Arratsaldeko zortzietan irakurriko dute San Prudentzio eta Estibalizko jaien pregoia Joselu Anaiak talde ezaguneko kideek, bidean diren ospakizunen atzerako kontaketari hasiera emanez. Estibaliz Ruiz de Azua kazetariak iaz egindako etxeko lanak aurten musikari ezagunei egokitu zaizkie.
40 urtez, Euskal Herriko errepideak urratu dituzte arabarrek. 1978an eratu zuten taldea, Asparrenean, baina hamarkada bat eman zuten haien lehenengo diskoa grabatu arte, De Alava a Jalisco izenburupean. Ordudanik, bide oparoa izan dute. Iaz bueltatu ziren estudiora, Beti eta betiko izeneko diskoa grabatzeko.
Joselu Ruiz de Gordoa taldeko kideak 2015ean eman zituen taldearen ibilbidearen berri elkarrizketa honetan.