Sei urterekin egin zituen lehendabiziko saioak euskal dantzekin, eta, geroztik, hamaika plaza egin eta gero, tradizioa oinarri, dantza garaikidean bilatu ditu unibertso berriak Jon Mayak (Errenteria, 1977), Kukai taldearen hauspoarekin. 'Oskara' lan arrakastatsua taula gainean dutela, 'Erritu' aurkeztu berri dute; Sharon Fridman koreografoarekin batera landutako dantza eta musika errituala da azkenekoa. Bidaia horren parte izan dira ikusleak, eta txalo zaparrada jaso dute Gasteizko Principal antzokian.
Lehendabiziko aurkezpenak egin dituzue, besteak beste, Gasteizen. Nolako sentsazioa utzi dizue?
Oso pozik gaude, eta erditze ondorengo gorputzarekin. Hamar egunetan sei emanaldi izan dira, muntatu eta desmuntatu, egokitzapenak, ardurak... Nekatuta, alde batetik. Eta oso pozik, beste alde batetik, 4.500 bat lagun izan ditugulako ikuskizunaren aurkezpenean. Jendearekin feedback-a oso ona izan da; antzokian lehenengo erantzuna polita, eta gerora ere arrastoa utzi du, ukituta ala hunkituta utzi ditu asko. Ikuskizun horrek hori dauka, bere gordintasunean, oso sakonetik egindako lana dela, eta sakonera heltzen dela.
"Barnealdera eta ingurunera" inoiz ez bezala gerturatu zaituen prozesua izan dela aipatu duzu Twitterren.
Interpreteek prozesuan euren barne-barneko sentimenduetatik lan egin dute, eta hortik abiatuta egin dugu lan. Beraientzat prozesua bera eta emanaldi bakoitza bidaia potente bat izan da, non pasatu diren oso leku emozionaletatik, eta, teknikatik haratago, beraien partetik asko eman duten. Inguruan gaudenok ere, oholtzara igotzen ez garenok ere, asko eman dugu prozesu honetan eta hori guztia oholtzan azaleratzen dela eta jendearengana heltzen dela ikustea poztekoa da.
Sharon Fridman koreografoaren lana lagungarri izan da behar horretan?
Bai, faktore desberdinak izan dira. Alde batetik, dantzakera eta dantza teknika aldetik, Sharonen teknika oso lagungarri izan da, eta koreografia ulertzeko, marrazteko eta konposatzeko daukan moduak eragina izan du. Alderdi espirituala lantzen, bestalde, Antonio Ramirez-Stabivo aipatu nahiko nuke dramaturgia laguntzaile moduan. Oso inportantea izan da norberak bere egiatik eraikitzea; pertsonen eta egoeren muturreraino joatea, eta bide horretan destilatzen diren detaileetatik eraikitzea narratiba eta koreografia. Uste dut urrats bat izan dela guretzat, inflexio puntu bat, eta, zalantzarik gabe, Sharonen eskua sumatzen da horretan.
Zein izan zen lan honetarako abiapuntua?
Mugarri desberdinak daude. Erritualen gaia, espazio espiritualen gaia aspalditik neraman buruan bueltaka, baina gakoa izan zen telefonoa hartu eta Sharonekin hizketan hastea. Harremana hasita, bakoitzaren unibertsoak ezagutzeko tailer bat egin genuen iaz, eta aste horretan atera ziren lehen zantzuak ikuskizunak hartuko zuen norabidearekin. Han erabaki zen pertsonaia baten bizitza zikloaz hitz egingo zela ikuskizunean, eta errepikapenaren eta esfortzuaren bidez iritsiko ginela lagun horren barrualdera. Hortik aurrera, elementuak enkajatzeko lana izan da.
Sormenak izan behar du mugarik?
Uste dut ez dela mugarik. Egon behar du koherentzia bat gaiarekiko, ibilbidearekiko, une horretan azaldu nahi duzunarekiko... pertsonalki gustatzen zait ideia batekiko koherentzia bat mantentzea, eta ez soilik erabaki estetiko edo momentuko erabakien arabera. Baina sormen prozesu bat eta sormen lan bat beti abiatu behar da mugarik gabe.
Zer bilatzen du Kukaik?
Uste dut orain dela 16 urte jaio gineneko ideia horri jarraipena ematen diola. Argi dago sorkuntza garaikide bat egiten ari dela euskal dantza eta euskal kultura tradizionala oinarri dituena; hori da iturria, hortik abiatu gara, baina egia da, baita ere, urteek aurrera egin ahala garapen bat izan dela, eta garapen estetiko-estilistiko bat eta esperientzia bat dagoela, eta hori igartzen da.
