"Leizeak ixtea ez da irtenbide bakarra; kudeaketa behar da"

Juanma Gallego 2018ko aza. 25a, 20:29
Amaia Castellano espeleologoa. / LAURENT RICHARD

Natur Zientzien III. Topaketan parte hartu du Amaia Castellano geologoak, eta bertan leizeen kudeaketari buruzko hainbat proposamen mahai gainean jarri ditu. Ondare geologikoa babesteko kudeaketa integrala beharrezkoa dela babestu du adituak.

Geologia ikasten ari zela izan zuen lehen kontaktua espeleologiarekin Amaia Castellanok (Gasteiz, 1980), eta, ordudanik, lurpeko munduari lotuta egon da beti. Orain doktoretza tesia egiten ari da karbonatita izeneko arrokei buruz, baina ardura horrek ez dio kendu lurpera joateko gogoa. Bertan guztiz bestelakoa den mundua dagoela dio, ezagutu eta babestu beharrekoa.

Zer irakatsi zizuten unibertsitatean espeleologiarekiko hainbeste zaletasun garatzeko?

Unibertsitate garaian hasi nintzen, baina ez unibertsitatean bertan. Tamalez, eskoletan oso gutxi irakatsi ziguten karstei buruz, baina gehiago irakatsi behar direlakoan nago. Nire zaletasuna kuadrillan hasi zen. Lagun batek esan zigun gogoa zuela espeleologia egiteko, eta Gasteizko Espeleologia Taldera jo genuen. Lagun horrek taldea utzi zuen, fisikoki oso gogorra zela esanez, baina gainerako hirurak hor geratu ginen.

Zergatik uste duzu karstei buruz gehiago irakatsi behar dela. Hain garrantzitsuak al dira?

Pirinioetatik Galiziaraino zabaltzen da kareharria, eta Euskal Herri gehiena karsta da. Horregatik, gurean oso ohikoak dira haitzuloak, osinak, dolinak eta antzeko estrukturak. Hala izanda ere, oso gutxi ezagutzen dira. Jende askok, agian telebistagatik edo, oso ondo ezagutzen ditu Himalaiako mendiak edo Venezuelako tepuiak, baina bertoko ondare geologikoa ez dute apenas ezagutzen. Guztion errua da, agian, ezagutza hori zabaldu ez izana. Ezaguna da esaldia: "Ezagutzen ez dena ezin da babestu". Eta garrantzitsua da. Adibidez, bertoko akuiferoak oso hauskorrak dira, beste inguru mota batzuen parean. Askoz errazagoa da karst bat kutsatzea. Osin batean zaborra botatzen bada, iragazkirik ez dago: berehala guztia doa barrura, maila freatikoraino.

Azken urteetan kutsadura mailetan onerako bilakaerarik ikusi al duzu?

Ez, ez doa onera. Euskal Espeleologoen Elkargoan noizean behin zabor asko duten leizeetara joaten gara. Normalean diru-laguntza izaten dugu horretarako, baina gehienetan hor geratzen da kontua. Administrazioak jarraipen handiagoa egin beharko luke kasu horietan: jendearen artean kontzientziazioa sortzeko baliatu behar dira halako egoerak. Adibidez, azaltzeko karsta zergatik kutsatzen den hain erraz.

Orduan, benetako zabortegiak al daude hor?

Bai, hala da. Baso-pistak gertu dituzten leizeen kasuan, erraza da autoarekin igo eta osin batean zaborra botatzea. Ulertezina da, baina bada hori egiten duen jendea. Behin Badaiako osin batean zorua ere ez nuen zapaldu, horrenbeste zabor zegoen eta. Gero, dokumentazioa begiratuta, ikusi nuen 1960ko hamarkadatik bertatik esaten zela hor zabortegia zegoela. Etsigarria da, zeren oso ondo baitakizu leizea garbitu eta urte batzuetara berriro zaborrez beteko dutela.

Hor behean altxor asko geratzen al dira aurkitzeko?

Sistema handienak aurkituta daude, baina, noizean behin, gauza gehiago ateratzen dira argitara. Adibidez, Gorobel mendizerran SI-44 izeneko leize-sistema dago. Aurkitu zenean, 40 kilometro ziren, baina galeria berriak aurkitzen ari dira. Kontuan izan behar da eskalatzeko gero eta teknika hobeagoak ditugula, eta argiztapena ere asko hobetu dela: LED argiei esker, lehen karburoekin ikusten ez zena erraz ikusten dugu orain. Gainera, espeleologoak burugogorrak gara. Modu batean edo bestean, zulo bat ikusten dugunean beti aurkituko dugu pasabidea.

Segurtasuna faktore garrantzitsua izango da halako erabaki bat hartzerakoan, ezta?

Bai, noski, baina kontu zaila da. Batzuetan ikusten duzu bide bat gaizki dagoela, eta, halere, aurrera egiten duzu. Baina oso zaila da baloratzea noraino den arriskutsua bide bat hartzea. Iaz, espeleologo bat hil zen Galdamesen [Bizkaia], leizea goitik behera amildu zitzaionean. Hor ez duzu ezer egiterik, baina egia da gero halako ezbeharrak buruan geratzen zaizkizula. Dena dela, oso istripu gutxi daudela esango nuke. Zenbat jende hiltzen da, adibidez, errepidean?

Arrisku horren truke, sentipen polita izan behar duzue hor barruan. Nolakoa da?

