Tximinietan pizten dira etxeko suteak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko ots. 1a, 08:00
Teilatu osoa erre daiteke tximinian sortutako suteagatik. ARABAKO FORU SUHILTZAILEAK

Arabako etxebizitzetan jazotzen diren suteen %60 tximinietan pizten dira; tiroaren mantenu falta eta eraikuntzako akatsak izan ohi dira arrazoi nagusiak. 

Neguan, su baxuak edo salamandra berogailuak martxan hasten direnean, alarma gorria pizten da Arabako suhiltzaileen parkeetan. Tximinietako mantenu falta izan ohi da etxebizitzetan jazotzen diren suteen arrazoi nagusia, eta hala islatzen dute Arabako Foru Suhiltzaileek emandako datuek: urtean, herrialdeko etxeetan gertatzen diren suteen %60 tximinietan hasten dira. Suak esku artetik ihes eginez gero, larriak izan daitezke kalteak, teilatuaz gainera etxe osoa kiskali baitaiteke. Are larriagoa norbait hilik suertatuz gero. Tximiniak piztutako sute baten ondorioz Araban jazo den azken ezbehar hilgarria 2015an izan zen, Tuestan. 

Javier Garcia Reina Arabako Suhiltzaileen buruak zehaztu duenez, bi arrazoirengatik sortzen dira suteak tximinietan: batetik, hodia gaizki eraikita dagoelako, eta bestetik behar bezalako mantenua egiten ez delako. "Arazoa izan daiteke hodia eraikita egotea material erregaietatik gertu –egurrezko habeak edo altzariak–, eta isolamendurik gabe; alegia, eraikuntza arazo bat izatea". Hartara, etxea berria izateak ez du sutea izateko arriskua ekiditen: "Azken sutea aurrefabrikatutako etxe batean izan da, bi urtekoa. Tximinia etxebizitzak inguratuta zegoen, ez zen paretaren kontra jartzen den hodi horietako bat; eta harri-zuntza soilik hodiaren zati batean zuen, beste batean isolamendua falta zitzaion". 

Bestela ere, obrakoak, metalikoak edo fibrozementuzkoak diren hodiak ondo garbitzen ez badira, su har dezakete. "Muturreko tenperatura aldaketa dagoenean, adibidez, hodiak pitzatu daitezke, edo materia erregaiak atxiki daitezke tximiniaren barnealdean, eta su har dezake. 300 edo 400 graduko tenperaturara igo daiteke kea tximinian, eta suak hodia barrutik hartzen badu 1.000 gradura igo daiteke. Azpiegitura gehienak ez daude prest tenperatura hori jasotzeko", argitu du suhiltzaileak.

Hortaz, negua iritsi aurretik tximiniaren mantenua eta berrikusketa egitea gomendatzen dute Arabako Foru Suhiltzaileek. Reinaren esanetan, aukera desberdinak daude herritarren esku. Aukera bat da kedar-garbitzaileari deitzea. Egun, bakarra dago Araban, eta, Reinaren esanetan, oso ondo funtzionatzen du. Garbiketa fisikoa egiten du Matthias El Desollinadorek; tximiniaren goiko aldetik eskuila bat sartzen du, eta karrakatu egiten du barnealdea. "Bizitza osoan egin da horrela. Lehen kateekin egiten zuten edo nikelezko belakiekin". 

Arabako suteen mapa. ARITZ MTZ. DE LUNA 

Bigarren aukera bat da metodo kimikoak erabiltzea, alegia saltokietan dituzten tximiniak garbitzeko egur-puskak erostea; hauek erretzen direnean tximiniaren barruko zikinkeria altxatu egiten dute.

Kontuz erretzen denarekin

Halaber, su baxuan edo salamandran zer erretzen den zaindu behar da. "Egur ona erretzen baldin badugu, haritza edo artea, oso hondar gutxi sortuko da, eta ez dugu tximinia hainbeste zikinduko. Aldiz, erretxinadun egurra erretzen badugu, edo, are okerrago, laminatuzko egurra edo bernizaturiko altzari zaharrak erretzen baldin baditugu, erreakzio kimiko oso arriskutsuak sortu daitezke".

Tximiniaren hodia garbi mantentzearekin batera, ke-detektagailu bat etxean instalatzea da, Arabako suhiltzaileen buruaren ustez, segurtasuna bermatzeko ezinbesteko urratsa. "Ni izan naiz suteetan Araban, hildakoekin; detektagailua egon izan balitz jendea bizirik egongo zen –nabarmendu du Reinak–. Ke-detektagailua oso garrantzitsua da, ez bakarrik tximinien suteak ekiditeko, baizik eta etxeetan jazotzen diren sute gehienak saihesteko". Gainera, gailu sinplea eta merkea da, zortzi eta hamar euro artean dago salgai, eta, gaur egun, hamar urterako balio duen detektagailu bat ere saltzen ari dira, hogei euroan. "Kea dagoela antzematen dute zuk konturatu baino lehen; hortaz, aukera ematen dizu suhiltzaileak berehala deitzeko".

Aberia txikia

Izan ere, tximinian arazoak dauden susmoa izanez gero, 112 telefonora lehenbailehen deitzea da kalteak murrizteko modurik eraginkorrena. Ke handia dagoenean etxean, erre usaina, kea behar ez den lekutik ateratzen bada, suhiltzaileak ohartarazi behar dira. "Sute hasiberri bat kontrolatzea erraza da, hiru metro koadroko teilatua garbitzearekin nahikoa delako, baina esku artetik ihes egin dienean... batzuetan teilatua eta etxea bera ere erretzen dira. Zanbranan, adibidez, iragan abenduaren 24an jazo zen sutean, bi etxebizitza goitik behera erre ziren. Teilatua kolapsatu zen, eta etxeen gainean erori zen".

Sute txiki batean, gainera, errazagoa da deskubritzea non dagoen ke-ihesa, eta matxura handia egin gabe itzali daiteke. "Mahukaren puntan bola bezalako bat jartzen dugu, zulo txiki asko dituena, eta tximiniaren barrualdea langartzen dugu; modu horretan hodia hoztu egiten dugu eta oso ur gutxi erabilita sua amatatzen dugu". 

Sutea handiagoa denean, berriz, teilatuaren gainetik ura bota behar dute ezinbestez suhiltzaileek. Gainera, teilatuaren azpitik ondulinea baldin badago, urak ez du sutea itzaltzeko balio, eta teila guztiak kendu eta gero ondulinea bera ere kendu behar da, azpian zer dagoen ikusteko. "Moztu behar da erreta dagoen zur guztia, eta soilik osorik dagoen zura utzi; gori dagoen zatiren bat uzten baldin badugu, berriro piztu daiteke sua edo erretzen jarraituko da, egunetan edo asteetan. Gertatu daitekeen txarrena da alde egitea, eta ordu batzuk geroago itzuli behar izatea sutea berriz piztu delako".

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 180. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide