin behar dutela lana aipatu dute, Diputazioak eskainitakoa kanpoan denbora luze igarotzeko "egokia" ez delako. "Lehiaketa ateratzen dute langileak arropaz hornitzeko, eta orokorra da. Zer zerikusi du laborategi batean eta zazpi orduz elurtutako mendian ibiltzen den baten arropak? Behin baino gehiagotan eskatu dugu gure arropa bereiztea eta beste lehiaketa bat deitzea", adierazi du Tiradosek. Bestalde, formakuntza ere ez dela aproposa ohartarazi du: "Ez dago formakuntza zehatzik, oso orokorra da. Ikastaroen plangintza aurkeztu dugu, baina ez digute kasurik egiten". 

Elkartea, ekainetik

Hori horrela, elkartea sortu zuten pasa den ekainean, arabarrei eguneroko lana erakusteko eta basozainen "ahotsa" ezagutarazteko. Elkartea eratzearekin batera,  sare sozialetan ere badabiltza bere lanbidearekin lotutako eginkizunen berri ematen. Baina, gizarteratze horretaz gain, bigarren helburu bat ere badu elkarteak: hain justu ere, beraien egoera salatzea. "Gure ogibidea hiltzen uzten ari dira Araban, gero eta garrantzi gutxiago ematen diote gure agintariek; eta ez dugu ikusezinak izan nahi", nabarmendu du Herrerosek. Oraingoz, 26 basozainek osatzen dute elkartea.

Mugimendu horrek dagoeneko lortu du Diputazioaren erantzuna. Azaldu du ehiza eta arrantza sailean, esaterako, bi basozain erretiratu direla abendutik urtarrilera bitartean, eta astebetean ordezkatu zituztela. "Isilik baldin bagaude ez dugu ezer lortzen. Baina, mugitzen hasi eta gainerako alderdi politikoak ere mugiarazi dira. Sare sozialen bidez ere, jendea ere badabil apurka gure ogibidea ezagutzen, mantso badoa ere", aipatu dute hirurek.  

Egunerokotasunen artean, basurdeen kalteak

Ildo horretatik, azaldu dute askotarikoak eta oso bestelakoak direla atal bakoitzeko eginkizunak. Ehiza eta arrantzan, zaintza lanak eta erabiltzaileei zerbitzua emateaz gain, basurdeek eragindako kalteek neurtzen ere denbora asko ematen dute; Arabako Errioxan, untxiak eta orkatzak dira lurrak kaltetzen dituztenak. Ibaietan dauden isurketez ere arduratzen dira. Eta horrez gain, "denbora faltagatik edo" badira basozainek egiten ez dituzten beste hainbat eginkizun; tartean, urtero, amuarrain kopurua kontrolatzea.

Baso eremuan honako funtzioak betetzen dituzte, besteak beste: pinu-beldarrari edo liztor beltzari jarraipena eta aurre egitea; mendi publikoetako kudeaketa integrala; eremu pribatuetako tramitazioaren kudeaketa; eta lan horien zein autoen edo perretxikoen kontrola. Suteetan nahiz emergentzia kasuetan basozainek duten "presentzia eta garrantzia" ere nabarmendu du Sarasketak.  

Ondare Naturalean, esaterako, fauna eta flora berreskuratzeko programak antolatzen dituzte; tartean, bonelli arranoa eta bisoi europarraren Life proiektuak. Martioda eta Arabako parke naturalen kudeaketa ere eramaten dute zerbitzu horretan.

Azkenik, erabiltzaileekin, orokorrean "harreman hurbila" dutela azpimarratu nahi izan dute. Dena dela, gainerako lanbideetan bezala, "arazoak eta arriskuak" egon daitezkeela onartu dute, eta basozainen segurtasuna mantentze aldera, "binaka" joatearekin edo "behintzat lankide bat gertu" izatearekin nahikoa izango litzatekeela uste dute. Horrekin batera, azaldu dute ehiza garaian, larunbata batean, 30 uxaldi egon daitezkekeela, eta lanean, berriz, basozain bat edo bi

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide