Leinu gerren inguruko azken ikerketen berri emango dute

Erredakzioa 2018ko maiatzaren 23a

Arabako dorretxeen inguruan benetako "tronu dema" izan zen. / Alea

Lautadako dorretxeei buruzko hitzaldia eta bisita gidatua antolatu dituzte larunbaterako. Diputazioak Martiodako dorretxean egindako esku-hartzearen emaitzak ere ikusi ahal izango dira.

Lautadako dorretxeak hobeto ezagutzeko hitzaldia eta bisita gidatua antolatu ditu larunbaterako AAI Arkeologiarako Arabar Institutuak. Goizeko 10etan jarri dute hitzordua, Mendozako dorretxearen alboan dagoen aparkalekuan, eta handik gutxira Erdi Aroan izan ziren leinu gerren inguruko hitzaldia eskainiko du Ismael Garcia-Gomez adituak. Gaiari buruzko azken aurrerapenen berri emango du bertan Erdi Aroko Historiako doktoreak. Ondoren, eremuko hainbat eraikin historiko bisitatuko dituzte: besteak beste, Mendozako eta Martiodako dorretxeak, eta baita Urrialdoko baseliza ere. Bisitaldian parte hartzeko izena eman behar da AAIn, ostirala baino lehen.

Egun horretan, Martiodako dorretxeak hartu duen apainketa berria gertutik ikusi ahal izango dute. Joan den astean eman ditu Aldundiak dorrean egindako zaharberritzeari buruzko xehetasunak. Eraikin historikoa kontserbatzeko 600.000 euroko inbertsioa egin du Aldundiak.

Kultura diputatu Igone Martinez de Lunaren hitzetan, "kaltetutako zatiak osorik berreskuratu dira, haren balioak gorde eta haren jatortasun edo benetakotasunaren funtsezko alderdiak aztertu dira balioa emateko eta etorkizunean ikertu ahal izateko".

1984an historia eta arte monumentutzat hartu bazen ere, egoera kaskarrean zegoen eraikina. Zenbait lekutan teilatua erorita zegoen, eta egiturazko beste osagai batzuk ere kaltetuta zeuden. 2016an hasi ziren egoera hobetzeko lanak; besteak beste, kaltetutako materialak ordezkatu dituzte, eta aurrealdea ere finkatu egin dute teknikariek.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago