Sebastian Iradierren ondarea babesteko eskatu dute

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2018ko aza. 28a, 14:24

Manifestuaren sinatzaileak, Iradierren Gasteizko etxebizitzan. KALEZ KALE

Gasteizko Udalak duela bi urte adostutako oroigarria eraiki dadin aldarrikatu dute 70tik gora lagunek.

La Paloma eta El Arreglito habanera ospetsuak sortu zituen Sebastian Iradier musikariaren ondarea babesteko eta zabaltzeko deia egin dute Gasteizen. Ai nire herria izeneko manifestu bat ere aurkeztu dute errioxarraren memoria berreskuratzearen alde. Bingen Mendizabal, Sabin Salaberri, Dorleta Martinez de Aramaiona, Enrike Ruiz de Gordoa, Kepa Fernandez de Retana, Mentxu Ramilo, Pintu Alegria edo Maribel Larrañaga daude sinatzaileen artean.

"Gasteizen Sebastian Iradierren gaineko espazio iraunkor baten bideragarritasuna aztertzea nahi dugu; museo-etxe bat hiriko erreferentzia turistikoa bilakatu, eta Sebastian Iradier bera eta musikaren historiara zer ekarri zuen ezagutaraztea". Halaber, gogoratu dute orain dela bi urte pasatxo Gasteizko Udalak aho batez erabaki zuela Iradierren izenean estatua edo busto bat eraikitzea eta orain arte ez dela ezer egin. "Uste dugu badela garaia Iradierren izenak eta lanak merezi duten lekuan jartzeko".

Musikaren historian, azken 150 urteetan, Iradierrek izan duen garrantzia gutxietsi egin dela uste dute manifestuaren sinatzaileek eta musikagilearen inguruko ezjakintasuna nagusitu dela. Izan ere, mundu osoan bere egin dute La PalomaKubako nazio folklorearen adibide gorenetakoa da, Zanzibarren ezkontzak ospatzeko kantatzen dute, Errumanian dolu eguna laguntzeko, Mexikon ereserkia da, Alemanian jaietan jotzen dute. Halaber, hainbat aldiz zinemara eraman dute La Paloma; ehunka filmetako soinu bandetan sartu baitute, Coppolaren Aitabitxia kasu, edo azkenaldian  Victor Cabacoren Vitoria, 3 de marzo pelikulan.

Bestetik, Georges Bizet-ek Carmen operan sartu zuen El Arreglito habanera, Iradier aipatu gabe, egile ezezagunarena zela pentsatzen zuelako. 

Erlazionatuak

Sebastian Iradierren La Paloma

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2016 aza 03 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago