Inauterien denboraldia zabalduko du Kuartangok otsailaren 9an

Erredakzioa 2019ko urtarrilaren 28a

Kuartangoko inauteriaren irudia. J.RUEDA/ASKEGI

Guztira 26 konpartsa eta 7.000 pertsonatik gora aterako dira Gasteizko desfilean.

Kuartangoko bizilagunek zabalduko dute inauterien denboraldia Araban, otsailaren 9an; herri inauteriak eta tradizio modernoagoko mozorro jaiak nahastuko dira hurrengo asteetan.

Agate Deuna ospatzen den egun berean egiten dute inauteria Kuartangon. Izan ere, traba eta debekuei aurre egiteko, inauterietako ezaugarriak Agate Deuna egunera eraman zituzten herritarrek. Goizez, makilekin etxez-etxe joaten dira jakiak eta dirua biltzen, porrero jantziarekin. Horiekin batera, hartza, zakuekin jantzitako maskaratuak, errautsa botatzen duen pertsona eta Arrianoko atsoa izango dira herriko kaleetatik zehar. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da jaia.

Gasteizen, berriz, beranduago ospatuko dituzte inauteriak, eta aurten 26 konpartsa eta 7.000 lagunek parte hartuko dute martxoaren lehen asteburuan egingo den desfilean. Desfilea Legutioko atetik abiatuko da, beti bezala, baina larunbateko irteera ordu erdi aurreratu da 2018koaren aldean, hau da, 18:00etara, konpartsek hala eskatu baitute. Frantzia, Bake eta Ortiz de Zarate kaleetan barrena joango da desfilea, Florida parkeraino. 

Erlazionatuak

Inauterietako Argazki lehiaketa

Erredakzioa 2019 urt 28 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago