Gaur hasi da Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa soziala. Euskal Herri osoan aldi berean egingo den ariketak hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea du xede. Ariketan izena eman duten lagunek 11 egunetan ahobizi edo belarriprest rola beteko dute. Ahobiziek euskara ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo diete 11 egunetan eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egin (ulertzen baldin badute, euskaraz jarraituko dute). Belarriprest rola hartu dutenek, berriz, euskaraz hitz egiteko gai diren mintzakide guztiei euskaraz hitz egiteko gonbitea egingo diete.
Irailaren 20an ireki zen izen-emate epea oraindik itxi ez den arren (Euskaraldiko lehen egunetan irekita egongo da ariketara batzen diren azken orduko lagunek izena eman ahal izan dezaten), bihartik aurrera arituko diren partaideen datuak eman dituzte Baionan egin den aurkezpen ekitaldian. Guztira, 196.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian; partaide horietatik %74ek eman dute ahobizi modura jarduteko izena, eta %26 arituko dira belarriprest rolean.
Araban 17.500 lagunek eman dute izena, Bizkaian 68.500 lagunek, Gipuzkoan 84.000 izango dira, Ipar Euskal Herrian 5.000 eta Nafarroan 20.500. Izena eman dutenen %63a emakumezkoa izan dela azpimarratu dute, eta gazteen artean "oso harrera ona" izan duela.