Beroketa lanetan hasi dira korrikalari arabarrak, Behobiara begira

Ibon Gorrisi 2018ko aza. 9a, 11:00

Lasterketan emakumezkoen parte-hartzea bultzatu nahi dute antolatzaileek. / DONOSTIAKO UDALA

Igande honetan, Eginez aldatu mundua lelopean, 30.000tik gora lasterketarik parte hartuko dute Behobia-Donostia lasterketan.

Aurten proba 54. ediziora iritsiko da, eta 30.000 korrikalariren muga gaindituko du. Horietatik mila inguru arabarrak izango dira. Partaide guztien artean azpimarratu behar da %24,48 emakumezkoak izango direla. Inoizko portzentaje handiena. Gainera, leloarekin bat eginez, antolatzaileek beste erronka jarri dute, 50/50/25 izenekoa, hau da, 2025. urterako emakumezkoen eta gizonezkoen partaidetza berdina izatea.

Ibilbidea azken urteetakoa izango da. Korrikalarien irteera 10:15ean izango da. Guztira hemeretzi taldetan egingo dute, dortsalen arabera. Kolore horiak, arrosak eta berdeak lehenak aterako dira, eta, batez bestean, egingo duten marka ordu bat eta hogei minutu ingurukoa izango da. 10:29an dortsal urdinekin osatutako bost talde hasiko dira ateratzen. Dortsal marroiarekin korrika egingo dutenak hiru talde izango dira, eta 10:57an aterako dira. Azkenik, korrikalarien kopururik handiena dortsal zuriarekin ariko direnak izango dira, guztira 6 talde. Guztien aurretik, urritasunen bat duten parte-hartzaileen eta irristalarien txanda izango da. 09:45ean eta 09:50ean irtengo dira.

Lasterketa honek zerbait berezia du, ezbairik gabe. Sentimenduz beteriko kilometroak, bai korrikalari nola ikusleentzat. Irteerako emozioa eta urduritasuna, lehen kilometroetako jendetza espaloiaren bi aldeetan. Gaintxurizketako igoerak Tourreko Pirinioetako etapa dirudi. Errenteria, Antxo, Mirakruz gaina, Gross auzoa, Zurriola pasealekura heltzeko eta txapeldunen erara helmugaratzeko. Betiere, helburua kirola, lagunartean izatea, gozatzea, bat egitea ikusle zein korrikalariekin, horixe bera da Behobia-Donostia. Egun bat ezin hobeto pasatzeko kirola eginez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago