Gasteizko administrazio-auziko epaitegi batek atzera bota du Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioak Krea eraikina hirugarren bati lagatzeko eginiko operazioa. Epaiak EH Bilduko Miren Larrion zinegotziak aurkeztu zuen errekurtsoa kontuan hartu du.
Honekin hirugarren aldia da epaitegiek akordioaren kontra jotzen dutela; izan ere, duela hilabete batzuk EAEko Auzitegi Nagusiak EH Bilduren beste errekurtso bat ere onartu zuen, eta Udalak Vital Kutxarekin 2007an sinatu zuen lagapen-eskritura aldatzearen kontra ebatzi zuen. Aldaketa 2014. urtean egin zuten Vital Fundazioak eta Gasteizko Udalak, Betoñoko eraikina unibertsitate pribatu bati uzteko helburuarekin. Azkenean, unibertsitate pribatuak atzera egin zuen, baina eskrituraren aldaketa bere horretan mantendu zuten.
Orain, Gasteizko epaitegiak ebatzi du aldaketa egiteko arrazoiak ez direla behar bezala arrazoitu, eta "interes orokorra" bermatu beharrean, Vital Fundazioaren "finantza arazoak" arintzeko asmoa dagoela ematen duela. Epailearen arabera, lagapen-eskrituran eginiko aldaketaren helburua Vital Kutxa finantzatzen laguntzea da, "eraikinaren besterentze partziala edo erabatekoa baimenduz, eta jatorrizko helburuetatik urrunduz", eta hain zuzen erabilera publikoa alde batera utziaz.
Epaia hamabost eguneko epean errekurritu daiteke. Dena dela, EH Bilduk Gorka Urtaran Gasteizko alkateari eskatu dio Krearen inguruko epaiari helegitea ez jartzeko eta eraikinaren etorkizuneko erabilerak "interes orokorra izan dezan defendatu dezala". Udal taldeak alkatearen agerraldia eskatuko du eta EH Bilduren Batzarkide taldeak Ahaldun Nagusiaren eta Vital Fundazioko lehendakariaren agerraldia ere eskatuko dute.
"Urtaranek Marotoren bidea hartu zuen Vital Kutxari faboreak egiteko eta irabaziak izango zituen hirugarren bati lagatzeko, interes orokorrak defendatu beharrean. Azken urteetako EH Bilduren ahaleginari esker erabakia baliogabetzea lortu dugu eta Kreak kontrol publikoa berreskuratu du" esan du Kike Fernandez de Pinedok.