Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak AHTaren inguruan eskainitako informazioak ez du bat egiten Europako Garraio Batzordeak erabiltzen duenarekin. Hala adierazi dute Arabako eta Nafarroako AHTaren kontrako plataformako kideek Europako ordezkariekin batzartu eta gero. Gainera, Arabako plataformaren esanetan, Europako Kontu-Auzitegiak euskal ordezkarien aurrean berretsi du egungo trenbide azpiegiturak berritzea ekonomikoki eta sozialki errentagarriagoa dela abiadura handiko plataforma berriak eraikitzea baino.
Arabako eta Nafarroako AHTaren kontrako plataformetako ordezkariak, LAB eta ELA sindikatuak eta EHUko hainbat irakasle Europako Garraio Batzordearekin bildu dira aste honetan. Bileraren helburua izan da AHTa bezalako proiektuek Europan zer etorkizun duten aztertzea, eta bide batez ere proiektuaren inguruan Euskal Herrian dagoen oposizioa batzordeko kideei helaraztea.
Arabako AHTaren kontrako plataformak azaldu duenez, Europako Garraio Batzordeak argitu die AHTa bidaiariak garraiatzeko zuzenduko dela, eta horrenbestez, trenbide bidezko merkantzia-garraioaren Europako planifikazioak ez duela AHTa barne hartuko. Halaber, Europako Garraio Batzordeak adierazi die AHTaren obran izaten ari diren atzerapenak direla eta, "Europatik finantzatuko den diru kopurua murriztuko dela".
Bestalde, Europako Garraio Batzordeak aitortu du AHTaren egitasmoa aurrera eramateko erabili dituzten kostuen eta etekinen azterketak ezin dituztela publiko egin eta isilpekoak direla. "Lotsagarria da milaka milioi diru publiko xahutzea isilpeko txostenetan oinarriturik" salatu du AHTaren kontrako plataformak.
Gauzak horrela, eta proiektua gelditzeko inoiz baino arrazoi gehiago ikusten dituztelako, manifestazioa antolatu dute AHTaren kontrako plataformako kideek, hurrengo maiatzaren 18an, Gasteizen.