Jarraipen zabala izan dute hezkuntza publikoaren bi greba egunek

I.Estarrona eta S. Fdz de Arangiz 2018ko mar. 15a, 14:28

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoaren irakasleen %70-75 inguruk bat egin dute bi egunetako grebarekin, sindikatuen arabera.

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoak atzo eta gaurko deitutako greba egunek jarraipen zabala izan dute. Atzo, esaterako, EAE mailan grebaren jarraipena %75ekoa izan zen, mobilizazioak deitu dituzten sindikatuen arabera. Gasteizen asteazken eguerdian egin zen manifestazioak 4.000 lagun inguru bildu zituen.

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuak, esaterako, pozik agertu dira sektoreko langileen erantzunarekin. Lehen egunean, asteazkenean, irakasleen artean, jarraipena %70koa izan zen, LABen arabera. STEILASek eta ELAk %75ekoa izan zela diote. Gainontzeko arloetan jarraipena baxuagoa izan da, batez ere, aurreko astean LABek ez duelako grebarekin bat egin. Hala ere, jarraipena "garrantzitsua" izan dela esan du STEILAS sindikatuak. Heziketa Berezian %60ak egin zuen greba; Sukalde eta Garbiketa arloan, %65ak; Haurreskolak Partzuergoan hezitzaileen artean, berriz, ia %30k, LABek ordezkaritzaren %60 izan arren.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, atzo grebaren jarraipena %42,9koa izan zen irakasleen artean, %24,5ekoa Hezkuntza Berezian, %17,1ekoa sukalde eta garbiketa sektorean eta %15,6koa Haurreskoletan.

Bigarren greba eguna

Osteguneko grebak ere antzeko jarraipena izan du. Sindikatuen arabera, irakasleen %70ak egin du greba; %60koa izan da Hezkuntza Berezian, %65ekoa sukalde eta garbiketan eta %30ekoa Haurreskolan. LABen esanetan, ordea, grebaren jarraipena txikiagoa izan da hiru sektore horietan: %26koa Hezkuntza Berezian, eta % 0koa sukalde eta garbiketan eta Haurreskolan.

Mobilizazioekin aurrera

"Deitutako kolektiboen erantzuna eta mobilizazioen neurria ikusita, deialdiak interpelazio zuzena egiten dio Hezkuntza Sailari negoziazioetan aurrera egin dezan; euskal eskola publikoaren premiei benetako konponbidea emango dioten neurrietan oinarritutako negoziazioa", azaldu du STEILASek.

LABek ere dei egin dio Hezkuntza Sailari, "irakasleen mahaia deitu eta eduki berriak aurkezteko". "Norabide horretan mahai gainean dagoena zehaztu, garatu eta zorrozteaz gain, ordezkapenen, ratioen eta baliabide gehigarrien inguruko proposamen sendo eta serioak faltan botatzen ditugu".

Gaurko deialdiaren jarraipena ikusita, grebekin eta mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi du ELA sindikatuak, "arlo bakoitzeko aldarrikapenei erantzun ezean".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago