Azken urteotako ohiturarekin jarraituz, boilur beltza ezagutarazteko asmoz nazioarteko azoka egin zuten urtarrilaren 20an Ribabellosan. Edizio honetan onddo horren inguruan erreferente den Eslovenia izan zen gonbidatutako herrialdea; hango ordezkariek bere esperientziaren berri eman zuten, eta, betiko moduan, boilurraz egindako askotariko produktuak erosteko aukera ere izan zen bertan.
Hitzordu hori aitzakia hartuta, horren estimatua den onddoa hobeto ezagutzeko hainbat zertzelada eman ditu Felix Aguilera adituak Alea FM saioan. Dituen berezitasun guztien artean, usaina nabarmendu nahi izan du, eta baita boilurra egin ahal izateko behar duen ingurunea. "Derrigorrezkoa da ondoan artea bezalako zuhaitz bat, onddoa bera eta lur berezia. Araba egokia da horretarako eta toki askotan agertzen da", azpimarratu du.
Gogorarazi du, gaur egun, bi modutan sortu daitezkeela. Kanpezu (Mendialdea) eta Gaubea (Añana) aldean, esaterako, berez ateratzen da basoetan, bereziki, artadi inguruetan. Baina gizakiok landatuta ere sortu daiteke: "Sustraietan dagoeneko onddoaren esporak dituzten zuhaitzak landatzen dira zenbait tokitan, eta urteak pasa ahala, boilurra agertuko da. Pazientzia behar da, ez direlako urte batetik bestera ateratzen. Guk, Astulezen, 1993an sartu genituen eta lehenengo boilurrak hamar urte pasa eta gero ikusi genituen. Esaten dute bost eta hamar urte artean behar direla".
Añanan uzta ona espero da
Boilur beltzaren denboraldia azaroan hasi eta martxora arte luzatzen da. Oraindik datuak emateko goizegi baldin bada ere, aurten Añana aldean uzta ona jasoko dela iragarri du Aguilerak, uztailaren erdialdean txingorra egin zuelako eta uda partean ur asko jasotzea "oso ona" delako.
Bilketari dagokionez, Araban debekatuta dago txerriekin egitea, eta txakurrak erabiltzen dituzte; horiek ez dira arraza jakin batekoak izan behar, ondo hezita baino ez dira egon behar. Horrekin lotuta, honakoa esan du: "Badaude bestelako sistemak; tartean, menditik ibiltzea eta animaliek uzten dituzten arrastoei erreparatzea edo euli berezi bat ere badago inguruan badabilena".
Inguruan boilur beltza (Tuber melanosporum) ezagunena baldin bada ere, lurpeko bestelako onddo batzuk ere badaudela aipatu du: udakoa (Tuber Aestivum), apiriletik jasotzen dena; eta negukoa (Tuber brumale), kalitate eskasekoa. Boilurren erregea, dena dela, Italian eta Eslovenia aldean baino ez da irteten: Tuber magnatum. Estimatuena da azken hori; kiloa 3.000 eurotik gora ordaintzen dute. Boilurrak ez diren lur azpiko beste espezie asko ere badaudela aipatu du.
Boilur beltza bigarren preziatuena da, sukaldaritzan ere asko erabiltzen dena. Aguilerak berak etxean egiten duen errezeta klasikoa prestatzeko gonbita egin du: arrautzak boilurrarekin. "Postreetan ere erabiltzen dugu; esaterako, arroz esnerako”, adierazi du