Irribera jaitsi dira bostak bere kamioi erregaitzetik: Joselu, Javier, Andoni, Felix eta Jesus. Araiako Ruiz de Gordoa anaiak dira, Joselu Anayak bezala ezagunagoak. Gasteizko Boulevard merkatalgunearen ondoko aparkalekuan egin dute alearekin hitzordua, Lesakako Sanferminetara abiatu baino lehen. Hamabi orduko lanaldia dute aurretik, eta hogeita hamazazpi urteko kilometro-kontagailua atzetik, baina bere jarrera lurruntsuagatik, bere begitartetik darien adoreagatik, norbaitek pentsa lezake gaur gauean galduko dutela berbenetan birjinitatea.
Noiz eman zenuten denboraldiko lehen kontzertua?
Neguan, beti jo ohi dugu Idiazabalen, otsaileko San Blas jaietan.
Ordutik, zenbat kontzertu eman dituzue?
Uf! Kontua galdu dut. Lehen, egia esan, neguan askoz kontzertu gehiago eskaintzen genituen, dantzaleku askok orkestrak kontratatzen zituztelako musika zuzenean eskaintzeko. Hori galduz joan da, eta gaur egun batez ere kalean eta uda sasoian jotzen dugu, San Prudentziotik Pilarrera bitartean.
Duela ia berrogei urte hasi zineten berbenak egiten. Nolakoa izan zen hasiera?
Araian beti egon izan da musika zaletasun handia. Nire aitak trikitixa jotzen zuen, eta igande arratsaldetan nola aritzen zen entzuten genuen. Horrek gugan eragin zuen. Lehenengo, anai nagusia hasi zen akordeoiarekin, eta gure aitak Enrike Zelaiarekin bidali zuen ikastera. Gero ni hasi nintzen musika ikasten, eta gero beste hiru anaiak.
Non ikasi zenuten?
Araian hasi ginen, oso gaztetan, sei urterekin edo. Gero, Gasteizko kontserbatoriora joaten hasi ginen...
Orain alea dagoen eraikinera, garai batean ere Arte eta Lanbide eskola zegoen etxean...
Bai, hala da! Gero Bilbon eta Iruñean ikasi genuen ere, eta ni Madrilera joan nintzen ondoren, musika-ikasketak bukatzera.
Zu gaztea zinenean, nolakoak ziren dantzaldiak?
Ezberdinak ziren. Lehen, herri bateko jaietan, hiruzpalau egunetan zehar talde berak jotzen zuen egunero-egunero. Beraz, bertan egoten ginen hiruzpalau egunez. Hasieran, Araban aritzen ginen gu batez ere, gero Nafarroan jotzen hasi ginen eta pixkanaka Euskal Herri osoko herrietara joaten hasi ginen, Iparraldea barne.
Zuek zer berbena talde entzuten zenuten gazte zinetenean?
Oraindik gazte sentitzen gara! Urte asko ditugun arren...
Kar kar... Gazteagoak zinetenean orduan...
Garai hartan ez zegoen gure taldea bezalako askorik. Banda asko zeuden Araian eta inguruko herrietan: Agurainen, Etxarrin, Altsasun... baina oraindik oso talde gutxik jotzen zuten gitarra elektrikoa. Horretan, nire anaia oso azkar ibili zen, eta niri The Beatles-ena bezalako baxu bat erosi zidan, Paul McCartneyk zuenaren oso antzekoa...
Aitzindari izan zineten horretan...
Neurri batean bai, ordura arte dantzaldietan jotzen zuten talde gehienak metal eta haize instrumentuek osatuak zirelako. Bestalde, bertako doinuak jotzen eta euskaraz kantatzen hasi ginen gu, beti defendatu izan ditugulako gure sustraiak.
Anaiak zarete bostak. Senide izateak baditu desabantailak ofizio honetan, ala alde onak ditu batik bat?
Abantailak dituela uste dut. Anaiak izateaz gain, lagunak gara. Jakina, noizbehinka eztabaidak izaten ditugu, baina hori ona da, eztabaidetatik beti sortu ohi delako zerbait positiboa. Elkar ezagutzen dugu, eta adibidez nik egun txar bat baldin badut, nire anaiek esaten dute: 'Utz dezagun gaur Joselu pixkat lasai...'. Egun gogorrak daude, lo gutxi egiten ditugun egunak... eta elkar ondo ezagutzea lagungarria da une zailak gainditzeko.
Gutxi lo egiten duzue udan... Nolakoa da berbenetako musikarien bizitza? Ordutegiak ere alderantziz dituzue.
Zorionekoak gara, gure familiek ezagutu gintuztenerako horrela bizi ginelako jada, eta ohituta daude. Adibidez, gu gabe joaten dira oporretan udan, kontzertu asko ditugulako. Nola geratuko dira ba uda osoan zehar etxean, gutaz kezkatzen.
Ba al dago Araban jo ez duzuen herriren bat?
Ez dakit... kar kar. Pentsa, Urbiako landetan ere jo dugu! Jai polita egiten da bertan San Ignazio egunean, arabarrak, nafarrak eta gipuzkoarrak elkartzen dituena... Oñatiarrak tematu ziren gu han goian jo genezan. Ezetz esaten genien guk, ezin izango ginela haraino gure kamioiarekin igo, baina, setatuta, materialak haiek igoko zituztela esan ziguten, eta traktoretan eraman zuten goraino material guztia... Jendeak ezin zuen sinetsi.
