Euskaraldian buru-belarri murgilduta, batzuek belarriak tente izango dituzte egunotan euskara noiz entzungo zain; beste batzuek, aldiz, edozein aukera baliatu nahiko dute mihia dantzan jarri eta euskara lau haizetara zabaltzeko. Lortuko al dugu baina hamaika egunez euskaraz bizitzea?
Ariketa honetako pausurik errazena izen-ematea izan da, eta zentzu horretan lortutako arrakasta inork gutxik jarri ahalko du zalantzan. Milaka lagunek egin dugu bat egitasmoarekin, denok baikaude prest euskararen aldeko keinuak egiteko. Halere, izen-ematetik haratago, zailago suertatuko zaigu ezbairik gabe hautatu dugun rolari hutsik egin gabe eustea.
Jendeak ospakizun edo jai kutsuz jantzi nahi izan du Euskaraldia, eta benetan sakonki hausnartutako ariketa bezala barneratutakoak gutxiago izan direlakoan nago. Gure burua azterketa batera aurkeztearekin alderatu beharko genuke Euskaraldia, eta, zentzu horretan, nork prestatu du bere burua erronka horri behar bezala erantzuteko?
Goiz da emaitzak neurtzen hasteko. Eta, zintzo esanda, euskararen normalizazioan ematen diren urrats guztiak izango dira beti ongietorriak. Batzuetan eraginkorrago eta besteetan xumeago. Modu horretan, Euskaraldia abiapuntu ezin hobea izango da euskaldun guztiontzat: gure burua neurtu, gure hizkuntz ohiturei buruz hausnartu, aldaketarako zenbait gako identifikatu eta pixkanaka pausuak ematen joateko bidea erakutsiko baitigu.
Ibilbide luze baten hasieran besterik ez gaude. Urrats asko egin beharko dugu bidean begiz jota dugun helmuga doi-doi ikusten hasteko. Haimaka egun hauek igarota hasiko da benetako bidea, eta bide horretan laguntza emango diguten baliabideak eskertuko ditugu seguruenik.
Gure apaltasunetik, horixe da eskaini nahi dizueguna: egunerokoan euskaraz bizi ahal izateko komunikazio euskarriak eskaintzea. Ahobizi eta belarriprest izatetik, bizitzako esparru guztietara euskara zabal dezagun. Bilakatu gaitezen irakurlebihurri, entzulegogotsu edo dena delakoa. Ibilbide horretan zehar, ALEA zuen alboan izango duzue beti.