Sebastian Iradier ezagutzera emateko dokumentala filmatu dute AEBetan

Estitxu Ugarte 2016ko aza. 4a, 15:15

Sebastian Iradier konpositore arabarra.

Habanerak ezagutarazi zituen Sebastian Iradier Lantziegoko konpositorearen inguruan dokumentala filmatu dute Maribel eta Maite Larrañaga ahizpek.

 

La paloma habanera ezagunaren euskarazko bertsio bat egin zuen Xipri Larrañaga Gasteizko musikagileak 2010. urtean. Jakin-min handia zuen Larrañagak Sebastian Iradierrekin; haren alaba Maribel Larrañagak azaldu duen bezala, "hain zuzen, hil aurretik, musikaren arloan aitak egin zuen azken lana euskarazko bertsio hori izan zen". Aitari bezala, alabari ere, Sebastian Iradier konpositorearen inguruan dagoen ezjakintasuna "bitxia" iruditzen zaio eta, horregatik, AEBetan zine-produktorea izanik, Iradier ezagutzera emateko zine egitasmoa martxan jarri du. Iradierren arrastoaren atzetik bataiatu du dokumentala, eta lantziegarraren inguruan inork ez dakien zenbait kontu argitzeko balioko duela uste du.

AEBetako Park City hirian (Utah) duten MI-square izeneko zine ekoiztetxetik ari dira zuzentzen Maribel eta Maite Larrañaga ahizpak dokumentala. Iaz hasi ziren lanketarekin eta luzea izaten ari da, Iradierren bizitzan murgiltzea ez delako lan erraza. "Gasteizen, Agurainen, Lantziegon, Parisen, Madrilen, Mexikon, Kuban, eta AEBetan filmatu dugu". Hasiera batean gauza txikia izango zela uste zuten, baina hasierako planak aldatu dira, ikusita Iradierren musikak izan duen ospe handia, milaka bertsio egin direla, eta jende ugarik, Iradierrena dela jakin gabe, bere musika entzun eta isilean kantatzen duela.

Oraindik grabazio batzuk egin behar dituzte Gasteizen, Agurainen eta Lantziegon, baina berehala hasiko dira muntaiarekin, eta postprodukzioa Mexikoko La Vecindad gunean egingo dute. Lana amaitzeko eperik ez dute jarri larrañagatarrek. "Asmo handiko postprodukzioa egin nahi dugu, ez gara arinegi ibiliko, filma ez dago oraindik guk nahi dugun tokian", aitortu du Maribel Larrañagak. Hortaz, sei hilabeterako lana dute aurretik, eta gero banaketari ekingo diote; banaketa zabala egiteko asmoa dute.

Lantalde konprometitua

Maite eta Maribel Larrañagarekin batera, Euskal Herritik Fina Salegi produktorea lan egiten ari da dokumentalean, Javier La Peña argazki zuzendariak kamara eta argiztatzaile bezala parte hartu du, Joseba Cabezas musikariak Iradierren musikaren bertsioak egin ditu, eta Rafael Fernandez Viedmak filma musikatu du. Diru aldetik ez dute instituzioen laguntzarik lortu, baina  Aguraingo udal bandak eta abesbatzak, Lantziegoko Riolanc upategiak, Gasteizko Udalak, eta zenbait norbanakok ahal izan duten moduan bultzatu dute proiektua. "Maila pertsonalean asko konprometitu dira egitasmoarekin, maitasun handiarekin; zorte handia izan da horrelako taldearekin lan egitea", dio Larrañagak

Ahizpek osatutako taldearen lana ez da makala izan, Iradier konpositorearen inguruan informazio gutxi baitago, eta gainera, egiaztatu gabeko gauza asko idatzi dira konpositoreari buruz. Herrialde ezberdinetako hogei bat lagun elkarrizketatu dituzte dokumentala egiteko, besteak beste, Sabin Salaberri musikoa eta Kepa Ruiz de Egino etnografoa.

Halaber, Pio Barojak 30. hamarkadan idatzi zuen La sonrisa de Iradier liburua baliatu dute lan egiteko baita Alvaro Fernandez Roda madrildarraren eta Andres Okarizen liburuak ere. 

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 81. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago