Azaroak 11, egun berezia. Gaur baita Behobia-Donostia lasterketa. Kirioak sabelean dantzan. Ohiko gosaria, betiko zapatilak, kamiseta eta gainontzekoak. Lasterketa egunean ezin dira frogak egin edo zapatila berriak jantzi.
Goizeko zortziak aldera Gasteiztik irteera, kotxez. Jakin badakigu autobusak antolatu direla baina nahiago izaten dugu geure kabuz joan. Izan ere, gehienak 07:00ak aldera ateratzen dira eta gu 16. taldean aterako gara. Hau da, 11:22etan aterako gara Behobiatik, egia esan, ia-ia Irunetik. Azken urte hauetan hor baitago irteera puntua.
Bidaia ezin hobeto egin dugu eta Donostian sartu bezain pronto ikusten dira korrikalariak leku guztietatik. Amara auzoan aparkalekua berehala aurkitu dugu. Urduritasun puntutxoa dago partaide guztien agurretan. “Zortea izan”, “ondo bukatu”, “poliki joan, gaur beroa egingo du”. Eusko Trenen txartelak euro bat balio du Ficobara joateko. Trenean ia-ia kabitu ezinik, hor multzo ikaragarria bagoietan sartuta irteera puntura joateko. Gehien entzuten den hizkuntza euskara da, halere, katalana eta frantsesa ere asko entzuten da. Ingelesa pitin bat gutxiago. Kamisetak era askotakoak dira; antolakuntzak emandakoa, berde kolorekoa da gehien ikusten dena.
Ficobara ailegatu bezain pronto, boluntarioek berehala erakutsi digute bidea autobusak hartzeko eta Behobiara joateko. Dena primeran antolatuta dago. 30.000tik gora lasterketaritik gora gara eta, jakina, dena puntu-puntuan egon behar, bestela…
Behobian gaude eta han ikusi dugu gure pankarta: “16. taldea, irteera 11:22etan”. Pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen ari gara irteera puntura. Espaloiak arropaz beterik daude, korrikalariek kamisetak eramaten dituzte-ditugu, irten baino lehen ez hozteko eta hasi bezain pronto botatzen dute-dugu. Musika, argazkiak, besarkadak, irteera berehala izango da.
Lau, hiru, bi, bat, bagoaz. Emozioa, zirrara, kirioak sabelean, bata besteari animoak emanez. “Tira”, “aurrera”, “gero eta gutxiago falta da”, “baietz bukatu” eta era horretako animoak entzuten dira. Gu beti honako esaerarekin aritzen gara lasterketa guztietan: “Zaharrak bezala hasi, gazteak bezalaxe bukatzeko”. Lehen kilometroetan erritmoa oso motela da, errepidea korrikalariz beteta dagoelako. Lehen kilometroetan Irun zeharkatzen dugu; jendetza ikaragarria.
Irun atzean utzi eta hasi gara igotzen. Jendetza ikaragarria espaloiaren bi aldeetan, etxeko leihoetan ere jendea animatzen. Gehien entzuten direnak “aupa neskak”, “eutsi goiari”, “benga, benga aurrera”, noizbehinka “allez, allez”, baita “Visca Catalunya lliure”. Gure multzoan Betis taldeko kamisetekin tropeltxoa doa eta hauek jende guztiaren animoak jasotzen dituzte “Aupa el Betis”. Hau da hau! Batzuetan korrikalariok gu animatzeko bildu den jendeari txaloak eskaintzen dizkiogu. Merezi dute, nola ez bada!!.
Aurrera goaz, han ikusi dugu Gaintxurizketa, lehen mailako mendatea izango balitz bezala igarotzen dugu. Dagoeneko zortzigarren kilometro, eta tipi-tapa aurrera goaz. Orain jaitsiera lasai hartzeko unea. Errenteriara ailegatu baino lehenago hor dago espaloian animatzen bere musikarekin “betiko rockeroa”. Urterik urte hor dago rocka musika jartzen eta pirata banderarekin. Mundiala txo!!!
Errenterian sartzean ematen du Tourreko goi mailako etapan gaudela. Ikusleak leku guztietatik, ia-ia korrikalariok baino askoz gehiago. Txaloak, musika plazan, ematen du herrian jaiak direla. Zoragarria, txalogarria… Oilo ipurdia jartzen zaigu. Hemen ikusten baita lasterketa batek espaloira ateratzen diren ikusleek eta korrikalariek egiten dutela. Bata eta bestea oso garrantzitsuak baitira.
Pasaia, Herrera.. gero eta gutxiago falta zaigu. Miracruz gaindituta hor dugu helmuga. Hor une oso hunkigarria bizi izan dugu urdinez jantzitako korrikalari multzoarekin topo egin dugulako. Birikietako minbizia dutenen gaixoen alde ari dira korrika egiten.
Horretan gaudela, Zurriola pare-parean daukagu. Bukaera, bukaerara ailegatzen ari gara. Kursaalen inguruak bete-beterik, gainera korrikalarientzat alfonbra gorria da.
Bulebarrean sartzen ari gara, hau poza, hau zoramena!!! Milaka eta milaka ikusle eta korrikalariok ezin malkoei eutsi. Bukatu da bukatu da, akabo.
Zoragarria!!! Boluntarioei esker mila, bihotz-bihotzez. Ikusleei zer esanik ez, zuek gabe ez gara ezer. Lasterketa honek ez du parekorik. Gutxienez, behin egitea merezi du.