Gasteizko iragana, begi berriekin ikusita

Juanma Gallego 2018ko api. 7a, 07:00
Gasteizko harresien historia gertutik jarraitu du arkeologoak. I. Garcia-Gomez.

Gasteizko hiriaren historia berrikusten duen proposamen indartsua jarri du mahai gainean Ismael Garcia-Gomez arkeologoak. Hiriaren garrantzia azpimarratzeaz gain, ikerketa lerro berria jarraitu nahi du: Arabako Konderriaren historia azalaraztea.

"Hormek hitz egingo balute…" askotan entzundako esana da. Ez da egia. Hormak mintzo dira. Horien lengoaia ezagutu baino ez da behar. Bereziki, eraikin historikoen paretetan ondo txertatuta dago historia. Hizkuntza hori ulertzen duen diziplinari arkitekturaren arkeologia deritzo. Beste hainbaten artean, tresna hori erabili du Ismael Garcia-Gomez arkeologoak Gasteizko iragana aztertzeko. Begirada berriarekin hurbildu da gaira. Eta ikuspegi osoa ikustea ezinezkoa bada ere, orain arte igarritako zipriztinek iragana berrikusteko bidea eman diote.  

Orain arte uste dena baino askoz garrantzitsuagoa da Gasteiz. Horrela laburbil daiteke ateratako ondorio nagusia. Arkeologoak 2012an defendatutako doktoretza tesia berrikusi eta publiko zabalari eskaini dio orain, liburu formatuan. 

Kontuz, baina. Bertan, irakurleak ez ditu aurkituko sute baten inguruan ilargi jainkosaren omenez dantzan ari diren arbaso zahar parekideak. Horretarako, badira "historikoak" omen diren eleberriak. Datu zurrunak aurkituko ditu. Zurrunegiak, zenbaitetan. Halere, datu horiek egiara hurbiltzeko bidea ematen dute. Baina testua orraztean arkeologoak dibulgazioa ere buruan izan duenez, interesa duen guztia hurbiltzeko modukoa da Vitoria-Gasteiz y su Hinterland izeneko lana. "Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen zerbitzutik esan didatenez, nahiko arraroa da doktoretza tesi bat hain ondo saltzea", esan du Garcia-Gomezek. 

 

Tesia osatzeko prozesua gogorra izan dela aitortu du adituak, lana eta idazketa tartekatu behar izan dituelako. Arkeologiaren munduan modu profesionalean dabilenez –EHUko GPAC Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeko ikertzaile izateaz gain, Enklabe Arkeologia enpresako kidea da ere–, hainbeste aldiz induskatutako materialetatik harago joan eta informazio hori jendearen esku jartzeko beharra ikusi zuen aspalditik. Hor abiatu zen tesia argitaratzearen beharra. 

 

Azterketa sakona

Gasteizko hainbat eraikinen inguruko ikerketa sakona egin du liburuan. Eraikin gehienak erlijioari lotuta daude, eta horietako batzuk desagertu dira jada: San Frantziskoko, Santo Domingoko eta Santa Klarako komentuak eta San Idelfontsoko eliza. Zutik dirauten elizak ere ikergai izan ditu: San Bizente, San Miguel, San Pedro eta Santa Maria katedrala. Azterketa burutzeko, eraikin horiei Arkitekturaren Arkeologiaren metodologia ezarri die. Aztarnategi batean estratuak dauden modu berean, eraikinetan ere historian zehar izandako esku-hartzeen ondorioak irakur daitezkeela azaldu du Garcia-Gomezek. "Eraikinean egon diren zaharberritzeak, handitzeak, suntsiketak… prozesu horiek guztiek estratigrafia bat sortzen dute eraikinean. Horren azterketak ahalbidetzen digu estratu bakoitza zehaztea eta eraikuntzaren sekuentzia tenporala ikustea". 

Egileak arreta berezia jarri du hiriko harresien bilakaeran. Horiek ematen baitute iraganeko hiriaren garrantzia. 2014an Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldeko kideek ezagutzera eman zutenez, Antso Jakintsuak 1181. urtean fundatu baino mende bat lehenago, Gasteizek bazituen harresiak. "Karbono-14 bidezko datazioei esker, jakin ahal izan dugu harresia forua baino mende bat zaharragoa dela. Beraz, Antso Jakintsuak aurkitu zuen hiria harresiduna zen. Eta hori, Erdi Aroan, asko esatea da: nekazari herriak, noski, ez dira gotortzen".

Bide beretik, hiriko bide zaharren pista jarraitu du ikertzaileak. "Beti uste izan dugu Antso Jakintsuak ekarritako arkitektoek eratu zituztela lehen kaleak, baina indusketetan ikusi dugu aurretik ere bazirela harriekin osatutako kaleak, eta harresiak eraiki baino 50-60 urte lehenago eraiki zirela horiek. Horrek erakusten digu bideen diseinua ez dela izan hirigileen lana, jendeak egiten zuen espazioaren erabileraren emaitza baizik. Gero, denborarekin, hori guztia ordenatuz joan zen". 

