Ez da denbora asko pasa Euskaraldian izena emateko epea ireki zenetik, baina gero eta argiago nabari da azken hilabeteotan lanpetuta izan gaituen ekimenak jada atzera bueltarik ez duela. Iristear daudela hamaika egunak, ate joka ditugula ahobizi eta belarriprestak. Hala ere, orain ez du balio "egin genezakeena egin dugu. Orain, jendeak egin dezala bere zatia" moduko gauzak esateak. Azken txanparen aurreko lasterraldian gauza asko ditugu egiteko oraindik.
Zer (eta nola) egin pentsatzea izan zen Euskaraldiaren batzordeen lehenengo lana. Erronka bikoitza: euskara ulertzen duten ahalik eta arabar gehien parte hartzera bultzatu, eta, horrekin batera, parte hartzerakoan hartu beharreko rolaren gainean "hezi". Euskalgintzan urtetan lan eskerga egindako jendearentzat nolabaiteko aldaketa ekarri du horrek: ohituta gaude sinadura, atxikimendu, bertaratze, aldekotasun… eske ibiltzen, ez hainbeste parte hartzeko moduaren eta izan beharreko jokabideen gainean herritarrak hezten. Eta, paradoxikoena: parte hartzera sutsu datorren zenbait jenderi nolabaiteko "galga" jartzeko beharra ere ikusi dugu bazterrotan ("-Ni, ahobizi, noski! – Ados, baina badakizu benetan zer esan nahi duen? Zer eskatzen duen hamaika egunez ahobizi izateak?").
Erronka bikoitz horretarako, garrantzitsua da gizartearen fluxuen eta herritarren joeren analisi pausatu samar bat egitea. Lan potoloa dirudi, baina ez da hainbesterako. Gure buruari itxuraz sinpleak diren galderak egiten hasi gaitezke; adibidez, "Zein dira Zigoitiko jende-bilgune garrantzitsuenak?", edo "Kapaz gara Kanpezuko mapa soziala osatzeko?". Neurri batean, gizartea antolatzen duten harreman-egiturek norainoko osasuna duten aztertzeko aukera ere ematen du Euskaraldiak (Gure Esku Dago dinamikaren antza handia du horretan). Azken finean, indartsu dauden kanalak aprobetxatzea da kontua. Eta, bai, esan dezakegu, ondorio goiztiarrak ateratzeko beldurrik gabe, Arabako hiriguneetatik kanporako gizarte-sareak trinkoak direla, eta dinamika bizia dutela.
Gorbeialdean ari gara gu, eta Euskaraldiaren izen-emateari begira egindako sustapen-lanean, hainbat jende-bilgune identifikatzea da egin dugun lehenengo lana: administrazio batzarrak, kirol eta kultur elkarte eta erakundeak, gizarte-eragileak, jendaurrera begirako establezimendu eta guneak. Zaletasunen, kokaleku geografikoaren, eguneroko eginbeharren eta aisialdia antolatzeko moduaren arabera egituratutako udalerri eta herriak aurkitu ditugu. Eta, oso garrantzitsua: gertu ditugu bilgune horiek guztiak, bai fisikoki, baita harremanen mailan ere. Batzorde anitz eta indartsu bat nahikoa da Arabako landa-eremuan bizi diren euskaldunak identifikatu eta beraiengana behar bezala iristeko bideak hautatzeko. Hori, gure alde (eta eremu urbanoetan bizi direnen bekaitz sanorako).
Hala ere, ez ditugu bertan goxo geratzeko motibo larregi. Gurea gertuko jendea da, baina ez da ehuneko ehunean antolatutako jendea. Badaude irismen gutxiko gizarte-taldeak, balizko parte-hartzaileak. Bide "ofizialik" ez badago, bestelakoak ibili behar dira beraiengana iristeko, ariketa benetan "masiboa" izatea nahi badugu. Eta, horrekin batera, parte hartuko dutenentzat terrenoa prestatu beharra ere badago: parte hartzaileen formazioari garrantzia handia ari gara ematen, eta ez hainbestekoa arrazoi linguistikoengatik (euskara ez ulertzeagatik) parte hartuko ez dutenen formazioari. Gurean (honek eremu urbanoarekin berdintzen gaitu) berebiziko garrantzia du horrek, hau da, erdaldunei, hamaika egunez, bidea libre utzi eta eroso sentitzen irakasteak.