Oso zaila da hori azaltzea; sentsazio bat da. Guztiz bestelakoa den mundu bat dago bertan. Gainera, erabaki ahal duzu norekin joan nahi duzun, zenbat denboraz... jakinda, gehienetan, beste inorekin ez duzula topo egingo han. Horrek magia berezia du.

Jenderik ez, baina bestelako bizidun askorik al dago lurpean?

Badira, bai, eta batzuetan uste baino askoz gehiago. Baina gehienetan ez dira ikusten; edo, behintzat, ez zara konturatzen. Horregatik, oso interesgarria da jende desberdinarekin joatea, bakoitzaren ikuspuntua daukazulako. Dena dela, batzuetan ez dago oso garbi non dagoen mineralen eta bizidunen arteko muga. Duela urte batzuk, lagun geologo bat eta biok Arabako leize batera joan ginen topografia egitera eta esploratzera. Horretan ari ginela, oso lokatz bitxiak aurkitu genituen. Unibertsitatera jo genuen, mineralogista batekin hitz egitera. Mikroskopio bidezko analisia egin genuen, baina iritsi zen une bat non oso ondo ez genekien lokatz hori mikroorganismoek egindakoa ala kimika hutsak sortutakoa ote zen. Mugak egon arren, ikertzea beti esperientzia polita da.

Topografia aipatu duzu. Nola osatzen duzue lurpeko munduaren mapa?

Lan handia egin behar da hori egiteko, eta, egia esanda, normalean jende gutxi apuntatzen da topografia egitera goazenean. Ohi baino astiroago zoaz, lokatz eta ur artean, hotz askorekin. Normalean saiatzen gara esplorazioa eta topografia aldi berean egiten. Duela gutxira arte zinta metrikoa erabiltzen genuen neurketak egiteko, iparrorratza eta inklinometroarekin batera, baina orain laser bidezko neurketak egiten ditugu.

Eta informazio hori guztia nonbaiten biltzen al da. Ba al dago leizeen Google maps bat?

Bai, Euskal Herrian zentralizatuta daukagu. Euskal Espeleologoen Elkargoak biltzen du informazio guztia, eta webgunean partekatzen dugu. Horrez gain, Karaitza aldizkarian argitaratzen ditugu daturik interesgarrienak.

Doktoretza tesia egiten ari zara, baina, kasu honetan, espeleologiarekin zerikusirik ez dauka.

Lurpeko geologiari buruzko tesia gustura egingo nukeen, baina hemen oso zaila da gaiari buruzko ikerketak egitea, inori ez baitzaio interesatzen. Nire tesian Angolako karbonatitak ikertzen ari naiz; bolkanikoak zein plutonikoak izan daitezkeen arrokak dira. Karbonatozkoak dira, kareharrien antzekoak; baina, hauek ez bezala, arroka igneoak dira.

Eta gai horrek ba al du interesik?

Tamalez, interes gehiegi. Mineral estrategikoak dituzte barruan, elektronikarako erabilgarri izan daitezkeenak. Baina zientziaren aldetik ere garrantzi handia dute, eta hori da niri interesatzen zaidana. Barruan magma burbuila oso ñimiñoak dituzte, eta, besteak beste, harri horien jatorria zein den argitzen saiatzen ari naiz. Baina ikerketa latza izan da. Birritan joan naiz Angolara, baina bisa lortzeko bi urte eman nituen. Hor ere ez nuen laguntza askorik lortu. Egoera nahiko kaskarrean daude Angolan, duela gutxi oso gerrate latza izan dutelako. Oraindik ere pertsonen aurkako minak daude mendietan. Emakumea izanda, are zailagoa izan zen kontua. Bertako mineral-hobi batera joan nintzen, baina bertan meategi bat zegoen, eta, ikertzeko baimena izan arren, ezin nuen harririk hartu. Baina hartu nituen, noski. Harri horiek hona ekartzea ere zaila izan zen. Hor utzi nituen prestatuta, baina gero oso egoera txarrean bidali zizkidaten, batzuetan moztuta, berandu, nomenklatura aldatuta... Tesia egiten duzunean askotan administrazioak ez ditu halako gauzak kontuan hartzen, baina egoera ez da laborategi batean tesia egitearen parekoa.

Natur Zientzien topaketan leizeen itxierari buruz hitz egin duzu. Zergatik gai hori?

Antolakuntzatik gai hori proposatu zidaten, espeleologoen iritzia ezagutu nahi zutelako; kideen iritziak biltzen saiatu naiz ere. Egia esanda, aurreiritzi asko daude. Guztiok pentsatzen dugu leize bat giltzapean jarriz gero leizea babesten dugula, baina gaia sakonki aztertzen duzunean konturatzen zara gauzak ez direla hain errazak. Itxierak berak jendea erakartzen du, eta jende asko haserretzen da leizea itxita ikusten duenean. Azkenean, harresi asko apurtzen dira, horren gaineko kudeaketa egokirik ez dagoelako. Nire ustez, heziketa beharrezkoa da, baina Bigarren Hezkuntzan gero eta gutxiago irakasten dira natur zientziak. Leizeen inguruetan ondare geologikoa azaltzen duten kartel gehiago behar dira. Zenbait leizetan agian galeria bakar batzuk baino ez dira itxi behar, edo urtaro zehatz batzuetan, animalien beharren arabera. Funtsean, kudeaketa integrala behar da, geologoen, biologoen eta arkeologoen iritzia kontuan hartuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide