Badator 21. Korrika

Miren Rico Tolosa, Aixkiria Euskaltegia 2018ko abe. 15a, 08:14

Korrikaren aurkezpeneko irudi bat. KORRIKA

Badator. Berriz hemen dugu bi urtez behin euskaldun guztion barrunbeak astintzen dituen ekitaldi xarmagarria.

Badator Korrika, 11 egunez Euskal Herriko txoko guztiak kolorez bete eta jendartea ernatu eta martxan jarriko duen egitasmoa.

Azken hitz horri helduko diot, Korrikak hitz horri bere zentzu guztia eman baitio. Asmoa egia bihurtu da. Horren lekuko, kilometroz kilometro korrika ikusten ditugun poztasun aurpegiak, batzuk leun-leunak besteak zimurrez beteta, baina denak lelo baten atzetik, denak bat eginda, euskarak baduelako garaiezina bihurtuko duen boterea: herriaren boterea.

Horren harira, Txillardegiren izena aipatzea funtsezkoa da, aurtengo omendua eta euskara bikote banandu ezina dira. Berak ere herrian jarri zuen indargunearen erdigunea. Etxean euskararen presentziarik izan ez bazuen ere, bere kaxa ikasi, eta ordutik mugimendu abertzalean parte hartu zuen euskararen erabilera eta ezagutza bere borrokaren ikur izan zirela. Horrez gain, euskara batuaren bultzatzaile nagusietakoa dugu Txillardegi, eta hari zor dizkiogu zentzu horretan egin diren hastapen eta indar asko. Eskerrak eman nahian, aurtengo Korrikak euskararen alde egindako lana eta esfortzua omendu nahi ditu, euskara ez litzatekeelako bera izango Txillardegi bezalako pertsonarik gabe.

Nabarmendu dudan moduan, herritik hasi eta herriak handi egindakoa da Korrika, eta badirudi aurten auzolanetik jaiotako ekimenak nagusi direla, Euskaraldia kasu. Korrikaren ildotik, Euskaraldiak ere gizarteak bat egitea du asmo, eta guztiok azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskara ahoan eta belarrian izan dugu. Noski, eta bihotzean ere bai. Hortaz, zubiak eraiki dira eta badirudi gero eta lokartuago dagoen gizarte baten baitan posible dela euskaldunok ozen oihukatzea eta argi esatea ez garela belauniko bizitzeko jaioak izan eta gurea sutsuki babestu eta maitatuko dugula.

Euskaraldiak eta Korrikak bat egin dute eta pertsonak aktibatzea dute helburu, euskararekiko jarrera positiboa loratzea, horrenbestez, 21. Korrikak Klika aukeratu du lelotzat. Freskatzearen klika, ernarazten gaituen klika...mundu aurreratu bati begira dagoen leloa. Izan ere, euskara tradizioa eta historiaren sustrai luzeetara lotu izan da askotan, baina aurtengo Korrikak sustrai horiek galdu ez eta etorkizunari begira dagoen hizkuntza dela adierazi nahi du. Eta ez bakarrik hizkuntza, euskara kultura baten eta mundu baten isla ere bada.

Azkenik, saihetsezina da sentimenduetara jotzea, izan ere, Korrika barru-barrutik bizi dudan esperientzia ahaztezina da. 11 egunez, euskararen lelopean une oro norbait korrika dabilela jakiteak zinez hunkitzen nau. Korrikaro gertatzen zait, gauerdian esnatzea eta pentsatzea, "zein zoro ibiliko da orain Korrika furgonetaren atzean? Eta nor eztarria urratzen korrikalariak animatzeko?". Hala ere, ez dago bakoitzaren herrian eta auzoan sartzen den mementoa baino politagorik, are gehiago aurtengoa Gasteizen amaituko dela jakinda. Bihotza taupadaka, irribarretsu, lasterka, furgoneta, lekukoa eta jendetza. Bihur ditzagun Gasteiz eta Judimendi euskararen aldarrikapenaren ikur.

Badator. Prest Korrika egiteko?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago