Gaur estreinatuko dute Miguel Gutierrez-Garitano esploratzaile gasteiztarraren eta haren taldearen bizipenak biltzen dituen En busca de la ciudad perdida dokumentala. Gasteizko Florida zinemetan izango da lehen emanaldia, 20:20ean, baina datorren astean ere ikusi ahal izango da. Nerea Garcia eta Aitor Gonzalez de Langarica gasteiztarrek osatzen duten Area Audiovisual enpresak ekoiztu du dokumentala.
2015ean eta 2016an Perura egindako espedizioetan gertatutakoa biltzen du filmak. Bidaia horietan, Vilcabambako mendietan inken santutegi bat aurkitu zuten euskal esploratzaileek. Eskualdean aberastasun arkeologiko eta natural "itzelak" dauden arren, inguruetan aritzen diren droga trafikatzaileen jarduerak asko zailtzen du hara bertaratzea, Gutierrez-Garitanok ALEAri eskainitako elkarrizketa batean esandakoaren arabera.