Datozen egunetan Vital Fundazioak eta INT Campus-ek adostuta zuten alokairu kontratua bertan behera utziko dute, eta hortaz, Krean ez da unibertsitate pribaturik egongo. Vital Fundazioaren presidente Jon Urrestik konfirmatu du gaur Radio Vitorian, eta kontratua apurtzeko arrazoiak argitu ditu: "inbertitzaileek proiektua berriro planteatu dute eta eraikina handi geratu zaie".
Horrela, Vital Fundazioaren jabetza den eraikina libre geratu da berriz ere. "Gure asmoa eraikina zabaltzea da, bizitza eman nahi diogu", adierazi du Urrestik. Horregatik, "landutako proposamen serioak" aztertzeko prest daudela gaineratu du. Erabilerari dagokionez, "ez du zertan kulturara bideratutako proiektu bat izan behar, hezkuntzara edo ikerkuntzara zuzendu daiteke".