Gasteizko udal taldeek gogor gaitzetsi dute joan den ostiralean Euskal Herriko Unibertsitateko Arabako campusean ikasle batek jasandako erasoa.
Asteazkenean izandako Eledunen Batzarrean, EH Bildu, EAJ, PSE-EE, Ahal Dugu eta Irabazi alderdiek ohar bateratu bat adostu dute jazotakoa salatzeko. Kaleratutako agirian, alderdiek agertu dute "gaitzespen etiko eta politikorik irmoena" ikasleak jasandako erasoaren harira. Erasoak "zorionez gainditutzat jotzen ditugun garaietara" daramala diote. Ondorioz, "elkartasun eta babes osoa" adierazi diote ikasleari, eta "susperraldi azkarra" opa diote.
Modu berean, "guztion giza eskubideak errespetatuko dituen kultura demokratiko sakona finkatzea eta sustatzea" beharrezkotzat jo dute, "jatorriarekin, etniarekin, kulturarekin, sexu-orientazioarekin, genero-identitatearekin edo ideia politikoekin zerikusia duten arrazoiengatik" diskriminazioa eta gorrotoa sustatzen dituzten "mugimendu eta ideologien intolerantziari aurre egiteko".
Alderdi Popularrak ez du adierazpen hori babestu, eta agiri propioa aurkeztu die gainerako alderdiei.
Adierazpen horretan, besteak beste, "Ezker muturreko" erasoa izan dela diote, eta "Zuzenbide Estatuan eta Konstituzioan bermatzen den elkarbizitza demokratikoaren" alde azaldu dira. Bestetik, "haien kontrako ideologien kontra jotzeko hainbat lider politikok egindako deialdiak" salatu ditu popularrek Gasteizko Udalean aurkeztutako adierazpenak.
Artean, Ertzaintza gertakaria ikertzen ari da, eta ez du eman gaiari buruzko xehetasun gehiagorik. Erasoa jasan duen ikaslearen "lagun bat" aipatuz, EFE agentziak dio ikasle hori "Espainiako batasunaren" aldeko ikasle elkarte baten bileratik ateratzean izan zela gertakaria, eta hainbat kaputxadunek parte hartu zutela erasoan.
Gertatutakoa sakatzeko, EHUk elkarretaratzea deitu du datorren astelehen goizerako, Letren Fakultateko ate nagusian.