"Vatikanoko artxiboa ez da hain sekretua, izenak hori badio ere"

Juanma Gallego 2018ko aza. 4a, 06:00
Udako oporrak baliatzen ditu Ruiz de Loizagak Gaubeara itzultzeko eta eskualdeari buruzko ikerketak burutzeko. / ALEA

Erroman 40 urte baino gehiago daramatza Saturnino Ruiz de Loizaga ikertzaileak, baina jaioterriko interesa bizirik mantendu du, eta Gaubeari buruzko ikerketa ugari kaleratu ditu. Oso kritiko azaldu da egungo hizkuntz-politikarekin, eta gaztelerazko toponimoak mantentzearen alde azaldu da.

Ikasturte osoa Erroman eman ohi du Saturnino Ruiz de Loizaga (Tuesta, 1939) ikertzaileak, baina uda etxera itzultzeko baliatzen du, bereziki Gaubeako historia eta kultura ikertzeko. Valpuestako kartularioa ikertzen ari zela, latinaren artean gazteleraz idatzitako lehen hitzak aurkitu zituen, baina oraindik ere historia liburuetan gazteleraren jaiotzaren abiapuntua Donemiliaga Kukulako monasterioan (Errioxa) izan zelako teoria nagusi da. Egoera horregatik kexu azaldu da Ruiz de Loizaga.

Aspalditik ez dira ezagutu Valpuestako kartularioari buruzko datu berriak. Zergatik?

Gaztelera Gaubeako inguru honetan jaio zela argi dago, baina burgostarrak oso gutxi lan egiten ari dira gai horretan. Errioxarrek aurrea hartu diete: erkidego horretako gobernuak diru andana xahutzen du gaztelera Errioxan jaio zelako teoria sustatzeko. Tira, Antonio Machadok zioen moduan, gaur egungo Gaztela txirotuta eta lokartuta dago. Hasiera batean bazirudien Valpuestaren aldeko ideiek aurrera egingo zutela, baina hainbat liskar izan dira herrian bertan gaia landu dutenen artean. Funtsezkoa da ikertzaile berriak gai horretan sartzea, baina orain kontua guztiz utzita dago. Ni naiz hori mugitzen ari den bakarra, baina nekatuta nago jada.

Valpuesta Burgosen badago ere, gertutasun handia du Gaubearekin, ezta?

Historikoki eta kulturalki, Valpuesta Gaubeako zati bat da, eta Gaubea, Gaztelaren parte. Diozesien banaketa egin zenean, Valpuestakoak lauzpabost herri hartu zituen, gaur egun Burgosen parte direnak. San Zadornil bereziki garrantzitsua zen garai horretan, batez ere bertako mendietan zegoen egurra zela eta. Lehen diozesi hori ia 300 urtez egon zen Burgosi lotuta.

Zerk eraman zintuen kartulario horiek ikertzera?

Nik paleografia ikasketak egin nituen Vatikanoan. Teologia ikasi nuen ere, baina historia ezin izan nuen ikasi ez zidatelako utzi. Latina ezagutzeak aukera eman zidan historiari buruzko gaietan sartzeko. Horregatik transkribatu nuen Valpuestako kartularioaren zati bat. Niretzat, historia lantzea birus baten modukoa izan da beti.

Orain Erroman badago ere, etxera itzuli nahi du apaizak. / ALEA

Nola izan zen lehen hitz horiei gazteleraren usaina antzemateko unea?

Oso une polita izan zen. Transkribatzen ari nintzela, konturatu nintzen aurrean nituela latinetik gaztelerazko bilakaeran agertutako lehen hitzak. Esaldi txikiak ziren, bizpahiru hitz elkarrekin. Baina lan asko dago oraindik egiteke kartulario hori eta beste hainbat agiri oinarri hartuta. Kartularioetan, jendeak monasterioei egiten zizkien dohaintzak agertzen dira, eta bertan aipatzen dira garai horretan zeuden lurraldeak, landareak, elizak, basoak, txoriak... gauza askori buruz hitz egiten da bertan; baina, latina ez badakizu, ez dago zer egiterik. Orain gehienetan nahasketa edo errefritoak baino ez dira idazten. Ikerketak ahalegin handia eskatzen du, eta aisialdiari ordu asko lapurtu behar zaizkio. Baina oso polita da. Garaiko jendearen bizitza oso latza zen, eta dohaintza horien bitartez salbazioa eskuratu nahi zuten. Lurrera baino, zerura begiratzen zuten. Kartularioetan dohaintza horiek idatzita jasotzen ziren, garai horretako mentalitateari jarraiki, bekatuen barkamenerako eta infernura ez joateko. Dohaintza horiei esker monasterioek lur asko eskuratu zituzten.

