Bidaia luze baten hasiera urrats batekin abiatzen da. Horixe dio txinatar esaera batek, eta ez zaio arrazoirik falta. Baina arazo txiki bat ere badu: askotan zaila izaten da zehaztea lehenengo urrats hori noiz izan zen. ALEAk publikoki egindako lehen aurrerapausoa 2015eko urtarrilean eman zuen, baina urteetan zehar Arabako euskaltzaleek eraikitako ametsen mendixkatik abiatu zen bidaia hori. GEU elkarteak, Berria egunkariak eta Goiena komunikazio taldeak prestatu zuten hasierako motxila, eta hori eramaten laguntzen dute gaur egun ere, Administrazio Kontseilutik. Ordudanik, lau urte igaro dira jada, eta hasierako zerumuga bere horretan ikusten da: kazetaritza independentea oinarri, Arabako informazioa euskaraz eskaintzea. Sinple bezain konplexua.
"Euskara oinarri, Araba informatiboki kohesionatuko duen proiektua izatea da gure helburua"
Arnasa hartzeko unean, zenbakietara jo beharra dago. Orain arte 181 ale atera dira inprimategitik, eta astero 2.000 ale baino gehiago banatzen dira. Aldizkarien %76 Gasteizen banatzen da, baina kuadrilla guztietan du presentzia.
2018ko urtearen hasieran itxura berria hartu zuen aldizkariak, irakurleek egindako iradokizunei jarraiki, papera eta diseinua guztiz berrituta. Bada, aste honetan iritsi da egitasmo komunikatiboaren beste hanketako baten txukuntzea: alea.eus webguneak itxura berria hartu du. Ez da soilik itxura kontua: erabilgarritasuna gogoan, webgunea goitik behera eraberritu da. Tematiak dira estatistikak: oro har, gero eta gehiago, sakelako telefonoaren bitartez iristen dira bisitak. Hortaz, eta aldaketa euskarri guztietan iragartzen bada ere, webgune berria bereziki sakelakoetan argi eta dotore agertzeko prestatu da, eta edukiak sare sozialen bitartez erraz partekatzeko pentsatuta dago.
Sareratu ziren 3.000 inguru edukiek 163.145 bisita erakarri zituzten webgunera. Albiste, elkarrizketa eta erreportajeez gain, askotariko edukiak izan ziren, hala nola agenda hitzorduak, bideoak, argazki galeriak edota audioak. Sare sozialetako jarraitzaileen kopurua handitzeaz gain, jarduera horrek ahalbidetu du Arabako edukiek Euskal Herriko beste hainbat hedabidetan presentzia izatea.
Zazpi lagunek osatzen dute gaur egun Alearen lantalde profesionala: kudeatzaile bat, bost erredaktore (bi erredaktore egun osoz, eta beste hiruak egun erdiz), eta komertzial bat, egun erdiz. Eguneroko jardunean dabilen lantalde horrek badu alboan kolaboratzaile-sare indartsu bat, hogeita bost lagunek baino gehiagok osatutakoa.
Borondatez egiten duten lan horri esker gauzatzen da, hein handi batean, egitasmo komunikatiboa. Iritzi-artikuluak, noizbehinkako ekarpenak eta kolaborazioak eta gai zehatzei buruzko kolaborazio finkoak idazten dituzte: nutrizioa, teknologia, zinema, antzerkia edota musika, esaterako. Biderik hoberena aurkitzen saiatzeko, Administrazio Kontseiluaz gain, ALEA Batzordea izeneko lantalde irekia dago. Komunikazioan eta euskalgintzan ari diren lagunek parte hartzen dute, eta nahi duen orok parte har dezake bertan.
Harpidetzak, oinarri
Diru kontuei dagokienez, 220.000 euro inguruko aurrekontua du egitasmoak. Horietatik, 66.000 euro diru-laguntza publikoei dagokie: Jaurlaritzaren, Arabako Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren ekarpenak dira horiek. Gainerako diru guztia harpidetzetan, publizitatean eta beste zerbitzu batzuetan oinarritzen da. Hortaz, autofinantzaketa maila %70ean kokatzen da. Argi eta garbi, irakurleen harpidetzei esker sustengatzen da ALEA ekonomikoki, eta baita iragarleek ematen duten babesari esker.
"Araban gertatzen diren arazo, kezka, albiste eta gizarte mugimenduen erakusleiho izan nahi dugu". Aritz Martinez de Luna.
Aldizkaria, webgunea, Euskararen agenda, Alea FM edo Kantari bezalako egitasmoak bide beretik doaz, eta badira asmo gehiago zerumugan. Aritz Martinez de Luna zuzendariak laburbildu du horien guztien atzean dagoen eta egongo den filosofia. "Gure lurraldean gertatzen diren arazo, kezka, albiste eta gizarte mugimendu guztien erakusleiho izan nahi dugu, eta zentzu positiboan esanda, beste hedabide askotan inoiz azalduko ez diren gai marjinalei ere hitza emango dien bozgorailu lana egiteko prest gaude. Euskara oinarri hartuta, herrialdea bera informatiboki kohesionatuko duen proiektua aurrera eraman nahi dugu".