Detektibe lana

Bideen azterketa egiteak badu garrantzia. Izan ere, bide zahar horiei jarraiki ondoriozta daiteke nola antolatzen zen hiria. "Batez ere, bideek bat egiten duten lekuetan dago koska: bidegurutze horietan, ezinbestean, zerbait garrantzitsua zegoen". 

Detektibe baten antzera, bide horiek jarraitu eta leku zehatz batera eraman dute aditua. "Garaiko Gasteizko erdigunea hegoaldean egon behar zen: San Bizente eta San Migel elizen artean. Hor garrantzitsua zen zerbait bazegoen seguruenera: merkatu bat, hilerria, parrokia bat… batek daki".

Etorkizunean bertan induskatzeak aukera politak ireki ditzakeela uste du Garcia-Gomezek. "Katedralean induskatzen, VIII. mendera atzera egitea lortu dugu. Eta leku hori kokalekuaren kanpoko aldean dagoela dirudienez, hegoaldean arakatuz agian posible izango dugu garai zaharragoetara iristea". Gogoratu duenez, katedralean egindako indusketetan burdin zepak ere topatu ziren, eta horrek merkataritza sare bat zegoela esan nahi zuela uste dute ikertzaileek, Araban kalitatezko burdinik ez dagoelako.

Adituaren ustez, oraindik Gasteizko iraganaren inguruan ezusteko asko egon daiteke argitzeko. Etorkizunari begira, Arabako Konderriaren historian sakondu nahi du. "Iruñeko, Asturiaseko edota Gaztelako erreinuak jaio ziren momentuan, Arabako Konderri bat bazegoen. Bizkai osoa eta Gipuzkoako zati handi bat hartzen zuen konderri horrek". Adituak liburu zahar batean agertutako mapa erakutsi du. Etorkizunari begira, informazio hori dokumentazio arkeologikoarekin osatu nahiko lukeela dio. "Euskal Herriko historiari dagokionean, hau iraultzailea da guztiz. Beti ikusi izan da Gasteizko historia Gaztelaren eta Nafarroaren arteko tirabiren arteko ondorio bezala, baina ez dirudi hala izan zenik. Seguruenera, hemen bizi ziren nobleak Nafarroaren edo Gaztelaren alde lerratzen ziren, haien interesen arabera".  

Adituak Arabako Konderriaren mapa zabaldu du mahai gainean. XXI. mendeko geopolitikaren ikuspegitik, zaila dirudi Arabaren eta Bizkaiaren arteko lotura hori ulertzea. Lautada, alde batean. Kostaldea, beste aldean. Eta mendiak, erdian. Ez, ez dirudi logikoa. "Gaur egungo pentsamendu geografikoaren arabera aztertzen ari zara kontua", erantzun du arkeologoak. "Baina, pentsa ezazu garaiko garraioa gehienbat mandoen gainean egiten zutela". Alboan beste mapa bat jarri du: garaiko apezpiku-probintziaren mapa da: ia bete-betean bat dator aurreko maparekin.

Hirugarren argudio bat azaldu da solasean. Arabako antzinako euskara. "Mendebaldeko euskarari buruz Koldo Zuazok plazaratu duen tesiarekin txundituta nago. Ez soilik argudioaren logika filologikoagatik, antzinako Arabako eremu batekin bat datorrelako ere".

Filologia aipatuta, noizbait Arabako Konderriaren garrantzia babestuko duen dokumentu berririk agertuko al da? "Ez da beharrezkoa", babestu du adituak. "Informazioa egon badago, baina besteek idatzi dutena behin eta berriz errepikatu baino, jatorrizko iturrietara jo beharra dago, eta hori begirada berriarekin aztertu". Feminismoak emakumeen historia berrikusteko erabilitako irizpidearekin alderatu du kontua. "Testu horietan emakumezkoak baziren, baina feminismoaren begirada berria beharrezkoa izan da historian dauden emakumezkoak azalerazteko". Apaletara joan eta liburu bat ekarri du Garcia-Gomezek. Latin hutsean idatzita dago. "Arazoa ez da jendeak hau ez dakiela irakurtzen; arazoa da historialari asko ere halako liburuak irakurtzeko gai ez direla".

 

Gasteizko 'Hinterland' galdua

Mundu anglosaxoian, botere politiko batek duen eragin eremua izendatzeko erabiltzen den hitza da Hinterland. Gasteizek izan duen Hinterland-a ikertzea izan da, hain zuzen, Garcia-Gomezen asmoa. Denborarekin, eremu hori handitu zela eta gero berriro ere txikitu egin zela uste du ikertzaileak Lautadak aldi berean hiri bakar bat izateko gaitasun adina izan zuela dio: Iruña-Veleia, hasieran, Armentia gero, eta, azkenean, Gasteiz.Adituaren ustez, inoiz ez omen dira egon Lautadan bi hiri garrantzitsu aldi berean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide