Izen-emateak zabalik jarraitzen badu ere, dagoeneko milaka euskaldunek eman dute izena Euskaraldian. Gure lurraldeko eremu guztietan ere ehunka lagunek egin dute ahobizi eta belarriprest izateko hautua.
Izena eman duten guztiek Euskaraldia hasi baino lehen beraien txapa jaso beharko dute; tokian tokiko batzordeek adierazitako lekuetan, eta Gasteizen, edozein gizarte etxetan zein Oihaneder Euskararen Etxean.
Euskaraldian parte hartuko duten lagun guztiei ikerketa bat egin ahal izateko datuak ematea eskatzen zaie gainera. Garrantzitsua da ariketa sozial honek ematen dituen emaitzak baloratu eta etorkizunera begira eman beharreko pausuak zehazten laguntzeko. Galdetegia online bete daiteke galdera erraz batzuei erantzuna emanez.
ALEA ere Euskaraldiarekin bat
ALEAko lantade guztiak ere bat egin nahi izan dugu Euskaraldiarekin eta gaur goizean izan gara Oihaneder Euskararen Etxean. Bakoitzak bere txapa jaso, eta azken orduko izen-emate bat tarteko, gu ere prest gaude hamaika egun iraungo dituen erronkari eusteko.