Arabako pentsionistak berriro irten dira kalera, eta ez dira bakarrik egon; gazteak, langileak... batu dira manifestaziora. Otsailaren 22ko manifestazio jendetsuan bezala, oraingo honetan ere, pentsio publiko "duinak" eskatuko dituzte, eta %0'25eko igoera "iraingarria" salatu dute.
Manifestazioa jendetsua izan da; 20.000 lagun inguru elkartu dira. Arabako pentsionistak Gasteizera etortzeko deia egin diete, ez bakarrik Arabako pentsiodun guztiei, baita langile eta gazteei ere, "arazoa pentsiodunen interesekoa bakarrik ez delako".
Mobilizaziorako deialdia Arabako Pentsionistak Lanean eta Bizitza duinaren alde elkarteek egin dute. Pentsio publikoen sistema defendatzea "hil ala bizikoa" dela ohartarazi dute bi elkarteek, baina ez bakarrik "zaharrontzat, gazteontzat ere".