Euskal geografía goitik behera ezagutzen duzue. Plaza kuttunen bat al duzue?
Asko dira! Euskal Herrian bazter oso ederrak ditugu, eta ez nintzateke ausartuko bat aipatzera. Hori bai, batzutan hiru etxeko herri bateko erromerian giro benetan berezia egoten da, oso anai-artekoa, lagunkoia...
Publiko ezberdinak ezagutu dituzue ere. Asko aldatu al da azken 30 urteetan berbenak bizitzeko publikoaren modua? Alde handia al dago leku bateko edo besteko jarraitzaileen artean?
Bai, aldeak egoten dira, baina guk zorionez badugu publiko mota bat oso fidela... Gauzarik politenetako bat da ikustea familia berean belaunaldi ezberdinetako zaleak ditugula. Jendea hurbiltzen zaigu, esanez bere aitonak oso gustuko gintuela, eta orain haiek jarraitzen gaituztela...
Aurten aspaldiko partez lehen aldiz ez zarete Judimendiko jaietan egon, beste herri batean omen zeundetelako...
Ez, ez bagara joan, antolatzaileek nahi izan ez dutelako izan da. Ia 30 urtez jo izan dugu Judimendiko jaietan, baina aurten txosna batzordeak aldaketak egin nahi izan ditu.
Jarraitzaile batzuk protesta egin zuten.
Ez dut horren berri gehiegi izan. Erabakiak apur bat mindu gintuen arren, ez dugu arazorik, gauzak horrelakoak dira eta aurrera jarraitu behar dugu.
Ez zarete bertsioak egitera mugatzen, eta zortzi disko argitaratu dituzue. Zeintzuk izan dira zuen musika ibilbidearen mugarriak?
Kolore askotako publikoa dugu, eta beraz gure errepertorioa ere oso zabala da. Beti gustatu izan zaigu gure kanta propioak konposatzea, eta asko ditugu. Batzuk ahaztu ere egiten zaizkigu. Diskoak kaleratzen hasi baino lehenagoko abestiak ditugu, oraindik argitaratu gabeak. Agian noizbait plazaratuko ditugu, nahiz eta gaur egun diskoak ateratzeko garai zailak diren.
Nola aldatu da dantzaldietako musika?
Azkenaldian, adibidez, euskal dantza gero eta gehiago eskatzen dizkigute. Garai batean zortziko ugari jotzen genituen Iparraldean eta Nafarroan, baina Araban ez zen hain ohikoa dantza zaletasun hori. Gaur egun, ordea, arrakasta handia daukate euskal dantzen doinuek.
Zeleek ere eskaerak egiten dizkizuete, ezta?
Bikoteak gerturatzen zaizkigu, adibidez, Eperrak edo beste kanta batekin maitemindu zirela esanez, eta jo dezagun eskatuz... Memoria lan handia egin behar dugu batzutan, baina publikoa oso esker onekoa da.
Badituzue ere hutsezinezko kantak: 'Anselma', 'Marina', 'Baskonia'… baten batek gogaitu al zaitu?
Guk disfrutatzen jarraitzen dugu. Publikoak motibatzen gaitu.
Uda honetan zeintzuk dira zuen hit-ak?
Lehen, udako kantak egoten ziren, baina gaur egun joera hori ahuldu da. Beste toki batzuetan bai, baina hemen gaur egun ez daude halako udako arrakastak.
Nola lan egiten duzue urtean zehar? Konposatu, kantak moldatu, entsaiatu...
Neguan ekipoak berritzen ditugu eta kamioiaren matxurak konpontzen ditugu. Bestalde, Araian entseguak egiten ditugu, eta garai bateko kanta zaharrak gogoratzen ditugu, zenbait tokitan eskatu ohi dizkigutelako eta memoria freskatu behar dugulako. Iparraldean, adibidez, kanta zaharrak eskatzen dizkigute 'zikiro' izeneko afari herrikoietan.
Euskal kulturaren zabalkundean eginkizun garrantzitsua duzue. Zein da zuen ustez Joselu Anayaken ekarpena?
Hobe litzateke hori jendeak baloratzea. Gu beti saiatu izan gara, ahal dugun neurrian, euskaraz kantatzen eta bertako abestiak jotzen. Garai batean oso talde gutxi ginen euskaraz kantatzen genuenak: Akelarre, Egan, Nekez...
Talde horiek desagertuz joan dira. Zuek ez duzue erretiratzeko asmorik, ezta?
Gogoa, osasuna eta indarra dugun bitartean, oholtza gainean jarraituko dugu bost anaiok.
Eta Joselu noizbait desagertzen bada, zer? Lekukoa hartzeko moduko talderik egongo dela iruditzen zaizu? Talderen bat ikusten al duzu zuen ordezko moduan?
Egongo da baten bat, seguru!
Oraingoz ez duzue lehiarik...
Kar kar, ahal dugun bitartean guztia ematen jarraituko dugu.