Errekaleorreko argi mozketaren jarraipena egiten ari zela, Jaurlaritzaren arabera, Hala Bedi irratiko kazetari batek kordoi poliziala "indarrez" igaro eta "parean zeuden ertzainen aurka jo zuen". Hala, "agintariei desobeditzea" leporatuta, 602 euroko isuna ezarri diote.
Hala Bedik, bere aldetik, azaldu du ertzainetako bat irratiko kideengana hurbildu eta haien kontra "kolpeka eta bultzakaka" hasi zela, sakelekoarekin grabatzen ari zirelako. Kolpe eta bultzakada horien ondorioz, Hala Bediko kazetariari sakelekoa apurtu zioten, ohar batean zehaztu dutenez. "Kazetariak orduan, prentsa txartela erakutsi eta identifikatzeko eskatu zion poliziari. Honek, inongo azalpenik eman gabe, prentsa txartela eskuetatik kendu eta nortasun agiria eskatu zion Hala Bediko kideari. Azkenik, eta ahalegin askoren ondoren, txartelak itzuli eta ertzainak bere plaka zenbakia jakinarazi zion kazetariari, tonu mehatxagarrian honako hau gehituz: Sabemos quiénes sois, sabemos que sois del entorno radical".
Desobedientzia
Hala Bediko asanbladak hala onartuta, ez dutela isuna ordainduko adierazi dute. "Lege injustu bat den heinean, hau desobeditzeko legitimitatea daukagula uste dugu. Gauzak horrela, ez dugu isuna ordainduko eta epe ertainean prozesu juridiko bat abiatzeko asmoa dugula iragarri nahi dugu".
"Herritar guztiok dugu lege injustuak desobeditzeko legitimitatea. Mozal legea, lege horietako bat den heinean, herritarroi orokorrean eta kazetarioi ere erasotzen digu. Mozala jarri nahi diote gure lanari, gure informatzeko eskubideari. Baina ez, gu ez gaude prest horretarako".