Prestaketa luzearen ostean, fruituak ematen ari da Euskaraldia Gorbeialdean. 1.300 lagun baino gehiago ari dira ariketa sozialean, "gogotsu eta konpromisoz" Manex Agirre kuadrillako euskara teknikariak azaldu moduan, eta hizkuntza ohituretan nabari dira hizkuntza "aldaketa txikiak".
Aramaion, esaterako, aldaketak izan direla dio Agirrek. Bertako euskararen ezagutza datuak, Gorbeialdeko gainerako udalerrietakoekin alderatuta, altuak dira, baina Euskaraldiak helburu berberak ditu han ere, euskarazko hizketaldiei eutsi eta areagotzea. "Beharbada kalean nabaritu da gutxien aldaketa hori, baina inguru domestikoan izan dira keinuak eta harremanak aldatu dira; euskaraz egin ez baina ulertzen duten gurasoekin, belarriprest txapa jarri duen dendariarekin... beharbada aldaketa puntualak dira, baina nabaritu dira".
Eta, Aramaion bezala, Kuadrillako beste herrietan ere izan da aldaketarik egunotan. Euskara hegemonikoa ez den lekuetatik harago – eskola, kultur etxe, ludoteka...–, horietan euskara entzutea ohikoagoa baita, "sorpresak" izan direla aipatu du Agirrek. "Euskaraldiko batzordekideek esaten dute sorpresak izan direla, euskaraz ulertuko ez zutela uste zuten jendearekin batik bat". Izarra, Murgia edo Legution konpromisoa hartzeko lan handia egin dutela gogoratu du, dendariekin besteak beste; "eta hori agerian geratu da, beste giro bat dago eta beste praktika batzuk ikusten ari gara egun hauetan".
Asteburu betea
Hamaika eguneko ariketa amaitu bitartean, hamaika ekitaldi dituzte prest. Murgian, esate baterako, Ane Gebara ipuin kontalaria izango dute txikienek, eta ahobizi eta belarriprestak elkartu eta esperientziak trukatzeko afaria; Aramaion bikoizketa tailer bat antolatu dute ostiralerako; Izarran Malatu taldearen kontzertua eta umeentzako tailerra izango dira astelehenean; eta Legution umorezko bakarrizketa izango da ostiralean eta Errementari filma ikusi ahal izango dute igande arratsaldean.