Nola oroitzen dituzu Vatikanoan emandako lehen urteak?

Vatikanoko Paleografia Eskolan ikasi nuen, baina, horretarako, latina jakin behar zen, noski. Azterketak egiten zizkiguten, eta dokumentu bat eman ziguten. Dokumentu horretatik laburpen antzeko bat egin behar genuen, gure hitzetan. Sergio Pagano genuen irakasle; orain Vatikanoko Artxibo Sekretuko zuzendaria da Pagano. Azterketetan beti Non Sufficit, jartzen zidan, nik egindako laburpena ez zela nahikoa adierazteko. Gauza bat da latina ulertzea, baina oso bestelakoa da zuzenean latinez idaztea, are gehiago horretarako eskarmenturik ez duzunean.

Eta zertan datza orain Vatikanoan egiten duzun lana?

XIII. eta XIV. mendeetako egile frantziskotarren edizio kritikoetan lanean ari naiz. Orain XII. mendean bizi izan zen Juan Duns Escoto teologo frantziskotarraren lan osoaren edizio kritikoa jorratzen ari gara. Gure ekarpenari esker, beato izendatu dute. Edizio kritiko horiek beharrezkoak dira testuak ondo jasotzeko. Garaiko idazle askok laguntzaileak zituzten, edo alboan ikasleak zituzten, apunteak hartzen. Hainbat lanetan, gainera, jatorrizko eskuizkriburik ez dago, eta ikasleek idatzitakoaz fidatu beharra dago. Horregatik, batzuetan diskurtso bakar baten bertsio desberdinak daude, eta horiek osatzea eta testuinguruan jartzea da gure lana. Askotan hitzak errepikatzen dira, testu zatiak falta dira... guk, finean, detektibe baten lanaren parekoa egiten dugu. Lantaldean aritzen gara, eta italiera da gure lan hizkuntza. Ordutegi gogorra dugu, eta gero eta gutxiago gara –horman eskegitako irudi bati begira–. Argazki horretan nirekin batera agertzen diren gehienak hil dira. Berez, Antonianum Unibertsitateko sail bat da gurea. Nik laster utziko dut lan hori, eta hona itzuliko naiz. 80 urte betetzear nago, eta ez dut itzuli nahi ikertzeko zaharregia izango naizen garai batean. Egunotan Arantzazun egon naiz, eta egongo diren 25 fraideetatik 7-8 gurpildun aulkian daude jada.

Nolakoa da gaur egungo egoera Vatikanoan?

Frantzisko aita santuak aire berria ekarri du Vatikanora. Ratzinger [Benedikto XVI.a] zientifikoagoa edo teologikoagoa zen, baina aita santu hau eskurago dago. Gauzak egiteko modu berria asmatu du, eta, Ratzingerrek ez bezala, guztiok ulertzen duten hizkuntza darabil. Igandero San Pedro plazan egiten dituen predikuetan igartzen da hori, oso erraz ulertzen diren mezuak zabaltzen dituelako. Oso gertukoa da, gainera. Buon pranzo ["janari ederra honakoa"] bezalako esamoldeak erabiltzen ditu. Orain arte bazirudien aita santu batek ezin zuela horrelakorik esan.

Vatikanoan 40 urte emanda, apaizak aita santu ugari ezagutu ditu. / RUIZ DE LOIZAGA

Kanpotik ikusita, Frantziskok etxe barruan arerio asko dituela ematen du...

