Euskaraldia gorpuzten ari da

Juanma Gallego 2018ko ira. 26a, 13:14

Euskal Herrian hizkuntza ohiturak astindu nahi dituen ariketa sozialerako gutxiago falta denean, herriz herriko ekimenak indartu dira: hamaikakoak aurkeztu dira, eta izen-emate ofiziala abiatu da.

Gero eta gutxiago falta da azaroaren 23a iristeko; egun horretan hasi eta abenduaren 3ra luzatuko den ariketa sozialerako erritmoa indartzen hasia da. Aste honetan iritsi da mugarri garrantzitsuenetako bat: joan den ostegunean Euskaraldian izena emateko epea zabaldu da. Euskal Herri osoan izan da hitzordua, eta Iruñean egindako ospakizun dotore batean islatu dira herriz herri egiten ari diren ahaleginak. Gau horretan zabaldu da Euskaraldiaren abestia, Ines Osinaga, Las Tea Party eta La Basu artisten parte-hartzearekin.

Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean egin dute izen-emateari ateak irekitzen dizkion hasierako ekitaldia, eta dozenaka herritar gerturatu dira bertara, ahobizi edota belarriprest gisa aritzeko euren prestutasuna iragarriz. Politikagintzako, euskalgintzako eta gizarte mugimenduetako hainbat ordezkari azaldu dira, egitasmoari babesa adierazteko. Halere, ezinbestean, protagonismoa Gasteizko hamaikakoak izan du.

Talde horietakoa da Paul Urkijo zinemagilea. "Konpromisoa hartzeko garrantzia" nabarmendu du Urkijok, eta horregatik ahobizi rola hartuko du. Erremintari filmean izandako esperientzia ekarri du gogora: "Jende guztiak ez zekien euskaraz, ibili behar izan nuen batzuekin euskaraz eta besteekin erdaraz, baina saiatu nintzen ahalik eta gehien euskaraz egiten". Marina Sagastizabalek ere rol berdina hartuko zuela argi izan zuen hasieratik. "Normalean emakumeoi beti entzutearen rola egotzi zaigu, eta nik hitz egiteko gogoa daukat". Sagastizabalen ustez, "ekarpen handiagoa" egin daiteke modu horretan", non eta Gasteizen, "nahiko erdalduna den hiri batean", hain zuzen. Euskara ikasten ari den Carlos Villalba belarriprest izango da. "Hitz egiteko erraztasun handirik ez daukat, eta poliki-poliki joan behar dut". Argi dauka, ordea, belarriekin "adi" ibili behar duela.

Hamaika gogo

Herrialdean zehar hamaikako berriak aurkeztu dira, herriz herri. Gehienetan, herri bakoitzean ohikoak diren egunak eta ospakizunak baliatu dituzte. Hala egin dute, adibidez, Gorbeiaren magalean: Zigoitia Euskaraz-en barruan, Mairuelegorretan egin ohi den Euskal Jaiaren bezperan aurkeztu dute hamaikakoa, Bocabeats taldearen umorearekin lagunduta. Legution, bestalde, Kofradien jaiak baliatu dituzte aurkezpena egiteko. Añanan, Euskaraldiaren trena baliatu dute eskualdeko euskaldunen sarea osatzeko.

Orain artekoak, baina, ez dira aurkezpen ekitaldietara mugatu Formazio saioak ere burutu dira. Asmoa da hamaika egun horiei, aurrekoei eta ondorengoei ahalik eta probetxu gehien ateratzea. Norabide horretan, hainbat herritan tailer bereziak prestatu dituzte. Solaskide bat euskaraz eta bestea erdaraz ariko diren egoeretan modu egokian jokatzeko berariaz prestatutako saioak dira. Besteak beste, Lautadan egin dituzte horrelako tailerrak. Oporren aurretik halako 12 saio egin bazituzten, irailean beste 10 antolatu dituzte.
Herrietan ez ezik, arloz-arlo bidea egiten ari da Euskaraldia. Adibidez, kirolaren munduan. Arlo horri dagokion hamaikakoa aurkeztu dute asteon. Alabaina, ez dira aurkezpen hutsera mugatu: Gasteizko Europa Jauregian egindako jardunaldietan kirolean euskararen presentzia indartzeko bideak aztertu dituzte.

Hamaikako horren barruan daude Igone Martinez de Luna Euskara diputatua, Eneko Llanos triatleta, Maider Unda borrokalaria, Martin Agirregabiria futbolaria, Tessy Ebosele atleta, Aritz Itxioa taekwondista, Arrate Chillon sokatiralaria, Aitzol Antolin igerilaria, Amaia Kastresana Fernandez de Arangiz saskibaloi jokalaria, Itxaso Carrillo mahai-tenis jokalaria eta Sorkunde Vez curling jokalaria.

Izena emateko aitzakiarik ez dago, Arabako kuadrilla guztietan ekimena prestatzeko lan taldeak prestatu direlako. Halere, internet bitartez izena emateko aukera dago: izenematea.euskaraldia.eus webgunera jotzea besterik ez dago. 16 urtetik gorako guztiek parte har dezakete, ahobizi edo belarriprest rola hartuta, euskararen abenturan murgiltzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago