Euskal Herriarekin lehen harremana udalekuetan izan zuen, hona etorri baitzen autismoaren inguruan lan egitera. Gustua hartu zion Euskal Herriari. Familiak erabaki hori oso ondo hartu zuela azaldu du Bendalak. "Ni etxeko txikiena izanda, batez ere gure amak pena pixka bat hartu zuen, ni joan izanagatik". Halere, hasieratik pentsatu zuten Euskal Herrian bizitzen saiatzea ideia ona zela. "Modu honetan, haiek ere Euskal Herria ezagutu dute, eta batzuetan haiek ere hona datoz, bisitan".
Etorri bezain pronto "maiteminduta" geratu zen Euskal Herriarekin. "Jendearekin, kulturarekin, berdearekin, eta jakina hizkuntzarekin ere".
Euskaraz ederki aritzen da, baina, bizitzaren paradoxak, esan du hizkuntzekin inoiz ez dela ondo moldatu. Euskara, ordea, "ikuspuntu erromantiko batetik" ikusi zuen hasieratik. Hizkuntza "polita eta berezia" zela ikusi zuen, kulturari guztiz lotuta. "Berehala konturatu nintzen euskal kultura ondo ulertzeko beharrezkoa zela hizkuntzara hurbiltzea". Hortaz, ikasteari ekin zion. "Ez nekien zenbat denbora emango nuen hemen, baina argi nuen aukera polita zela, eta aprobetxatu behar nuela".
Hitz egitean, lotsa gutxi izateak asko lagundu ziola argitu du. Ikasten ari zela, akatsen bat egitekotan, "barkatu, Andaluziakoa naiz eta ikasten ari naiz" esatearekin nahikoa zuen. Euskaltegian ikasi zuen, baina batez ere lagunekin eta pisukideekin asko praktikatu zuen.
Duela bi urte erabaki zuen Donostian zuen lan finkoa uztea eta Gasteizera etortzea. Orain, AEK-ko irakasle moduan egiten du lan. "Euskararen munduan lan egitea plazerra da, opari bat". Hizkuntzak gauza asko eman dizkiola dio, eta orain modua ikusten du hizkuntzari emandako hori bueltatzeko. "Gaur egun, neure burua definitzeko, euskalduna naizela esaten dut".
Donostiatik itsasoa faltan botatzen duela aitortu du, baina, gainerakoan, Gasteiz bizitzeko hiri erosoa eta aproposa dela iritzi dio. "Euskarari begira, Donostiako Antiguo auzoan errazago egiten zitzaidan euskaraz bizitzea. Hemen, hasieratik konturatu nintzen zailagoa izango zela". Halere, argi du Gasteizen euskara gero eta indar gehiago hartzen ari dela. "Prozesu hori barrutik ikustea oso polita da".