Bai, aurkari batzuk baditu: tradizionalak. Baina nik uste dut oso ondo etorri den aita santua dela. Adibidez, finantzen alorrean, IOR Vatikanoko Bankuaren gaineko kontrola oso zorrotza da orain. Gainetik ezagutzen dut gaia, hemengo probintziako kontu batzuk eramaten nituelako; lehen, banku horretara askotariko jendea joaten zen. Baina askoz gehiago ezin dizut esan, ni mundu horretan sartuta ez nagoelako. Esan bezala, oso une egokian iritsi den aita santua izan da; gero eta gehiago, mundua elizatik aldentzen ari delako. Dena dela, ez pentsa, ni baino hiru urte gehiago dauzka, ikusteko dago ea honek ere dimisioa ez ote duen emango.

Vatikanoko artxibo sekretua gertutik ezagutzen duzu. Gauza asko al daude bertatik erauzteko?

Izen horrekin ezagutzen da, baina bertan ez dago jadanik sekretua den ia ezer. Aita santuarena zelako deitzen zioten horrela, baina, tira, sukaldariari ere "sukaldari sekretua" deitzen zioten. 1939. urtera arteko agiri guztiak ikusi ahal dituzu. Arazoa da horiek ulertzeko gai izatea, latinez daudelako; informazio horretan guztian latza da gauzak aurkitzea. Informazioaren %10 inguru baino ez da egongo katalogatuta agian. Zati batzuk digitalizatuta daude, baina benetan zinez handia da artxibo hori.

Lehen aipatu duzu Antonianum Unibertsitatean zaudela. Zertan bereizten da erakunde hori?

Gure unibertsitatean bereziki Zuzenbide Kanonikoa, Teologia eta Filosofia irakasten ditugu. Beste unibertsitate batzuk badaude Erroman, eta gurea da agian txikiena, ikasle kopuruari dagokionez, bederen. Elizarena den Unibertsitate Gregorianoa dago; Lateranense Unibertsitatea, jesuitena, eta dominikoek ere badute beraiena. Unibertsitate gehiegi daude agian, are gehiago, gero eta klero gutxiago dagoen garai hauetan. Horregatik, batzuk batu beharko dira, halabeharrez.

Aurrera begira, zer proiektu dituzu?

Erroman, Escotoren lanen edizioan jarraitzen dut. Hemen, Gesaltzari buruzko lan bat bukatu berri dut. Izugarria da hain txikia den herri bati buruz dagoen informazioa: 902. urtetik 1600. urtera arte, 300 dokumentu inguru daude. Bestetik, 1348. urteko izurrite larriak gurean izan zuen eraginari buruzko dokumentu berriak aurkitu ditut orain. Aurretik liburu bat idatzita daukat horri buruz, eta lan hori osatu nahiko nuke. 100 ale baino ez ditut aterako, bestela diru galera handia da eta. Egia esanda, liburu andana idatzi eta argitaratu ditut, baina jendeak ez du asko irakurtzen. Horietako asko gordeta ditut. Tira, dagoeneko ez dakit zer egin horrenbeste libururekin. Amazonera deitzekotan nago eta dena har dezaten, behinik behin leku gehiago izan ahal izateko [barrez].

Askotan esan duzu Gaubean euskal toponimia "inposatu" izan dela. Zergatik?

Hemen, jatorrizko toponimian ez dago euskararen arrastotik. Orain jarraitzen ari den bideak suposatzen du historiaren kontra joatea, eta inork ez du aitortu nahi kontu hau. Horregatik, ospe txarra daukat nik, baina ez zait axola. Arabak berezko istorioa du, baina guztiak gipuzkoar bilakatu nahi gaituzte, eta euskal nazionalismoaren frekuentzia kulturalean ez bazaude sartuta, ez duzu zer egiterik. Euskara inposatzen ari zarete hemen. Adibidez, Salinas herriak [Gatzaga] ez du euskal toponimorik, baina Gatzaga inposatu da. Honek ez du ez hanka ez bururik, Goierrin "campo azul" edo antzeko toponimoren bat sartzearen parekoa litzateke hau. Toponimo historikoak errespetatu behar dira. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, Los Angeles edo San Frantzisko lasai asko mantentzen dute, hori baita haien jatorria. Errioxan eta Burgosen ere, euskal jatorria duten toponimoak mantendu dituzte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide