Arabako eta Nafarroako AHTaren kontrako herritar plataformetako ordezkaritza bat Bruselan da. Gaur eta bihar artean, Europako Legebiltzarreko ordezkari politikoekin hainbat batzar egiteko asmoa dute, eta AHTak ekarriko dituen kalteen berri emango die. Halaber, Abiadura Handiko Trenaren aurrean alternatiba bat defendatuko dute. Besteak beste, Asparreneko eta Donemiliagako alkate Txelo Auzmendi eta David Lopez de Arbina daude ordezkaritza horretan.
Gaur GUE/NGL (Confederal Group of the European United Left/Nordic Green Left) taldearekin bilduko dira, baita Europako Batzordearekin ere. Bihar, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos, PSOE, Europako Aliantza Librea (ALE), Berdeak eta BNGko taldeen ordezkariekin egongo dira.