Kontziente zarete urte hauetan apurtu dituzuen harresiez, estereotipoez...?
Zaila da norbera kontziente izatea halako gauzez. Egiten duguna ez dugu ezer erakusteko egiten, edo inongo lekziorik emateko... Egiten duguna egiten dugu horretan sinisten dugulako. Batzuetan kuriosoa egiten zait nola orain oso modernotzat hartzen diren jarrerak duela 60 urte oso arruntak ziren; gizonak gizonekin dantzatzea edo gona janztea, esaterako. Badirudi gauza berritzaile bat egiten ari zarela, eta ez, orain dela mende erdi bat naturaltasun osoz egiten zen; horrek asko adierazten du gure gizarteak bizi duen momentuaz. Genero kontuetan, niri pertsonalki iruditzen zait horren gainetik egon behar dugula, eta, diskriminazio positiboa kasu askotan egin behar bada ere, pertsonak pertsona bezala tratatu behar ditugu, ezberdintasunen gainetik. Kasu honetan dantzariak hori dira: dantzariak, eta ez neska edo mutilak. Estetikoki ere hor, egia da, ahalegin bat egin dugu jantzien diseinuetan, norabide horretan lan egiteko.
Aurreiritziei aurre egin behar diezue oraindik?
Bai. Adibide modura, aurrekoan kazetari batek galdetu zidan zenbat neska eta zenbat mutil dauden taldean. Berdintasun batean kokatu nahi dugu askotan, eta galdera horiekin genero ezberdintasuna bultzatzen ari gara. Nik ez dizut esango zenbat mutil eta neska dauden, zenbat dantzari dauden eta euren izen-abizenak emango dizkizut. Batzuetan iruditzen zait terminologian eta moduetan asko dugula hobetzeko, eta berdintasuna ere etorriko da genero kontuak gainditzen ditugunean.
"Kulturaren aldeko apustuek horrelako emaitzak dakartzate" idatzi zenuen sare sozialetan 'Erritu' aurkeztu berri. Apusturik bada?
Julen Mendoza Errenteriako alkateari esan nion, ikuskizunaren ostean hunkituta txio bat idatzi ostean. Errenteriakoa naiz, Kukai ere bertako konpainia, sorreratik gaude han, bertan formatu gara, eta momentu honetan Kukai konpainia egoiliarra da eta funtzio bat betetzen du. Garbi dago Errenteriako Udalak apustu bat egin duela kulturarengatik, horren adibide bi konpainia erresidente izatea da: Kukai eta Dejabu. Uste dut biak emaitza interesgarriak ematen ari garela, eta zalantzarik ez dago apustua egiten denean, baliabideak jartzen direnean, lanerako kontestuak jartzen direnean emaitzak etorri egiten direla.
Inguruari begiratuta, salbuespena da?
Betiere zerekin alderatzen den. Zalantzarik gabe, eremu publiko eta pribatuaren arteko lankidetzan oraindik aurrerapausoak eman daitezke, eta herri honetan dauden kultur ekipamendu, dinamika eta baliabideen arteko harremana estutuko balitz, emaitza hobeak lirateke. Ebrotik behera, Euskal Herrira begiratzen dutenean zortekotzat gaituzte, eta neurri batean egia da, baina uste dut gure parametroak Europari begira jarri behar ditugula, langabezian edo beste alor batzuetan egiten dugun moduan; arte eszenikoen esparrua oso prekarioa da eta alanbre batean bizi gara. Bide luzea dago egiteko, esate baterako, hezkuntza eta sorkuntza munduak bateratuta, eta gizartearen ohituretan ere eraginez; ezin da bakarrik kultura aisi bezala irudikatu eta bizi. Eta zer esanik ez arte eszenikoetako langileek dituzten baldintzen inguruan; kuriosoa da askotan zenbat jende bizi den kultur esparrutik eta horietako zenbat diren sortzaileak... harrituta geratuko ginateke.
"Izan dantzari, bizi dantzari. Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko. Gora herria!", Max sarietako eskertza ondo gogoan geratu zaigu.
Sekulako egun baten osteko eskertza izan zen. Negu Gorriak zalea izan naiz, eta mezu hori eraman nahi izan nuen taula gainera. Gure hizkuntza eta gure kultura transmititzen jakin izan duten haiei nahi izan nien zuzendu saria. Antolatu egiten den herriak, lantaldean ari denak egingo du aurrera.