Arabako euskararen lehen testigantza

Mirian Biteri 2018ko abe. 3a, 07:01

Egilea: Ricardo Gomez

Lan arloan euskararen alde egindako lana saritzea helburu duten Lazarraga sariak banatu berri dituzte. XVI eta XVII mende artean euskaraz idazten aitzindaria izan zen idazle Joan Perez Lazarragak eman die horiei izena.

Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzeko eta handitzen laguntzeko egindako lanaren errekonozimendu gisa ematen dira bi urtetik behin Lazarraga sariak. Dagoeneko bost bider antolatu dira, eta, aurtengoan, honako bost entitatek eta lagunek jaso dute merezitako aitortza: Aiaraldea kooperatiba elkarteak, Trebiñu sagardotegiak, Baiona hortz klinikak, Gamarrako ostalaritza eskolak eta Paul Urkijo zinemagileak.

Sariek Joan Perez Lazarragari zor diote izena; hain justu ere, 1547 eta 1548 urte artean Barrundiako Larrea herrian jaiotako eta 1605 urteko apirilaren 12an hil zen euskal idazleari. Oñatiko jatorrizko oinetxetik abiatuta, 1439 urteaz geroztik, erroak Arabako ekialdeko lautadan finkatuta zituen noblezia txikiko familiakoa izan zen Larreako Lazarraga dorreko jauna.

XVI. mendeko euskarazko testu bakarretakoa

Bernart Etxeparerekin batera, euskal literaturan, Pizkunde garaiko egilerik bakarrenetakoa da eta Hego Euskal Herriko zaharrena. Haren bi idazlan ezagutzen dira: gaztelaniaz idatzita dagoen lazarragatarren leinuaren kronika genealogiko bat eta euskarazko Lazarragaren eskuizkribua izeneko lanen bilduma. XVI. mendetik iritsi den euskarazko testu bakarretakoa da azken hori. Argitaratu denaren arabera, Borja Aginagalde historialariak aurkitu omen zuen Madrilgo zaharki-salerosle batean; Gipuzkoako Diputazioak erosi zuen eta 2004. urteko otsailean aurkeztu zuen jendaurrean.

Eskuizkribuaren datazioa ez da ziurra, baina egindako azterketek ondorioztatu dute 1567tik 1602ra bitartean idatzi omen zuela, eta, hortaz, tresna ezinhobe bat dela XVI eta XVII mendeetako euskararen, eta, bereziki, Arabako euskalkia eta mendebaleko euskararen historia argitzeko, inoiz dokumentatu gabeko adizki eta hitzak dakartzalako. Horrez gain, Euskal Herria (eusquel erria) izena dakarren lehen idazkia ere bada; hiru aldiz agertzen da eskuizkribu osoan.

Artzain nobela eta poema zein kantuen bilduma

Bi zatitan dago banatuta lan sorta: batetik, heren bat hartzen duen artzain nobela; eta bestetik, askotariko poema eta kantuen bilduma, haietarik 37 euskaraz idatziak. Denera, 51 orri (102 orrialde) ditu, eta 111.000 bat karaktere; gehienak euskaraz idatzita daudenak (% 88 inguru), eta gainerakoak gaztelaniaz; pleguak, dena dela, ez daude osorik, eta gutxienez beste hamasei orri galdu dira.

Gaur egun, Gasteizko Bibat museoan dago ikusgai Lazarragaren eskuizkribu originala, Gipuzkoako eta Arabako Diputazioen arteko hitzarmen bati esker. Horrez gain, Interneten ere badago guztien eskura.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago