Apirilaren 9an sartuko da Korrika lehenbizikoz Araban

Erredakzioa 2019ko urt. 9a, 10:09
Korrikaren ibilbidea aurkeztu dute gaur. KORRIKA

Arabako Kuadrilla guztiak zeharkatuko ditu; eta apirilaren 14an amaituko da, Gasteizko Andre Maria Zuriaren Plazan.

Arabako Kuadrilla guztiak zeharkatuko ditu aurten Korrikaren 21. edizioak. Apirilaren 9an sartuko da lehendabizikoz herrialdean, Eginotik, 06:03ean, eta bi egunez ibiliko da Lautadan, Mendialdean, Arabako Errioxan, Trebiñun, Añanan, Aiaraldean eta Gorbeialdean. Ondoren, apirilaren 14an sartuko da berriro, Aramaiotik, Gasteizko helmugarako bidea hartzeko. Hiriburuan 8:23ean sartuko dela aurreikusi dute antolatzaileek eta ekitaldi nagusia 12:30ean izango da.

Ohi bezala, aurreko Korrika amaitu zen herrialde berean hasiko da aurtengoa: Nafarroan, hain zuzen. Gares izan da lasterketari irteera emateko AEK-k aukeratutako herria. Bertatik abiatuko da mezu sekretua daraman lekukoa apirilaren 4an, arratsaldeko 17:00etan. Hurrengo hiru egunetan, Nafarroako hegoaldean ibiliko da lasterketa, eta apirilaren 6ko iluntzean (larunbata) ibilbidearen lehen hiriburura ailegatuko da: Iruñea.

Apirilaren 7an beste hiru hiriburutatik pasako da Korrika (Donibane-Garazi, Maule eta Baionatik, hurrenkera horretan) eta 8an, goizeko ordu txikietan, Gipuzkoan sartu-irtena egin ondoren, Lapurdi eta Nafarroara sartuko da berriro.

Apirilaren 9an, asteartea, Nafarroa eta Araba artean sigi-saga ibili ondoren, lasterketa iparralderantz abiatuko da, Bizkaian sartu eta Ibaizabal zeharkatzen harrapatuko du hilaren 10eko gauerdiak. Ostegunean, hilaren 11n, 12:00ak aldera iritsiko da Korrika Bilbora eta, Bizkaian barna bide apur bat egin ostean, kostaldetik jarraituko du bidea.

Hilaren 12 eta 13an, nagusiki Gipuzkoan izango da lasterketa (Donostiatik pasako da hilaren 12ko arratsaldean); eta hegoaldetik sartuko da Bizkaian berriro, bederatzigarren eguna Otxandion amaitzeko.

Euskal Herriko herrialde guztiak ukituak izango ditu Korrikak ordurako, baina azken eguneko txanpa faltako zaio oraindik: ekialdera joko du lehenik, Arrasatetik Gipuzkoan berriro sartu eta hortik hegoaldera egingo du, lekukoa eskuz esku pasatuz apirilaren 14ko eguerdian helmugara ailegatu arte: Gasteiz.

Mezuaren irakurketa eta amaierako jai handiaren hasiera eguerdiko 12:30erako aurreikusita dago Andre Maria Zuriaren plazan. Ibilbide osoa herrika eta eskualdeka dago ikusgai www.korrika.eus webgunean.

Kilometroak erreserbatzeko aukera

Korrikaren 21. edizioa egingo dute aurten, “Klika” lelopean (“klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea”). AEKtik jakinarazi dutenez, kilometroak erreserbatzeko aukera datorren urtarrilaren 14an zabalduko da. Interesdunek Korrika bulegoekin harremanetan jartzea besterik ez dute, kilometro zehatza gorde eta AEKren euskaltegien aldeko diru-ekarpena egiteko.

Araban araba@korrika.eus edo 946 464 000 telefonora deitua lortu daiteke horren inguruko informazioa.

Korrikaren ibilbidea 2019

Erlazionatuak

Badator 21. Korrika

Miren Rico Tolosa, Aixkiria Euskaltegia 2018 abe 15 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide