Hala Bedik auzitara joko du, kazetari bati jarritako isuna dela eta

Erredakzioa 2018ko api. 18a, 13:08

Mozal Legea baliatu du Ertzaintzak Hala Bediri zigorra ezartzeko. / Hala Bedi

Hala Bediko kazetari bati Mozal legea baliatuz Ertzaintzak jarritako isuna epaitegietan errekurrituko duela iragarri du hedabideak.

Iazko maiatzaren 18an Errekaleorren argindarra mozteko Ertzaintzak egindako operazioa grabatzen ari zela, isuna jarri zioten Mikel Saenz de Buruaga Hala Bediko kazetariari, Mozal legea ezarrita.  

Kazetariak gertatutakoari buruz informatzeko sakelako telefono bat erabiltzen ari zela azaldu du Hala Bedik ohar batean, baina ertzain batek sakelakoa kendu eta lurrera bota zuela salatu dute.

Gertakariak izan eta bi hilabetera heldu zitzaion 602 euroko isuna kazetariari, Herritarren Segurtasunerako Legearen “urraketa larriagatik”. Ertzaintzak kordoi poliziala "indarrez" igaro eta "parean zeuden ertzainen aurka jotzea” leporatu zion Saenz de Buruagari.

Horren aurrean, Hala Bediko asanbladak isuna ez ordaintzea adostu zuen; ondorioz, azken zortzi hilabeteetan zehar hainbat errekurtso jarri dituzte. Halere, maiatzaren 28an Segurtasun Sailak isuna berretsi du, ebazpen zehatzaile baten bitartez.

“Alegazio guztiak baztertuta, Mozal Legeak zigortutako Euskal Herriko lehen kazetaria izango litzateke Saenz de Buruaga”, adierazi du hedabideak. Axier Lopez Argiako kazetaria izan zen, hain zuzen, halako isun bat jaso zuen lehena, baina azkenean zigorra kendu zioten.

Hala Bediko kideek iragarri dute “amaierara arte” iristeko prest daudela, eta, ondorioz, auzitara eramango dutela afera. Bestalde, Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean agerraldia egingo dutela azaldu dute, isuna bertan bahera utzi eta Legebiltzarrari Mozal legea ez aplikatzeko konpromisoa bete dezan eskatzeko.

Salaketa “Ertzaintzak egindako txosten faltsu” batean oinarritzen dela adierazi dute. Era berean, Eusko Jaurlaritzak “eskubide zibil eta politikoak urratzen dituen lege bidegabe bat” ezarri duela diote, “muntaia polizial” bati babesa emanez. “Mendekutzat” eta “informazio askatasunaren aurkako erasotzat” ere jo dute gertatutakoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago